Duela hiru hilabete nork pentsatuko zuen arraindegiragauean edo igande batean joan eta arrain freskoa erosterik izango zela? Inor gutxik. Bada, Mungiako Martin arrandegiak (Bizkaia) aukera hori ematen du. Izan ere, bertako jabeek makina bat jarri dute atearen ondoan, eta, hari esker, nahi duenak edozein ordutan bertara joan eta arrain freskoa erosteko aukera dauka. «Etxera zatozela arrandegia itxita ikusiz gero, eta supermerkatuetako arraina atsegin ez baduzu, edozein ordutan makinara etorrita eros dezakezu», adierazi du Marga Rios arrandegiko jabeak.
Riosek azaldu duenez, hainbat arrazoi tarteko, makina jarri aurretik asko pentsatu zuten. Batetik, arrain freskoa egokitutako ontzi batzuetan jarri behar da; hau da, ongi ontziratuta ez badago, ura galduko du, eta ez da jateko modukoa izango, edota kalitate urria edukiko du. Bestetik, Euskal Herrian horrelako egitasmo bat abian jartzen duen lehenengo arrandegia izanik, jendearen erantzunaren beldur ziren. Hala eta guztiz ere, lortutako arrakasta ikusita, pozik dago: «Ez genekien herritarrek makinaren inguruan nola erantzungo zuten; horregatik, hura jarri aurretik bi aldiz pentsatu genuen. Baina jendeak oso ondo erantzun du, eta bete-betean asmatu dugulakoan nago».
Goizero-goizero Marga eta Ruben Rios neba-arrebak Basauriko Mercabilbao merkatura joaten dira arraina erostera. Ondoren, Mungiara itzuli, eta lanean hasten dira buru-belarri. Orain eginbeharra ugaritu zaienez, begira egoteko tarte gutxi izaten dute. «Arrandegiko salmahaian dugun arraina jartzen dugu kanpoko makinan. Horretarako, lehendabizi ezkatatu, hezurrak kendu eta behar bezala garbitzen dugu, eta gerora sartzen dugu ontzietan. Horrek denbora eskatzen du, eta ezin gara gora begira egon».
Arrain txikiak gehien saltzen direnak
Arrain mota asko egon ohi da Mungiako Martin arrandegian. Oparotasun hori makinan ere antzematen da: antxoak, lirioak, sardinak eta gisa horretako arrain txiki ugari izateaz gain, handiagoak ere badituzte, bakailaoa eta legatza adibidez. Azken horiek, garbitu ondoren, xerratan zatitu, eta 250 gramoko edo kilo erdiko ontzietan jartzen dituzte salgai. «Guk, normala den bezala, sasoian sasoiko produktua izaten dugu. Baina, urtaroak urtaro, bezeroek arrain txikiak eskatzen dituzte gehien, antxoa eta lirioa batez ere».
Bezeroek Rios neba-arrebei jakinarazi dietenez, goizez lan egiten duten herritarrek eta arrandegira joaterik ez duten gazteek erabiltzen dute gehien kanpoko makina. Arrakasta gutxien, aldiz, etxekoandreen artean dauka. «Etxekoandreek nahiago dute arrandegira etorri, zer dagoen ikusi, eta ondoren erostea; gainera, denbora dute, eta albokoarekin hitz egiteko eta errezeta berriak partekatzeko baliatzen dute. Baina batzuentzat ezinezkoa da goizez etortzea, eta horiek erabiltzen dute gehien makina». Riosek behin eta berriz esan du: «Aurretik jakin izan bagenu egitasmoak erantzun bikaina izango zuela eta kazetariak galdezka etorriko zirela, askoz lehenago jarriko genukeen makina».
Arrain freskoa 24 orduetan
Mungiako Martin arrandegiak arrain freskoa jarri du eskuragarri egun osoan: makina bat jarri dute arrandegi kanpoan, eta herritarrek bikain erantzun dutela diote jabeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu