Euskara, zientzia eta teknologia uztartzea izan da Elhuyar kultur erakundearen helburua jaio zenetik. Oso bide luze eta zabala egin du dagoeneko. Boluntario talde bat zena fundazio bilakatu da hamarkada gutxian.
Hedabideetan oihartzun txikia izan badu ere, ez dut nik aukera hau galdu nahi gogora ekartzeko abenduaren 1ean izandako urteurrena. Izan ere, Euskararen nazioarteko egunean bertan 25 urte bete dira Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariak 0 zenbakia kaleratu zuenetik. Azalean, transbordadorea daraman kohete bat aireratzen ikus daiteke, agian aldizkariaren barruan NASAren ikerketa saria jaso berri zuen M. S. El-Aasser irakasleari egindako elkarrizketa zetorrelako. Oso irudi metaforikoa iruditzen zait, horrela ere abiatu baitzen aldizkaria, indar osoz euskara eta zientzia uztartzen dituen unibertsora.
Dena den, jatorrizko Elhuyar aldizkaria 1974an abiatu zen, eta horrela zioen sarreran: «Euskal kulturagintzan ia dena egiteko dadukagula gauza jakina eta tamalgarria da. Sukaldeko girotik eta lagunartetik irtetzen garen bezain laster bide ilunetatik abiatzen gara, euskara lotsagarri geratzen zaigu batzutan. Are gehiago hizkera zehatz, garden, zorrotz bat behar den gaietan. Gauza berari bizpahiru izen ezartzen badiogu eta izen batek, antzinako botikek bezala, denetarako balio badu, azkenean ez dakigu zer esaten ari garen ere. Zientzia gaietan konkretuki ez daiteke inolaz ere Babel-go Dorreak handituz joan daitezen utz, hiztegi aberatsak, konzeptuen arlo osoa beregan dutenak behar ditugu, baina hori ez da aski». Orduan oraindik ere, euskararen garai ilunetan bizi ginen, eta gaur egun ezagutzen dugun gehiena sortu eta egitekotan zegoen. Urte haietan bertan Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) jaio zen, Elhuyar baino pixka bat lehentxoago eta giro berean murgilduta. Jatorrizko Elhuyar aldizkarian zientzia eta teknologia artikuluak joan ziren kaleratzen, askotan hizkuntza bera ere sortuz. Bertan argitaratutako materiala, ondorengo urteetan irakaskuntzan hasi zen erabiltzen. Izan ere, goi-mailako irakaskuntza gaztelania hutsean egiten zen, eta poliki-poliki 1970eko hamarkadaren amaiera hurbiltzen zen heinean hasi ziren han-hemenka lehenengo irakasleak euskaraz ere unibertsitate erdaldunean irakatsi asmoz. Horrela lortu zen EHUko Donostiako Kimika Fakultatean eta Leioako Zientzia Fakultatean, besteak beste, lehenengo euskal taldeak sortzea. Euskal talde horietako ikasle eta irakasle askok UEUk uztailaren bigarren hamabostaldian Iruñeko Larraona ikastetxean antolatzen zituen ikastaroetan hartzen zuten parte.
1980ko hamarkadan irakaskuntzaren maila guztietako euskal taldeak ugaritu egin ziren eta horrela zientzia eta teknikaren aldizkari baten irakurlegoa sortu zen. 1985ean kaleratu zen Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkaria aurreneko aldiz, zientzia eta teknikaren dibulgazioa euskaraz egiteko. Oso langile gutxi egonda, boluntario askok idatzi genituen artikuluak. Esaterako, hainbatek UEUn eman genituen gure lehenengo eskolak eta hitzaldiak euskaraz. Hitzaldiaren ondoren, Iñaki zein Eustakio hurbiltzen zitzaizkigun hitzaldia Elhuyar-erako artikulua bihurtzeko. Ez zen erraza Elhuyar-eko arduradunen lana. Batetik, ez ziren erakundeak eta botere publikoak izaten euskararen zabaltze honen aitzindariak, bestetik, gehiena egiteko zegoen. Hizkuntza bera muga zen, hiztegi teknikoak oraindik sortzeko edota atal batzuetan sortzen ari baitziren garai haietan.
Atzera begiratuta, nola geunden duela mende laurden bat soilik eta nola gauden orain ikusita, sinestezina egiten zait egin dugun bidea. Baina egin dugu. Eta egin dugu horretan bihotza jarri dugulako. Eta egin dugu Elhuyar, UEU eta beste ekimen asko, gehienetan laguntzarik gabe abiatu zituztelako langile amorratu eta boluntario batzuek. Horregatik, oraingoan zorionak eman nahi dizkiot Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariari bere 25. urteurrenean. Sortu zenean bakarra zen. Ondoren, poliki-poliki etorri da dibulgazioa gainerako hedabide-motetara. Baina ezin gara horregatik lo geratu. Euskarak, egindako bidea eginda, segitzen du gure laguntza behar izaten, eta loak hartzen bagaitu, zaila izango da egindako bidea berreskuratzea.
EZARIAN. ZIENTZIA
Argi Aldian
Elhuyarrek, zilarrezko urtemuga!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu