Gabriela Zendoia Bergaretxe. Bildumagilea

«Argazki liburuak bizi izan ditugun garaien erakusleiho garrantzitsuak dira»

Donostiako San Telmo museoko liburutegian ikusgai dago Zendoiaren argazki liburuen bilduma: 3.100 ale baino gehiago. Erakusteko dira, eta irakasteko dira. Pasioaren eta obsesioaren mugan, urteetan egindako inurri lanaren emaitza da harena.

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ia egunero egiten dio bere bildumari bisita. Hartzen du kazetariak argazki liburu bat eskuetan, eta segituan dator jabearen arrapostua. «Geldiarazi nazazu; ni, bestela, ez naiz sekula geldituko». Ale bakoitzak du bere historia, eta denen historia daki Gabriela Zendoia Bergaretxek (Donostia, 1958). Betaurreko gorri horien atzean ezkutatzen du asko jakin baina jakintsuegi agertu nahi ez duenaren umiltasuna.

Zeintzuk dira artearekin eta literaturarekin lotutako zure lehen oroitzapenak?

Familian lotura estua izan dugu beti liburuekin. Ama oso gaztea zela hil zen, eta aita ere, nik 15 urte nituela. Baina gogoan dut aitak lauzpabost egunkari irakurtzen zituela egunero, eta liburu eta saiakera bilduma handia genuela.

Zer ofizio zeukan zuen aitak?

Arkitektura ikasi zuen, baina ez zuen inoiz arkitekto gisa jardun. Haren aitak, nire aitonak, hamar seme-alaba zituen, eta oso ekintzailea zen. Egurraren industriarekin lotutako negozio bat zeukan Egia auzoan, baina 1925ean Bordelerajoan zen [Okzitania], esan ziotelako bazegoela han lursail bat salgai, baso eder batekin. Mahasti bat zeukan lursail hark, eta erosi egin zuen. Joan-etorrian ibili zen familia urte askoan. 1936ko gerra iritsi zen, eta, gerraren ostean, nire aitari egokitu zitzaion mahastiaren ardura hartzea. Ez zekien ezer enologiari buruz; mendia zuen gustuko.

Horregatik ikasi zenuen zuk Bordelen?

Bi senide ginen: anaia eta ni. Gurasoek gu Donostian jaiotzea nahi zuten, eta horretarako etorri ziren. Baina gure haurtzaro guztia Bordelen egin genuen.

Artearen historia ikasi zenuen.

Gogoan dut 14-15 urte nituela. Italiera ematen zigun irakasle batek hitz egin zigun lehen aldiz pinturari buruz. Barruraino iritsi zitzaidan, eta arte garaikidearen inguruko interesa piztu zidan. Pintura liburuak erosten hasi nintzen.

Baina ikasketa haietan ez zen argazkilaritza asko jorratuko...

Gutxi. Asko jota, Cartier-Bressoni buruz hitz egiten zizuten.

Non sortu zen, orduan, argazkilaritzarekiko lotura hori?

Bordeleko erakusketetan.

Izan ere, beste mundu bat izango zen hura garai hartan...

Bazegoen arte garaikideko zentro bat oso ona eta abangoardista—oraindik ere hala da—, arte ederren museoa, arte galeriak, katalogoak... Argazki liburuak ez ziren oraindik existitzen.

Argazkilari izateak ez zintuen inoiz tentatu?

Ez. Eta ateratzen ditut argazkiak, eta jartzen ditut batzuk Instagramen, sekulako lotsarekin. Baina niri liburuak gustatu izan zaizkit beti, objektua bera, euskarri fisikoa, eta hura esku artean izatea.

Gogoan duzu lehenengoa?

Ez daukat ondo gogoan, baina 1980ko hamarkadaren amaiera izango zen: Bernard Faucon argazkilari frantziarraren erakusketa bat, Bordelen. Liburua erosi nuen, eta sinatu egin zidan. Oso argitalpen zaindua zen. David Hockneyren beste bat ere badut gogoan —hemen dago, erakusketan—. Margolari gisa ezagutzen nuen nik, baina atera zuen collagebat, argazkiekin, eta asko gustatu zitzaidan. Ez ziren izatez argazki liburuak ere.

Izan ere, zer dira argazki liburuak? Katalogoekin nahasten ditu oraindik jendeak?

