ATZEKOZ AURRERA. Fernando Moleres. Fotokazetaria

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua»

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.

GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ez da erraza Fernando Moleres (Urduña, Bizkaia, 1963) etxean harrapatzea. Bartzelonatik ari da hizketan; hogei urte baino gehiago daramatza han: «Mediterraneoko argiaren eta epelaren bila etorri nintzen. Urduñan sekulako hotza dagoela esan didate etxekoek». Gutxi izango dira fotokazetaritzan haren pareko eskarmentua eta sari zerrenda dutenak —World Press Photo eta Tim Hetherington Grant, esaterako—. Fotografiatu ditu genozidioa Ruandan, haurren esplotazioa Hegoafrikan, eta espetxeetako errealitatea Sierra Leonan. Argazkilaritza dokumentalaren bidez, jendea informatu, kontzientziatu eta ekitera bultzatu nahi du Moleresek. Urtzearen aztarnaerakusketa paratu du Cristina Enea fundazioan, Donostian. Martxoaren 5era arte egongo da ikusgai: paisaia eder bezain hauskorrak, gizakiak higatu eta urtze bidean jarri dituenak.

Gogoan duzu lehen argazki hura?

Anaiarekin eta beste lagun batekin Portugalera egindako bidaia bat izan zen: ume batzuk kalean lotan, lur azpiko aparkaleku batetik irteten zen beroaren epelean. Argazkilari afizionatua nintzen, bidaiaria.

Hasierako argazki haiek ez ei ziren ezer salatzeko. Noiz hasi zinen?

Nikaraguara joan nintzen brigadista gisa, Sandinismoaren garaian. Gatazka puri-purian zegoen. Brigadistoi ez ziguten uzten igarotzen hainbat tokitara. Bazegoen check point moduko bat, eta han geunden, ez aurrera eta ez atzera. Iritsi zen morroi bat, eta esan zuen: «Fotokazetaria naiz». Segituan esan zioten: «Zu bai, zu igaro zaitezke». Grabatuta gelditu zitzaidan hura: «Zer-nolako pasaportea duen morroi horrek». Hantxe hasi zen dena.

Gai sozialetan aritu zara orain arte. Orain, ordea, jendea ez, paisaiak agertzen dira zure lanean.

Gai sozialak ez ditut utzi: klima aldaketa baino gai sozialagorik... Gizarte osoan eta modu globalean eragiten duen zerbait baita. Kontua da mehatxu horrek sentsazio lauso bat sortzen duela, ez dela modu serioan hartzen, ez gobernuek eta ezta norbanakoek ere.

Sebastiao Salgado argazkilari ezagunak gomendatu zizun gai horri heltzeko?

Itzalean ari diren emakume langileei buruzko lan bat ari nintzen egiten, emakumeen esplotazioari buruzkoa. Parisera joan nintzen Salgadori bisita egitera, lana aurkeztu eta nire zalantzen berri ematera. Esan zidan: «Ederra da lana, baina halakoak jada landuta daude. Zergatik ez zara hasten kaltetutako ekosistemen eta naturaren gaia tratatzen? Klima aldaketa lantzen?». 1997a zen. Kuriosoa da: niri hori gomendatu eta gutxira, bera ere horretan hasi zen.

Eta nola egiten da hori?

Nire aukera izan zen edertasun handiko paisaiak ateratzea, baina haien hauskortasuna agerian utzita.

Toki horietara bidaiatzeko, Bartzelonako etxea trukatu duzu?

Ez badakizu bizimodua ateratzen, ez izan fotokazetaria. Inplizitua den zerbait da hori. Freelance gara. Gutxi ordaintzen digute, eta gauzek asko balio dute. Ruandara joan nintzenean, nik ezin nuen autorik alokatu, hotelik ordaindu... Telebistek eta hedabide handiek txeke liburuxka ateratzen dute, eta kito. Oinez ibiltzen nintzen, edo auto-stop eginez, edo apezekin lo egiten nuen ... Horrela funtzionatu behar duzu.

Argazkilaritza dokumentala egiten duzu zuk. Zein da filosofia?

Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta kontzientzia edukitzeak ekitera zaramatza. Eta, klima aldaketari dagokionez, bete-betean gertatzen da hori: guk transmititzen duguna informazioa da.

Baina irudien bidez egiten duzue. Ikusi arte ez du sinisten jendeak?

Eta gaitz erdi. Irudiak badu hori oraindik: ikusten duzun hori dela existitzen dena. Hori ere zalantzan ari dira jartzen, baina fotokazetaritzak eusten dio horri oraindik: argazkia zerbait erreala da. Testuarekin, berriz, jada ez da hori gertatzen. Hitzek ez dute errealaren zigilu hori.

Zergatik? Adibideren bat?

Kolaboratu dut behin baino gehiagotan kazetariekin: haiek testua eta nik argazkiak. Europako hainbat hedabidetan gertatu zait argazkiak argitaratzeko inolako erreparorik ez jartzea, baina testua publikatzeko bai; batez ere, idazlea ezezaguna baldin bada. Argazkiak benetakoaren zigilua dauka, eta hitzek ez.

Informatu, kontzientzia hartu, eta ekin. Baina beti ezin da ekin, ezta? Klima larrialdiari dagokionez?

Garaiz gabiltza. Gerta dakigukeen gauzarik okerrena fatalismo klimatikoa da, zeren horrek gelditasun klimatikora baikaramatza. Jendeak dio: «Nik ez ditut hondakinak bereizten; azkenean, denak toki berera botatzen dituztenez...». Ez da hala, eta jarrera ez da hori. Horrek guztiak kontzientzia bat sortzen du, eta oinarrizkoa da kontzientzia hori, zeren horrek klima larrialdiaren inguruko jarrera politiko bat garatzen du: jarrera sendo bat, hiritar gisa, dagokionari kontuak eskatzeko, borrokatzeko, eta presioa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.