Argazki kazetaritzaren hiriburua

World Press Photo lehiaketako lanak eta Reuters agentziaren 'Gaur egungo mundua' erakusketa ikusgai daude GasteizenPeriscopio Nazioarteko Argazkilaritza Jaialdiak irudiez beteko ditu hiriko kaleak

World Press Photo lehiaketa irabazi zuen argazkia Gasteizen ikus daiteke egunotan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bibi Aisha 18 urteko emakume afganistandarrari egindako argazkiak mundua zeharkatu du. Sudurra moztu zion senarrak, haren esanak ez betetzeagatik. Talibanek ezarritako zigorra izan zen. Aishari egindako argazkiarekin 2010eko World Press Photo lehiaketako sari nagusia lortu zuen Jodi Bieber Hegoafrikako argazkilariak. Irudi hori eta sariketan hautatutako beste batzuk ere ikus daitezke egunotan Gasteizen, Periscopio Nazioarteko Argazki Kazetaritza Jaialdian.

Abenduaren 11ra bitartean argazki kazetaritzaren hiri bihurtuko da Gasteiz, eta areto eta kaleak irudiz beteko dituzte, jaialdiaren seigarren aldian.

Bederatzi erakusketak osatzen dute Periscopio, eta horien buru World Press Photo erakusketa entzutetsua dago. Bederatzigarren urtez erakutsiko dituzte lehiaketan saritutako argazkiak Arabako hiriburuan. 125 herrialdetako 5.700 erreportarik 108.000 argazki aurkeztu zituzten aurtengo lehiaketara; horietatik 163 argazki aukeratu zituzten erakusketa osatzeko, eta atzotik jada horiek guztiak daude Gasteizko Hiria Gunea areotan.

World Press Photo erakusketarekin batera, Reuters agentziarena da jaialdiko ohiko beste erakusketa bat. Iazko munduko gertakari nagusiak biltzen ditu Gaur egungo mundua erakusketak, eta estetika eta informazioa batzen dituzte irudiek: dramak, ilusioak, hondamendiak eta bitxikeriak topatuko ditu bisitariak. Formatu handiko argazkiak dira, eta aire zabalean jarri dituzte, Espainia plazan.

Herrialdeetako gatazkak

Munduko herrialde askotako gatazkak biltzen dituzte Periscopio osatzen duten erakusketek. Iaz herrialde arabiarretan izandako matxinadek egunkarietako azal asko bete zituzten, herritarrak diktaduren aurka altxatu zirenean. Egipto, Yemen, Bahrein eta Libian ibili zen Yri Kozyrevek Noor agentziako argazkilari errusiarra matxinada haiek irudietan biltzen.

Venezuelako errealitatearen berri ematen du, bestalde, Caracas, zeruaren sukurtsalak; hain zuzen ere, herrialdean gertatzen diren hilketa bortitzen gaia landu du Lurdes R. Basoli argazkilariak. Minuturo bederatzi lagun hiltzen dira bortizki Venezuelan, baina gobernuak debekatu egin dio herrialdeko egunkari nagusiari hilotzez betetako gorputegien argazkiak argitaratzea.

Apurtutako ametsa argazki bilduman Israelgo ikuspegia eraman du Gasteizera Pierre Terdjman argazkilariak. Israel modernoaren ezohiko irudia ematen du: herrialdera joan diren eta gizarteak baztertu dituen juduena.

Ingalaterra eta Txina herrialdeak ere aipagai dituzte Gasteizen egun hauetan daudenirudiek. Glamourrik gabeko Ingalaterra erakusten du Peter Dench argazkilariak. Dena harrapatzen du Denchen objektiboak, eta dena erakusten du erakusketak, gizarte ingelesa eta, bereziki, hango usadio eta ohitura zakarrak.

Eusko Legebiltzarrak Txinako irudiak bildu ditu. Asiako herrialdeko kontrasteak ondo baino hobeto erakusten dituzte Reuters agentziako hogei argazkilarik.

Alternatibak eta Vanity Fair, 100 urte. Argazkilaritzako maisuak erakusketek osatzen dute Periscopio. Lehenak bizitzeko hiru gizarte klan ezagutarazten ditu. Eta bigarrenak Vanity Fair aldizkarian argitaratutako pertsonaien azterketa egiten du.

Salatzeko eta protesta egiteko irudiak dira Periscopion bildu dituztenetako asko, Bibi Aisha gehiago egon ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.