Argiari segika

Hamahiru itsasargi eta hamasei etapa: euskal kostaldea itsasargiz itsasargi josteko modua egin du Javi Pascual bidaiariak bere azken liburuan. Itsasargiei buruzko historia eta istorioak jaso ditu, eta datu askorekin argi egin.

MIARRITZEKO ITSASARGIA
Miarritzeko itsasargia, gau ilunean. JOSEN GIL GARCIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko otsailaren 08a
05:00
Entzun

Jitoan dagoenari ikuspegia, ilunari argia eta bustiari supazterra. Faroen funtzioa, eta itsasargien erakarmena. Ez da oraingoa, eta ez da bakarrarena. Itsasargiek badute halo bat txundigarria, eta aureola bat misteriotsua. Noraezean helduleku direlako, eta galzorian salbazio. Baina bakoitzak bere istorioa duelako ere bai, bere itxura, bere presentzia, eta bere edertasuna. Naufragioak, gerrak eta maitasun istorioak. Abentura eta literatura. Horretaz guztiaz jabetuta ondu du Javi Pascual Otalorak bere azken liburua: La gran ruta de los faros de la costa vasca (Sua edizioak, 2023). Hamahiru itsasargi eta hamasei etapa. Argi dorreen aitzakian euskal kostaldea ibilian josteko aitzakia perfektua. Getxon (Bizkaia) hasi eta Miarritzen (Lapurdi) bukatu.

«Harrizko zelatariak itsaslabarretan». Halaxe hasten da Pascualen liburua. Literatura unibertsalean itsasargiei eskainitako lanekin, hura ederresten duten margolarien erreferentziekin, eta datuz ongi hornitutako testuinguru historikoarekin. Bada ibilbide soil bat baino zerbait gehiago. «Sua argitaletxeko zuzendaria eta editorea izandakoa naiz. 2019an hartu nuen erretiroa. Garai zaharretara itzuli nintzen, eta neure buruari galdetu nion: ‘Bostehun libururen ostean, zer liburu berri, zer ideia berri pentsatu eta burutu dezaket?’. Lagun batek esan zidan Galizian egin zuela O camiño dos faros izeneko ibilbide eder bat. Iberiar penintsulan itsasargiak batuz egiten zen ibilbide bakarra zela: Malpican hasi eta Finisterren amaitu. Esan nuen nire golkorako: ‘Euskal Herrian ere baditugu, bada, itsasargiak eta kostaldeko ibilbide ederrak!’». Hortxe sortu zen liburuaren ideia: «Argitaletxekoei proposatu nien, eta ideia polita iruditu zitzaien. Jantzi genituen botak, eta ekin genion bideari: Getxotik Miarritzeraino. Eta Miarritzeraino, liburua Euskal Herriko kostaldeko itsasargiei buruzkoa delako».

SANTA KATALINA ITSASARGIA
Lekeitioko Santa Katalina itsasargia da liburuaren azalean agertzen dena. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Eta zehaztapena dator hurrena. Beti egoten delako zalantza: zeintzuk diren itsasargiak, zeintzuk diren itsasoko balizak, eta funtzionamenduan egon behar ote duten ere bai, itsasargi kontsideratzeko. «Zorrotza izaten saiatu naiz liburuan. Izango da jendea esango duena: hor agertzen direnak baino itsasargi gehiago daude euskal kostaldean. Baina hor aipatzen diren hamahiru horiek itsasargi gisa kontsideratuta daudenak dira. Besteek badute itsasargi itxura, baina ez dute itsasargi funtzioa bete edo betetzen. Horretan zorrotzak izan gara, eta ezaugarri jakin horiek hartu ditugu aintzat zerrenda osatzerakoan», argitu du Pascualek.

Misterio kutsua

Pascual pasioz mintzo da argi dorreei buruz. Aitortu du «betidanik» sentitu duela «erakarmena» haien inguruan: «Eta badakit ez naizela bakarra. Bidaiatu izan dudan aldiro, eta itsasargi bat ikusi, gerturatu izan naiz beti. Gazteluen parekoak dira, nolabait. Edo elizen parekoak. Altxorrak dira. Badute misterio kutsu hori, eleberrietan eta filmetan agertzen den misterio hori. Erakartzen zaituen zerbait da, liluratzen zaituena, eta besarkatzen zaituena».

«Altxorrak dira. Badute misterio kutsu hori, eleberrietan eta filmetan agertzen den misterio hori. Erakartzen zaituen zerbait da, liluratzen zaituena, eta besarkatzen zaituena».

JAVI PASCUAL OTALORABidaiaria eta idazlea

Eta haiei buruz idazteko eta ikertzeko elementu asko dituztela ere bai: historia, arkitektura, abentura... «Itsasargiek gauza askorekin txunditzen zaituzte. Helduleku asko dituzte: arkitektura berezi bat badute, historia badute. Matxitxakoko itsasargia eta gerra, esaterako. Edo Higerko itsasargia, eta hango naufragioa. Itsasargi bakoitzaren inguruan istorio asko daude, baita maitasun istorioak ere. Saiatu gara horiek ere jasotzen».

Arriluzekoarekin hasten da ibilaldia, itsasargi gisa kontsideratuta dagoen aurrenekoa delako mendebaldetik begiratuta. Ez du funtzionatzen jada, baina oso itxura berezia daukala dio Pascualek: «Uraren gainean eraikitako baserri bat dirudi. Naufragoak jasotzeko etxe gisa eraiki zuten, gaur egun itsasoko Gurutze Gorriaren eta arraun taldearen egoitza da». Ez dauka zerikusirik, beraz, ibilbidearen beste muturrean agertzen den itsasargiarekin: «Miarritzekoa itsasargi tipikoa da, enbor erraldoia duena, eta kupula handi bat goiko aldean». Igeldokoa, Zumaiakoa, Matxitxakokoa… Pascualek dio ez dutela elkarrekin zerikusirik, arkitektura erabat ezberdina daukatela. «Hori bai, denak saiatzen dira behar berdinei erantzuten: nabigazioari laguntzen eta farozainari babesa ematen. Itsasargiak badirelako edo izan direla etxebizitzak familiarentzat, edo familientzat. Kasu batzuetan, baita lau familiarentzat ere. Ezberdinak dira denak, eta ederrak dira denak».

Familiak aipatu dituenean, farozainen familiei buruz ari da, noski. Haiei eskaini die liburua. Hiru farozain elkarrizketatu ditu, eta bi euskal herritarrak dira: Pablo Zimmerman (Igeldo) eta Cristina Garcia-Capelo (Matxitxako). «Euskal Herrian geldituko diren azken biak dira. Jose Luis Nuñez Zumaiakoa baita bestea, baina aurten hartuko du erretiroa. Cristina Garcia-Capeloren kasuan, gainera, Euskal Herrian dagoen emakumezko farozain bakarra da, eta Iberiar Penintsulan dagoen bakarrenetakoa». Galbidean dagoen ofizioa da: «Desagertzera doa, eta ez da berririk sortuko, itsasargiak automatizatu egin direlako. Haiei eskaintzen diet, egin duten lan eskergarengatik».

Pascualek munduko farorik ezagunenei ere egin die tarte bat liburuan. «Ikonikoak dira batzuk», nabarmendu du, pasioz. «Ikertzen hasi nintzenean, begiak bere onetik ateratzen zitzaizkidan batzuei begira. Badaude batzuk kristalezkoak direnak erabat. Badaude itsasoaren erdian galduta daudenak, eta farozainari elikagaiak eta beste helikoptero bidez eramaten dizkiotenak. Bretainiako itsasargiak, esaterako, espektakulu hutsa dira. Irudi hori: posterretan mila aldiz ikusi duguna, olatu erraldoiak itsasargiaren kontra lehertzen. Itsasargi ikonikoenen laburpen bat ere egin nahi nuen».

Eta nori egingo dion argi liburuak? «Ibiltzea gustatzen zaion jendearentzat dago idatzita». Ez dago zertan mendizale handi eta prestatua izan beharrik. «Egin litezke etapak jarraian, jendeak Santiago Bidea edo GR11 egiten duen gisan. Baina egin liteke zatika, eta zatitu litezke etapak ere bitan. Irten dadila jendea, eta nahi duenean itzuli. Ez dago aitzakiarik ez egiteko, oso-oso erraza delako. Getxo eta Miarritze batuko ditugu, eta euskal kostaldeko ia herri guztiak bisitatuko ditugu. Hori erraz esaten da, baina oso gutxi geldituko dira bisitatu gabe».

JAKINGARRIAK

  • Liburua: La gran ruta de los faros de la costa vasca (Sua edizioak, 2023).
  • Hamahiru zergatik: Javi Pascualek proposatutako ibilbidean, euskal kostaldeko hamahiru itsasargi agertzen dira. Itsasargi gisa izendatuta daudenak horiek direlako aukeratu ditu: itsasargi funtzioa betetzen dutelako edo bete izan dutelako. Beste asko, nahiz eta itsasargi itxura izan, itsasoko balizak dira. 
  • Nondik nora: Arriluzeko itsasargian (Getxo, Bizkaia) hasi eta Miarritzekoan (Lapurdi) amaitu. Hamasei etapa eta 258 kilometro dira, euskal kostaldeko ia herri guztietan geldialdiak eginez.
  • Azken farozainak: Hiru farozain elkarrizketatu ditu Javi Pascualek libururako: Mario Sanz (Almeria, Espainia), Pablo Zimmerman (Igeldo, Gipuzkoa) eta Cristina Garcia-Capelo (Matxitxako, Bizkaia). Azken bi horiek izango dira euskal kostaldeko azken farozainak, Jose Luis Nuñez Zumaiakoak (Gipuzkoa) aurten hartuko baitu erretiroa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.