Argazkilaritza bidaia Urederrara

Naturan barrena ibiliz argazkilaritza teknika ikasi nahi duten BERRIAlagunak Urederrara joango dira azaroaren 3an, Urbasako paisaia zoragarria ezagutzeko asmoz.

BERRIAlagunek elkar ezagutu eta egunpasa polita egin ahal izango dute Urederraren inguruan. GEMA ARRUGAETA.
Ainhitze Ruiz.
2013ko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Urbasako paisaia ezagutzeko asmoz, BERRIAlagunen komunitateak Urederrara joateko argazkilaritza bidaia antolatu du, azaroaren 3rako (igandea). BERRIAlagunek elkar ezagutu eta denek batera egunpasa ederra egin ahal izango dute.

Naturan barrena ibiliz argazkilaritza teknika oinarrizkoak ikasi nahi dituzten guztientzako bidaia izango da BERRIAlagunek egingo dutena.

Urederrarako bidaia Gema Arrugaeta argazkilari profesionalaren laguntzaz egingo dute. BERRIAlagunek aukera izango dute elkarrekin egun-pasa egiteko eta, bidez batez, naturaz eta argazkilaritzaz gozatu ahal izateko, Arrugaeta argazkilaria irakasle dutela. Argazkilaritzaren inguruko zalantzak argitzeko aukera izango dute bertaratzen diren argazkizaleek.

Horretaz gain, BERRIAlagunek hainbat argazkilaritza teknika ikasi eta praktikatu ahal izango dituzte toki ezin bereziagoak ezagutuz. Ibilaldian parte hartzeko ez da beharrezkoa argazkilari profesionala izatea, parte hartu nahi dutenek nahikoa izango dute kamera trinko edo reflex kamera bat izatea.

Parte hartzaileak goizeko zortzietan abiatuko dira, nor bere autoan, BERRIAren Andoaingo egoitzatik. Bigarren hitzordua goizeko bederatzi eta erdietan egingo dute, Nafarroako Ameskoa ibarretako Bakedano herriko aparkaleku nagusian, Urederra ibaia hasten den lekuan. BERRIAlagun guztiak Bakedanon elkartutakoan hasiko da ibilaldia.

Goizean, ibilaldia

Egunak bi zati izango ditu; «Goizean Urederra bisitatuko dugu, eta arratsaldean, bazkaldu ondoren, Urbasa gainaldea ikusiko dugu», dio Arrugaetak.

Partaide bakoitzak bere kamera eramango du, eta ibilbidearekin hasi aurretik argazkilariak ordu erdi inguruko azalpen orokor bat emango du: «Zein argazkilaritza mota egingo dugun azalduko dut lehendabizi, baita argazkiak nola atera behar diren ere, aurrean daukagun paisaia horri egokituta», azaldu du.

«Azalpen orokor horren ondoren, pertsona bakoitzarekin hitz egingo dut, bakoitzari aholku pertsonalizatuak emateko, eta dauzkaten zalantzak argitzen joango naiz poliki-poliki», dio argazkilariak. «Helburua praktikoa da, eta argazkiak ateraz bilatuko dugu praktikotasun hori», gaineratu du Arrugaetak. Helburua naturan barrena ibiliz argazkilaritza munduan ezagutza zabaltzea izango da, argazkilaritza teknikak ezagutuz.

Azalpenak eman ostean, ibilaldiaren lehen zatiari ekingo diote; Bakedanotik Urederra aldera joango dira oinez, ibaiari jarraituz eta erreka amaitzen den lekuraino iritsi arte. «Ibilbide horretan, erreka, basoa eta udazkenaren kolorea aitzakiatzat hartuta, argazkiak aterako ditugu», azaldu du argazkilariak. «Goizeko zatia izango da Urederrakoa, baina zaila da zati horrek zenbat iraungo duen jakitea; taldearen arabera bizkorrago ala motelago joango gara, eta eguraldiak ere baldintzatuko du taldearen erritmoa».

Arrugaetak gaineratu duenez, eguerdi aldera iritsiko dira ibaiaren amaierara; ordubiak edo hirurak izango dira errekaren amaierara iristeko. Ibaiaren amaieran edo han inguruan bazkaldu eta buelta egingo dute.

Bazkaldu ondoren, ibilaldiaren bigarren zatia hasiko da. Urbasa gainaldean ibiliko dira, eta arratsalde amaierako eguzki izpiek eragiten dituzten koloreak aprobetxatuz argazkiak aterako dituzte: «Eguzkia sartzen ari dela aprobetxatuz argazki politak atera daitezke bertan». Arratsaldea bertan pasako dute Urbasako parajeei argazkiak ateraz, eta eguzkia sartzearekin batera amaituko da BERRIAlagunen egun-pasa. Iluntzean itzuliko dira etxera.

BERRIALAGUNEN IRTEERA

Erreserbatzeko. Informazio gehiagorako edo erreserbatzeko: www.gema-arrugaeta.com kontaktu atalean eman behar da izena.

Prezioa. 10 urtetik beherako haurrentzat, doan; 10-16 urteko gaztetxoentzat, 10 euro; eta helduentzat, 30 euro.

Material osagarria. Arropa egokia (mendiko botak, jantzi beroak eta arropa iragazgaitzak), argazki kamera, bateriak, argazki txartelak...

Esperientzia kontatzeko.BERRIAlagunek euren esperientzia kontatzeko aukera izango dute Urbasan ateratako argazkiak [email protected] helbidera bidaliz.

Oharra. BERRIAlagunentzat edo harpidedunentzat soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.