Bizitza guztia daramat esplikatzen, eta behar den guztietan esplikatuko dut. Bilduma hau San Telmo museoan egotearen arrazoietako bat ere horixe da: argazki liburuak zer diren erakustea. Autore baten liburuak dira, istorio bat kontatzen dutenak, narratiba bat dutenak, kontzeptu baten edo batzuen inguruan eraikiak, eta argazkien bidez kontatuak. Eta osagai bakarrak ez dira argazkiak. Liburuak izaki, badute edizio bat, diseinu bat, narrazio bat, irakurketa bat... Ez da gauza bera argazki bat liburuaren hasieran jartzea, erdian jartzea, edo amaieran jartzea. Argazkilariak intentzio batekin egiten ditu gauzak, eta diseinatzaile batek laguntzen dio askotan.

Irakurri egiten dira, alegia.

Eleberriak bezala, baina argazkien bidez kontatuta. Izan dezakete testua, baina ez da beharrezkoa. Eta ez, ez dira katalogoak. Katalogoak dira erakusketa baten oroitzapen bat, noiz egin zen eta zer erakutsi zuten jakiteko.

Argazkilarien promoziorako ere balio du argazki liburuak?

Egon dira krisi garaiak, eta belaunaldi jakin batzuetako argazkilariek ez dute aukerarik izan euren argazkiak galerietan-eta erakusteko. Aldiz, digitalizazioak abantaila batzuk ekarri ditu: argazkiak inprimatzea errazagoa da, autoekoizpenerako erremintak sortu dira... eta argazkilari askorentzat argazki liburua tresna bat bihurtu da, bestela iritsiko ez liratekeen toki batzuetara iristeko. Erakusketa amaitu egiten da, baina liburua hor gelditzen da.

Fenomeno berria da?

Duela 15 edo 20 urte sortu ziren argitaletxe independente horiek, eta autoekoitzitako argazki liburu asko. Zirkuitu alternatibo baten modukoa da. Badirudi orain badagoela halako atzera itzuli nahi bat, artisautzara bueltatu nahi bat. Ni paperaren maitale bat naiz.

Baina gazteek esango dizute: «Argazkilari horren argazkiak ikusi nahi baditut, haren Instagram kontuan sartu eta kito».

Gazteen kontsumitzeko era halakoa da: bat-batekoa eta azkarra. Instagram, Tiktok... baina badaude gazteak ere argazki liburuen alorrean oso gauza interesgarriak egiten dituztenak. Ez dira milaka, baina liburu azoketara noanean, ikusten ditut. Erakarri behar dira gazteak. Argazki liburuak garestiak dira, baina badaude egiteko modu merkeagoak, badaude fanzineak, badaude bideak horretarako ere.

Zure bilduma museo batean jartzeak balio du horren guztiaren pedagogia egiteko?

Hori da. Zeren honetan gabiltzanok tribu bat gara, mikrokosmos bat. Galerietan eta itzulpengintzan aritu izan naiz ni. Erakusgai jartzearen ideia hori zen: jendea erakartzea, eta mundu hau ezagutaraztea. Ez dute sarrerarik ordaindu behar erakusketa ikusteko, liburutegian dago, eta liburuak kontsultatu egin ditzakezu.

Argazki liburuen mundu hori sasoiko dago oraintxe?

Egon zen boom moduko bat, baina iritsi ziren krisialdia, pandemia... Egia da mundu guztiak erabili eta partekatzen dituela argazkiak, baina egia da, era berean, argazki liburuen publikoa oso murritza dela. Liburuak denbora behar du, baina objektu perfektua da: esku artean hartzen duzu, zurekin eramaten duzu, maite duzunari uzten diozu... Garai hauetan, ordea, azkar nahi ditugu gauzak, asimilatzeko denborarik gabe behar ditugu gauzak, eta, horregatik, ero apur batzuk gara hau guztia nahasten dugunak.

Baina inoiz esango zenuen: «Kito, planto, hauekin nahikoa».

Ez, ez [barrez]. Hau ez da sekula gelditzen, hemen ez dago plantorik. Liburuak irten eta irten ari dira. Azken 20 urteak daude bilduman jasota. Bizi izan ditugun garaien erakusleiho garrantzitsuak dira argazki liburuak.

Historia irakurtzeko eta ulertzeko ere balio dute?

Liburu garaikideak dira, eta argazkilariek egiten dituzte. Haietan islatzen dute krisia, genero indarkeria, emigrazioa, gerra... Badaude liburu kontzeptualagoak, intimoagoak... Une jakin baten erakusleihoak dira argazki liburuak; eta bizitza horietan dago.

Euskal argazkilarien argazki libururik badago?

Jon Cazenavek oso lan garrantzitsuak egin ditu. Gazteagoak ere ari dira lanean: Jon Gorospe, Elena Goñi, Nagore Legarreta...

Emakumezko argazkilarienak ere asko daude zure bilduman.

Zoritxarrez, gizonezkoenak dira gehiago, baina emakumezkoenak asko daude. Datu gisa esango dizut: gai honen inguruan San Telmo museoak antolatzen dituen bilkuretan eta ekintzetan, %80 emakumezkoak dira.

Eta bildumagileak? Baldintzatu du zure jarduna emakumezkoa izateak?

Ez. Egia da argazki liburuen azoketara zoazenean ia denak gizonezkoak direla. Madrilen, Parisen, Arlesen... oso emakumezko gutxi ikusi izan ditut. Bildumagileen mundua gehiago izan da gizonezkoena, baina horrek ez nau sekula baldintzatu. Hau gehien baldintzatzen duena da oso mundu endogamikoa dela: argazkilariak direla argazki liburuak erosten dituztenak. Ni ezberdina izan naiz, alde horretatik.

Non dago bildumaren eta obsesioaren arteko muga?

Nire kasuan, ez dago mugarik [barrez]. Nirea obsesioa da, eta aitortzen dut. Apur bat frikia izan behar duzu honetarako. Nirea erabateko arduraldia izan da. Azoketan ez bada, Interneten, autoreei eta argitaletxeei segika, orduak eta orduak egiten ditut.

Bildumagile hitzak ez ote dauka halako lotura bat elitearekin, diruarekin? Alegia, dirua sobran duzula, eta honekin guztiarekin aberastu egin zarela.

Aberastu? Honekin majo pobretu naizela esango nuke [barrez]. Badago jendea ostiralero irteten dena kopa batzuk hartzera, edo larunbatero afaltzera, edo igandero zinera. Ni ere ez naiz ermitau baten modura bizi, baina nire dirua argazki liburuetan gastatzen dut.

Bada esaldi bat: «Ez dago artistarik eroslerik gabe, eta ez dago bildumagilerik obrarik gabe».

Hala da. Liburuak argitaratu dituen egilerik ez balego, ni ez nintzateke hemen egongo. Haiena da obra. Ni txalupari moduko bat naiz: artista publikoarekin elkartzen dut. Horren interesgarria iruditzen zaidan obra hori erakustea gustatzen zait; normalean, ezezaguna izaten delako. Argazkilariak ezagutuz aberastu egin dut neure burua. Oso lotsatia naiz. Etxean egoten nintzen sartuta, nire liburuekin, eta honek sekulako bizitza bizitzeko aukera eman dit. Mundu bat zabaldu dit. Ikasten ari naiz une oro.

Komikien bilduma bat ere badaukazu? Manuel zure anaia zenarena?

Etxean dauzkat gordeta. Komikiak dira, eta haurrentzako ipuinak. Zoragarriak dira. Argazki liburuekin hasi aurrekoak dira.

Diskoak ere bai?

Ehunka dauzkat. Argazki liburuen gisara: eklektikoak. 1980ko eta 1990eko hamarkadakoak asko. Adibidez, joan den egunean, Television taldeko gitarra jolea hil zen: Tom Verlaine. New Yorkeko talde abangoardista bat izan zen, oso gustukoa, eta bilduman dago.

Gomendioren bat argazki liburuen munduan apurka hasi nahi duenarentzat?

Argi samar eduki behar duzu zer gustatzen zaizun: paisaiak, argazkilaritza soziala, aktualitatea... Erakartzen zaituen horretara jo. Hor goian [San Telmo museoko liburutegian] dagoen erakusketara joaten bazara, liburu asko daude, eta nora begiratu nahi duzun ez badakizu, mareatu egingo zara, eta betekada handia hartu.

Jaso duzun azkena?

Camilla de Maffei argazkilari italiarraren Delta izeneko lana. Ediciones Anomalas izeneko argitaletxearekin atera du liburua, eta eder-ederra da. Danubio ibaiaren delta jaso du argazkitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.