Ezarian

Argazkigintza berriaren iraultza

Gero eta jende gehiagok ateratzen ditu argazkiak sakelako telefonoarekin, baita argazkilari profesionalen artean ere. Argazkigintza gisa berri bat zabaltzen ari da: 'IPhoneography'.

Iker Tubia.
Iruñea
2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sakelan eskua sartu, smartphone-a atera eta behatzarekin klik! Horra argazkia. AEBetan sortutako iPhoneography edo iPhonearekin egindako argazkigintza modan dago, baita Euskal Herrian ere. Argazkigintza jende askoren eskuetara eraman dute telefono adimendunek. Edozein momentutan argazkia atera eta Internet bidez munduari erakusten diotenak geroz eta gehiago dira.

Izan ere, telefono adimendunek argazki kamera konpaktoen funtzioak betetzen dituzte dagoeneko. Zortzi megapixeleko edota gehiagoko kamera dute batzuek. Teknologiaren garapen azkarra eragin zuzena izaten ari da argazkigintzan.

Ion Markel Saez de Urabain Usurbilen bizi den lazkaotarra da, eta AEBei begira aurkitu zuen iPhoneography, eta berehala erori zen haren sareetan. «Berrikuntzak» erakarri zuen, eta gertutik aztertu zituen argazkilari estatubatuarrak. Street photography deitzen zaion kaleko argazkigintza lantzeko egokiena iPhonea dela uste du Saez de Urabainek, eta gai hori aukeratu du Kalekumeak erakusketarako. Bertan smartphone-arekin ateratako 35 irudi bildu ditu, eta martxoaren 22ra arte ikus daiteke Donostiako Okendo kultur etxean.

Irudi naturalak ateratzea gustatzen zaio Saez de Urabaini. «Jendea konturatu gabe, lapurtu egiten ditut argazkiak», azaldu du. Hark dioenez, reflex kamerarekin ingurukoak konturatu egiten dira, argazki kamera handia baita. Horregatik nahiago du telefono adimenduna: «IPhoneak duen abantaila da diskretua eta erosoa dela».

Bizkaian ere aurki daiteke iPhoneography-ra batu denik. Alberto Rubio bilbotarrak liburu bat argitaratu du sakelako telefonoekin ateratako argazkiekin. Horretarako, beste 24 pertsonen laguntza izan du, batik bat «zaila» delako liburua kaleratzeko kostuak pertsona bakar batek bere gain hartzea. Photosmartphone_Book izenburuaren barruan bildu dituzte Instagram sare sozialean zituzten 375 irudi.

Rubio sakelako telefonoekin egindako argazkigintzaren aldekoa da: «Nik uste dut argazkia ez dagoela argazki kameran, argazkilarian baizik; kamera onak irudi onak ateratzeko lagungarri dira, baina horrek ez du esan nahi kamera onarekin argazki ona aterako duzunik halabeharrez». Gainera, Instagram bezalako aplikazioen bidez argazkiak telefonoan bertan manipula daitezke, emaitza hobetuz.

IPhoneography-ren abantaila eta desabantailak zein diren argi du Saez de Urabainek. Haren aburuz, iPhonea erosoa da argazkiak egiteko: «Diru zorroa hartzen dugun bezala, egunero hartzen dugu telefonoa, eta kalean dagoenaren argazkia hartzeko momentuan beti eskura dugun tresna da». Argazki onak atera ditzakeela azaldu du, nahiz eta bere mugak dituen: iluminazioa, bizkortasuna eta abar.

Argazkigintza soziala

Telefono adimendunekin argazkiak ateratzeak badu beste abantaila bat: irudia partekatzea. Instragram eta antzeko aplikazioen bidez, argazkiak atera, ukituak egin eta lagunekin banatzeko aukera dago. Sareko argazki galeriak ere badira, Flickr kasu. Gainera, argazkiak Facebook eta Twitter bidez zabaltzen dituzten pertsonak anitz dira. Beraz, tiraderan gorderik geratzen diren irudiak geroz eta gutxiago dira.

«Telefonoarekin munduari konektaturik gaude, eta argazkia atera duzun momentuan partekatzeko aukera horrek egiten ditu erakargarri Instagram bezalako sare sozialak», azaldu du Ion Markel Saez de Urabainek. Haren lanaren erakusleihoa, baina, Flickr da. Alberto Rubio, berriz, Instagrameko erabiltzaile sutsua da. Tresna horren bitartez ezagutu zituen liburua editatzeko lagunak. Sare sozialik handiena dela dio, ehun milioi erabiltzaile baino gehiagorekin.

Argazkigintza esku gehiagotara zabaltzeaz gainera, sare sozialek argazkigintza erakargarriagoa egin dute gizartean. Iritzi horretakoa da Saez de Urabain. Fenomeno horrek «bizitu» egin du argazkilaritza, haren aburuz. Dena den, argazki «txar» asko ere egin eta zabaltzen dira: janariaren argazkiak, etxeko katuaren argazkiak... Rubio urrutirago doa, eta argazkiak egiteko modua errotik aldatu dela uste du. «Argazkiak egiteko argazki kamera soinean eraman behar zenuen lehen, eta hori argazkilariek baino ez zuten egiten. Orain denek daramagu sakelako telefonoa eskuan, geroz eta smartphone gehiago daude, eta geroz eta errekurtso hobeak dituzte». Beraz, edozeinek egin dezake argazki bat edozein momentu hartzeko, eta, gero, partekatu. Smartphone bidez egindako argazkigintza, baina, ez da soilik argazkizaleen kontua. Geroz eta gehiago erabiltzen da alor profesionalean ere. Egunkarietan ibili dituzte iPhoneekin ateratako argazkiak, gerra erreportajeak egiteko, adibidez. Horrek eztabaida piztu du argazkilari profesionalen artean. Izan ere, kazetari batzuen lan tresna bihurtu da smartphone-a. «Kazetari asko iPhone batekin doaz, elkarrizketa egiten dute, argazkiak atera eta bideoa ere grabatzen dute», azaldu du Saez de Urabainek. Horrek «gerra» bat sortu du erreportajeak egiten dituzten argazkilarien artean.

Dena den, argazkilari profesionalen artean ere zabaldu da iPhoneography-a, baina, lan profesionalerako baino gehiago, lan pertsonalerako erabiltzen dutela dio agazkilariak. Izan ere, telefonoak ezin dira reflex argazki kamerekin alderatu. Saez de Urabainek berak argazkilaritza soziala egiten du, baina horretarako ez luke smartphone bat erabiliko. Rubioren aburuz, argazkigintza molde berri hori tokia hartzen ari da alor profesionalean ere; Interneten eta prentsan, batik bat. «Nonbaiten zerbait pasatzen bada, beti egonen da norbait smartphone batekin argazki bat ateratzeko». Dena den, kalitate handiko argazkiak behar diren alorretan oraindik oso zaila du iPhoneography-ak; publizitatean, kasu.

Teknologia berrien garapena oso azkar gertatu bada ere, argazki kamerak ez daude desagertzeko arriskuan. Saez de Urabain eta Rubio bat datoz baieztapen horrekin. Rubioren aburuz, bi merkatu paralelo sortu dira. «Argazkilari profesionalak egonen dira, argazki kamera profesionalekin lan eginen dutenak, eta egonen da beste merkatu paralelo bat gora doan tendentzia horrentzako», azaldu du. Hark uste du telefonoek «gehitu» egiten dutela, baina ez inolako kalterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.