LABARRIK LABAR. Armintzako portutik hasi eta Gorlizerantz abiatuko gara txango honetan, errepidez. Lehengo auzo-eskolen paretik igarotakoan, Urzuriaga bide seinalearen alboko marra zuri-gorriekin bat, aldatsari eutsiko diogu, Portugana baserri eta Arresi hotel atzetik. Bidegurutzean (16') pistak beherantz egingo du zertxobait, baina Urtzuriaga baserrian berriro zorroztuko da. Lepoko munarri zaharrera heldurik,Etxandarri muinorako joan-etorria egin daiteke, labarrek merezi dute eta. Hurrengo gaina zeharkaldi honen sabaia izango da: Ermua (287 m) -1967ko xaflako euskara eta bunker gaineko erpin geodesikoa ikusgarriak dira, benetan-. Aurrerantzean, labarrez gain, 36kogerran erabilitako ezkutalekuak ezagutuko ditugu. Faro-Astondo zutoinaren ostean, Legorarri muino aldamenetik 1990eko itsasargira jaitsiko gara, eta lurpeko pasabide eta azpiko baterian kuxkuxeatzen ibili ondoren, errepidetik jarraituko dugu. Abeltzaintza seinalea baino metro batzuk lehenago Kukulu muinora (147 m) igoko gara. Azpiko iturri eta mahaietatik XVIII. mendeko Axkorriagako gotorlekuaren hondakinak bisitatu ondoren, kantabriar artadira joko dugu, eskaileraren bidez. Bidezidorrak Astondo hondartzan utziko gaitu. Aitzakia ederra Gorlizko Ospitale aurrean bainu osasungarria hartzeko.
ZEHARKALDIA BIRIBILDUZ. Izerdi gehiago bota guran egonez gero, oinez ere itzul daiteke abiapuntura. Horretarako, Urezarantza ibiltoki eta Txosnarako estratatik Txosna baserrira hurbilduko gara, errepide aldapatsuaren bidez, eta Fanoaurre baserritik 50 bat metrorako pistak berak eramango gaitu Ermua tontor albora. Aurreko ibilbide osoa ez errepikatzeko, gaineko aldeko bidezidorretik jarraituko dugu, ekialderantz. Eukalipto basoan sartuta, pista nagusira jaitsiko gara, eta Arresi hotel eta Portugana baserriaren artean, Armintzara. Aukera honek zailtasun berezirik ez badu ere, erreferentzia orokorrak aldatzen ditu, hots, denbora 3 ordu eta 20 minutu, desnibela 664 metro eta luzera 15 kilometrokoa.
Gorlizko Ospitalea
Bertako baldintzak ezin aproposagoak zirela berretsita (iodo ugariko ura, eguzki ordu asko eta haize garbia), 1919ko ekainaren 19an inauguratu zen Gorlizen E. Areilza eta L. Larrinaga sendagileek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzaturiko egitasmoa. Jatorriz Itsasgizonentzako Sendategia zena, XX. mendeko izurriteen ondorioz, haurrentzako hezur tuberkulosia sendatzeko erabili zuten antibiotikoak oraindik sortu gabeko garaian. Gaixoen beharrei zerbitzu egokiagoa ematekotan, 1970ean Kirurgia Ortopedikoko Institutu bihurtu zuten eta, ildo horretatik jarraituta, 1985etik, Osakidetzan sartu ondoren, errehabilitazio zentro ospetsu, Bizkaiko ezagunetarikoa. Beraz, gaur egunean turismoari begira diharduen Gorliz elizatearen garapen ekonomikoa ezin da ulertu ospitaleak izaniko eragina aztertzeke.