Patxi Laskarai

«Argazkia errealitatearen interpretazio bat da»

Hertsiki lotua da Patxi Laskarairen lana artearekin, baina ez du artistaren etiketa gustuko. Donibane Lohizunen duen saltegian, hiri eta paisaia argazkiez gain, ezkontza argazkiak erakusten ditu. Hori du-eta ogibidea.

Joanes Etxebarria.
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Mendikotako Algareki galerian erakusketa estreinatu zuen joan den astean Patxi Laskarai Lekunberriko (Nafarroa Beherea) argazkilariak. Kazetarien galderei erantzutea ez zitzaion atsegina; baina, hala ere, ez zen isilik geratu egindako galderen aurrean.

Zu argazkilaria bai, baina artista zara.

Ez batere. Sobera errespetatzen ditut artistak. Hitz guztiek badute beren inportantzia edo beren pisua.

Baina zure argazkiak artistikoak direla erraten badizut, ados zara?

Ez, argazkiak dira.

Baina argazki ezberdinak badira, errealistak, abstraktuak...

Argazkiak ez dira sekula biziki errealistak. Argazki batean ez duzu errealitatea ikusten, bakoitzak badu ikusmolde bat. Ezarri bizpahiru pertsona paisaia baten aitzinean, sekula ez dute gauza bera ikusiko; batek lehenik etxea ikusiko du, besteak pentzea edo norbait... argazkia errealitatearen interpretazio bat da.

Euskal Herrian nor da, beraz, argazkilari eta artista aldi berean ?

Schommer, Aitor Ortiz...

Zure argazkietan ez da inor ageri... gizakia ez duzu maite?

Guti... badut problema bat jendeekin, bai, beharbada. Zuri da erratea, zure ustez, zergatik ez dira agertzen?

Beraz, paisaia edo arkitektura argazkietan asmatu behar dugu hortik jendea pasatu dela?

Bai beti jendearen lana da. Ez du balio erakustea gizon bat bere lana ikusteko.

Normalean jendea argazki tresnaz beldur da; zure kasuan alderantziz da, zuk duzu jendea argazkiz hartzeko beldurra edo...

Ez da aisea jendeak argazkiz hartzea. Egun batez ene aitarekin Zuberoan ginen, gizon baten zerrategian, gizon zaharra zen, eta argi ederra sartzen zen. Aitari erran nion ez nuela argazki tresna eraman, baina zer potreta atera zitekeen! «Zergatik?» galdetu zidan... erran nion jakintsua ematen zuela. «Zuek faltsukerian ari zarete beti argazki tresnekin» ,erantzun zidan, bere bizi osoan «pito tzar» bat izan zela gehituz.

Ezkontzetan ere lan egiten duzu. Lan hori beharrezkoa da argazkilaria izateko ?

Enetzat bai, ez naiz artista. Bakoitzak hautatzen du; ni ez naiz ene argazkiez bizi, ezkontzak beharrezkoak zaizkit.

Mendikotan erakusten dituzun argazki gehienak ilunak dira. Zure isla ote da, pertsona iluna zara ?

Ez. Nik maite dut iluna. Azkarra da, kolorea da, eta beltza zuria baino azkarragoa da, gainera. Inkontzientean gauza gehiago erran nahi du... eta ilunarekin ametsei pixka bat hurbiltzen zara.

Zer da argazki ona?

Dena bezala, bixkotx on bat bezala, emozioa ematen duena.

Eta argazki txarra?

Egiten ditudanak, sobera ilunak. Edo besteenak... kar, kar, kar.

Zure argazkiek, gehienetan, badute angelu berezi bat. Originaltasuna lortu nahi izaten duzu?

Ez, ez dut originaltasuna lortu nahi; hori margoekin ikasi dut. Zerbait ederra ikusten duzularik, behar da beste zentzu batetik so egin; beti ederrago ateratzen da, hori hola da. Urrezko legea da. Eta, gainera, nahiago dut asmatzen utzi, dena erakutsi gabe.

Artearen erreferentziak badituzu, interesa baino gehiago bada, ez?

Artea ikasi nuen eskolan. Eta argazkian ezinbestekoa da margoari so egitea, plano berean ari baikara. Margoan bada ehun mila urte ari direla, argazkian ehun urte bakarrik; margolariek dena egin dute.

Zer zara artista frustratua?

Ez, irus bainaiz. Artea asko maite dut, eta gizakiarekin bakea egiten laguntzen dit.

Hain duzu maite, non artisten lanak argazkitan hartzen dituzun.

Ez ahanzteko. Arantzazura joan nintzen Oteizaren apostoluak argazkiz ateratzeko. Baziren bi oren kanpoan eseria nintzela, argazki tresna ondoan, eta horra fraide bat hurbiltzen zaidala eta erraten dit: «Zu ez zaude jainkoaren argiari beha, zu eguzkiaren argiari beha zaude».

Guggenheim edo Artium museoetan noiz ikusiko dugu zure argazki erakusketa bat?

Ezkontza erakusketak eginen dituztelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.