Ezarian. Zientzia. Argi aldian

Arrainak, osmosia...

Marian Iriarte,,
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Unibertsitatea Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura moldatzen ari denean, Bologna izenaz ezagutzen dugun honetan, aldaketa nabarmenena irakaskuntza-sistemarena da. Nagusiki ikaslea bera da bere hezkuntzaren arduradun eta ardatz, irakaskuntza ikaslearen inguruan kokatzen da eta ez irakasleak ematen dituen edukietan. Hitz potolo hauek badirudi ezagutzen dugun hezkuntza sistema hankaz gora jarri behar dutela, baina zorionez orain arte lanean dihardugun askok eta askok ikaslea izan dugu gure irakaskuntzaren helburu. Dena den, gatozen harira, eduki akademikoez harago, ikasleak jakintzaren aplikazioez eta bere munduan dituen erabilerez jabetu behar du, eta horixe da gaurkoan zutabetxo hau idazteko aukera eman didana.

Nire unibertsitateko ikasleek aste honetan ikasten ari garen jakintzagaiari lotutako hainbat aurkezpen labur egin behar izan dituzte, eta horietako batek edo bestek eman dit gaurkoa idazteko arrazoia.

Gelan, ofimatikak eskaintzen dituen aurkezpenak egiteko programaren laguntzaz eta formula matematikoak erabiliz, disoluzioek dituzten propietate batzuk esplikatu ditugu, propietate koligatiboak hain zuzen ere (arrautzak azkarrago egosteko gatza zergatik botatzen den, errepideetan izotza saihesteko gatza zergatik botatzen den, gizakioi jartzen zaizkigun suero-injekzioak nolakoak diren...) Ikasle azkarrak ditut eta osmosia zertan den esplikatzea ez da zaila izan, baina oso txukun adierazi didatena bere aplikazioak izan dira. Osmosia zertan den ulertzeko disoluzioak eta mintzak hartu behar ditugu kontuan. Disoluzio bat benetako nahaste homogeneo bat da, hots, aztertu nahi dugun kasuan likido batean maila mikroskopikoan barraiatutako solido baten partikulak dauzkagu. Disoluzio honen alboan beste disoluzio bat edo ur garbia ipiniko bagenu, bi sistemak nahastu eta homogeneizatu egingo dira, baina bien artean mintza ipiniz gero osmosia ager daiteke. Mintz hori ez da nolanahikoa izango, erdiiragazkorra izan behar du, hau da, partikula txikienak (likidoarenak) pasatzen uzten dituen bitartean, partikula handienentzat (solutuarenak) oztopo izango da. Beraz, fluxua mintzaren bi norabideetan gertatuko bada ere, bi aldeetako kontzentrazioa ezberdina izanez gero, fluxu neto bat ikusiko dugu disoluzio diluituenetik (ur garbia askotan) kontzentratuenera. Honen arrazoia kimikariek erabiltzen dugun kontzeptu batean datza, potentzial kimikoa hain zuzen ere, baina hau beste baterako utziko dugu. Bi disoluzioek ez dute potentzial kimiko berdina, eta ondorioz orekara iristeko alde batetik bestera disolbatzailea pasatzen da. Prozesua orekara iritsitakoan (disolbatzailearen fluxu netoa hutsa denean) disoluzio kontzentratuaren gainean bestean baino presio handiagoa dago, eta presio horri esaten zaio presio osmotikoa.

Osmosia oso garrantzitsua da bizidunon prozesu biologiko askotan, aplikazio praktikoen artean itsasoko ur gaziaren gatzgabetzea garrantzi handikoa da, baina ikasleek azaldu zidatena azaldu nahi dut gaur. Arrainak erreketan edo itsasoan bizi daitezke, eta osmosiak eragina dauka ingurune batean edo bestean bizi ahal izateko. Ur gezan bizi diren arrainen kasuan, euren gorputzetako fluidoak kanpoko ura baino kontzentratuagoak direnez, osmosiaz, arrainen larruazalean zehar kanpoko ura euren gorputzetara sartuko da eta bere giltzurrunek beharrezkoak dituen gatz mineralak harrapatuko ditu eta oso diluitua den txiza kantitate handiak botako ditu. Aldiz, ur gazietako arrainek ura galtzen dute euren larruazalean zehar, barruko kontzentrazioa handiagoa delako. Ur gehiegi gal ez dezaten, eta deshidratazioa gerta ez dadin, ura irensten dute eta gehiegizko gatzak giltzurrunetatik botatzen dituzte oso kontzentratua den txiza sortuz. Arrain mota bakoitza bere biziteremurura ongi egokitu da, eta horrexegatik ur gezatakoa itsasoan jarritakoan edo alderantziz, arrainak arazoak izango lituzke. Antzerako gauza gertatzen zaizkie gure odoletan dauden globuxkei plasman doan likidoa eurak baino kontzentratuagoa edo diluituagoa baldin bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.