Lurraren Eguna, Beran. Rosa Mari Errandonea. Argazkilaria

«Argazkiak ateratzeko aukera handia ematen du Lurraren Egunak»

1979az geroztik, Berako herriarekin zerikusia duten txoko eta ekitaldi guztien argazkiak baliatu ditu artxibo zabal bat sortzeko. Errandoneak dio nahiago duela argazki zaharrak biltzea argazkiak egitea baino.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Beran (Nafarroa) antolatzen den Lurraren Egunak 30. aldian izan duen aldaketaren lekuko nagusietako bat da Rosa Mari Errandonea (Bera, 1947). Izan ere, azken 37 urte hauetan, anaiarekin batera arduratu da Berako herritarrek emandako argazki zaharrak biltzeaz eta herrian gertatzen ziren ekitaldi bakoitzaren argazkiak ateratzeaz. Horrez gainera, Berako baserri guztien argazkiak biltzen dituen liburua argitaratu zuen 2011n: Bera, baserriz baserri.

Nondik datorkizu Berarekin zerikusia duten argazkiak biltzeko zaletasuna?

Bi arrazoi aipatuko nituzke. Batetik, nire aitak herrian denda bat zuen gu txikiak ginenean, eta argazkilariek han uzten zituzten beren lanak saltzeko. Argazkiak saldu gabe geratzen zirenean, aitari pena ematen zion, eta, azkenean, haietako asko berak erosten zituen. Horrez gainera, urte luzez Lesakako [Nafarroa] abokatu bulego batean lan egin nuen, eta, han, artxibo lanak garrantzia handia zuen. Dena den, nire anaia hasi zen Berarekin zerikusia zuten argazkiak biltzeko lanarekin.

Argazki zaharrak biltzearekin batera, zuk ere atera izan dituzu argazkiak.

Bai, noski. Beran antolatzen diren ekitaldi guztietako argazkiak egiten saiatzen naiz. Hala eta guztiz ere, ni ez naiz argazkilari profesionala; ez ditut argazki artistikoak egiten, informatiboak baizik. Hori horrela, nahiago dut argazki berriak jaso eta artxibatzea, nik neuk argazkiak egitea baino.

Zenbat argazki dauzkazu gordeta artxiboan?

Ez ditut inoiz zenbatu. Azken erakusketan, 3.000 edo erabili ditut.

Lurraren 30. Eguna antolatukodute aurten Beran. Asko aldatu da festa hasi zenetik?

Iruditzen zait hasieran benetako eskulangile gehiago etortzen zirela. Orain, gauzak saltzen dituen saltzaile gehiago etortzen da, baina ez dakit benetako eskulangileak diren. Antolatzaileak hori aztertzen ari dira, nik uste.

Festa honekin zerikusia duten argazki asko dituzu artxiboan gordeta?

Egia esan, nahi baino gutxiago ditut. Azken urteetan, Lurraren Egunean argazki erakusketa bat antolatu izan dut, eta nahi baino gutxiago ibili naiz herrian zehar argazki berriak ateratzen. Argazki berriak eta zaharrak badaude, baina herritarren laguntza beharko nuke egun horri buruzko artxiboa osatzeko. Argazkiak ateratzeko aukera handia ematen du Lurraren Egunak, ekitaldi ezberdin asko daudelako.

Zein da Lurraren Egunarekin zerikusia duen eta burura etortzen zaizun lehendabiziko argazkia?

Gogoratzen dut kakorratzean aritzen zen gizon zahar baten argazkia, Malerreka bailarakoa bera (Nafarroa). Bularretakoak egiten zituen artile lodiarekin.

Zuk nolako argazkia aterako zenuke Lurraren Eguna zer den azaltzeko?

Barazkien azokan dagoen eskulangileren bati aterako nioke. Euskaldun aurpegi petoa duen eskulangile bat bilatzen saituko nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.