Ezarian. Zientzia

Argi iturri berri bat, boro nitrurozko nanohodiei esker

EHUko Angel Rubioren taldeak garatu du, eta oso erraz integra daiteke teknologia mikroelektronikoan

Erredakzioa
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Eraginkortasun handiko gailu optoelektronikoak garatzeko egokia den argi iturri berri bat sortu dute EHUko ikertzaile batzuek. Gaur egungo teknologia mikroelektronikoan oso erraz integra daitekeen argi iturria da Angel Rubiok zuzentzen duen NanoBio Espektroskopia taldean garatu duten hori. Patente bat ere egin dute ondorioz.

Boro nitrurozko nanohodietan oinarrituta egin dute lan. Nanoteknologiaren alorrean etorkizun handia du boro nitruroak. Izan ere, isolatzaile ona da, erresistentzia handia du, eta bi dimentsioko egitura du, grafenoaren antzekoa. Eta, zehazki, boro nitruro hexagonalak (horixe erabili da ikerketa honetan) propietate askoz hobeak ditu gaur egun argi igorle moduan erabiltzen diren beste metal eta erdieroale batzuen aldean. Esate baterako, biltegiratze optikoarekin loturiko aplikazioetan (DVD) eta komunikazioetan. «Argi ultramorearen igorle gisa eraginkortasun handia du, gaur egun merkatuan dagoen onenetako bat da», azaldu du Rubiok.

Hala ere, argi ultramorearen tarte oso mugatuan igortzen dute argia boro nitrurozko nanohodiek, eta, beraz, ezin da erabili argi igortzea maiztasun tarte handiagoetan eta modu kontrolatuan gertatzea eskatzen duten aplikazioetan. Muga hori gainditu ahal izateko irtenbide bat aurkitu dute EHUko ikertzaileok.

Ikerketan frogatu dutenez, nanohodiarekiko perpendikularra den eremu elektriko bat aplikatuta, lor daiteke hark infragorritik ultramore urrunerako tarte osoan igortzea argia, eta igorpena erraz kontrolatzea.

Gailuaren funtzionamendua boro nitrurozko nanohodien berezko akatsak erabiltzean datza. Hain zuzen, nanohodiaren hormako hutsuneei esker da posible igorpen kontrolatua. Hutsune horiek boro atomo bat falta delako sortzen dira, eta akats hori ohikoa da haren fabrikazioan. «Nanohodi guztiak oso antzekoak dira, baina hutsune horiei esker sistema eragilea eta eraginkorra da. Zenbat eta akats gehiago izan, orduan eta hobeto funtzionatzen du», dio Rubiok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.