Ezarian. Zientzia. Diego Lopez de Ipiña. Informatika ingeniaria

«Arima ekologikoa duten gailuak egin nahi ditugu»

Ingurune adimendunak hizpide, Ucami biltzarra egin berri dute Gasteizen. Tresna erabilgarriak eta garapen iraunkorraren araberakoak sortzea da erronka, baina pertsonen egunerokotasuna oztopatu gabe, Diego Lopez de Ipiña antolatzaileak dioenez.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Amaia Portugal.
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Nonahiko konputazioa eta ingurune adimena izan dituzte hizpide Gasteizen aste honetan, Ucami biltzarrean. Diego Lopez de Ipiña informatika ingeniaria (Gasteiz, 1974) izan da ekitaldiaren antolatzaile nagusietako bat. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakaslea da Lopez de Ipiña, eta Deustotech-Internet ikerketa unitateko MoreLab taldeko ikertzaile nagusia. Etorkizuneko Internetari, web 3.0 delakoari, ekarpenak egiten dihardute bertan. Horixe egin dute biltzar honetan ere.

Ingurune adimendunen gaia duela urte gutxi hasi da gizartean zabaltzen. Aurrez ibilbide luzea izan al du?

1994aren bueltan hasi zen. Mark Weiser ikertzaile estatubatuarrak nonahiko konputazioa kontzeptua sortu zuen, konputazio ikusezinari buruz hitz egiteko. Haren ideia hauxe zen: ordenagailuak hor daude, baina ezkutatuta egon behar dute. Jakin behar dute pertsonak dituztela inguruan eta haiei zerbitzuak eman behar dizkietela, baina gogaitu gabe, teklatua eta sagua erabili beharrik gabe. Europan ingurune adimena kontzeptua sortu zen gero, eta etorkizuneko Internet izena hartu du orain. Azkenean, gauza bera da. Hau da, web 2.0tik 3.0ra aldatuko gara, eta egun guztian gurekin dauden eta modu erosoan erabil ditzakegun gailu asko [adibidez, betaurreko berezi batzuk, smartphone baten ordez] izango ditugu.

Pertsona zaharrekin, erronka horiek bereziki zailak izango dira, ezta?

Ez ditugu haien etxeak gehiegi aldatu behar, baizik eta gauza errazak eta erabilgarriak egin. Adibidez, norbaitek alzheimerra badu, hasierako urratsetan badago, zer moduz moldatzen den eta nolako bilakaera izaten ari den monitorizatu dezakegu. Horretarako, jarduerak detektatu behar dira. Adibidez, sofan sentsore bat jar daiteke bertan eserita zenbat denbora pasatzen duen ikusteko, sua itzaltzen duen egiaztatu, ea sukaldea ohiko orduetan erabiltzen duen... Gauza oso sinpleak jaso eta detektatuta, jakin daiteke zer gertatzen ari zaion pertsona bati. Adibidez, atso batekin hitz egiten duen foka panpina bat erakutsi digute biltzarrean. Atsoak ondo zaintzen badu, pozik jartzen da, abestu egiten du, begiak bestela irekitzen ditu... Ikertzaileek ikusi dute alzheimerraren hasieran dauden pertsonak seguruago sentitzen direla maskota horrekin.

Ingurune adimendunak bai, baina garapen iraunkorraren araberakoak. Hori izan da aurtengo biltzarraren gai nagusia. Zer esan nahi duzue?

Gailuek elektrizitate asko kontsumitzen dute, eta horri buruz ere hitz egin behar dugu. Alde batetik zerbait konpontzen badugu baina bestetik ingurumen arazo bat sortzen ari bagara... Adibidez, nire taldekide batzuek kafe makina eko-arduratsu bat aurkeztu dute biltzarrean. Kafe makinak kontuan hartzen du gure taldekoek nola erabiltzen duten egun osoan, eta ikusten badu ordu jakin batean normalean jendeak ez duela kaferik egiten, itzali egiten da piztuta baldin badago. Eta Twitterren mezuak idazten ditu, itzaltzeko gogoraraziz. Gaur egun, gailu asko konektatuak izaten ditugu beti, stand by moduan, eta energia asko kontsumitzen dute. Arima ekologikoa duten gailuak egin nahi ditugu.

Gizakiaren eta makinaren arteko interakzioan, gatazka egongo al da inoiz?

Bai, uste dut hori arazo garrantzitsua dela. Kezka handi hori badago. Azkenean, hori guztia bideragarri egiteko, Anaia Handiaren efektua behar da: sentsore asko daude, zer egiten ari garen ikusten edo entzuten ari direnak. Horregatik, alor honetan badaude diziplina arteko ikerketa talde batzuk, zeinetan psikologoek eta soziologoek ere parte hartzen baitute. Finean, sortzen ditugun gailuak pertsonen zerbitzurako egin behar dira, bestela ez dira erabiliko.

Zer azpimarratuko zenuke aurtengo biltzarretik?

Yvonne Rogers ikertzaile ingelesak eman duen hitzaldia nahiko interesgarria izan da. Londresko University Collegen lan egiten du. Bere proiektuan, protagonista nagusiak pertsonak izatea lortu nahi dute. Brightonen [Ingalaterra] ari dira lanean, eta jendeari eskatu diote egunero neurtzeko zenbat energia kontsumitzen duten, eta webgune jakin batean jartzeko. Proiektuan grafiti egile batzuk dituzte, eta oso grafiko politak marrazten dituzte errepidean, auzokoek ikus dezaten zenbat energia kontsumitzen zuten lehen eta zenbat orain. Ikerketa horretan etnografoak, soziologoak, psikologoak, artistak eta informatikariak ari dira elkarlanean. Ematen duenez, emaitzak nahiko onak izaten ari dira: %20 aurrezten ari dira orain. Azkenean, jendea partaide bihurtzen da; hori da atzean dagoen ideia.

Zer moduzko ibilbidea du ingurune adimenaren ikerketak Euskal Herrian?

Tecnalian asko aritu dira honetan. IK4 taldearen barruan ere, guk Ikerlanekin lan egin izan dugu, eta Teknikerrek ere gauza asko garatu izan ditu arlo honetan. Euskadin interes handia sortu da. Jende asko dabil auto eta garraio adimendunekin lanean, sektore hori oso garrantzitsua delako hemengo industriarako.

Morelab taldean orain esku artean duzuen proiekturen bat aipatuko al zenuke?

Adibidez, Open Data Euskadin [Eusko Jaurlaritzaren datu publikoen ataria] oinarrituta, sakelakoetarako aplikazioak egiten ari gara, jendearentzat interesgarriak diren datuekin. Esaterako, alor horretan garatzen ari garen zerbitzu batean, jendeak argitaratzen du zer arazo dagoen bere kalean, eta handik pasatzen den beste pertsona batek gaineratu dezake hori egia dela eta oraindik ez dela konpondu. Jende askok arazo horren gaineko botoa ematen badu, hori konpontzeak lehentasun handiagoa izango du hiriarentzat. Finean, guztion parte hartzea sustatu nahi dugu, hiri sozialagoak eta hobeak lortzeko. Ez dugu Twitter edo Facebook bidez egin nahi, informazio hori ustiatzea nahiko zaila izaten baita gero. Horrexegatik proposatu dugu aplikazio batzuk sortzea. Jendeak oso erraz erabil ditzake bere smartphone-etan, eta gero, konturatu gabe, oso informazio baliagarria argitaratzen dute, guztion onerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.