Lehendabiziko aldiz Miarritzeko (Lapurdi) Irati aretoan egin da Lurrama aurten, eta leku aldaketari ongi erantzun dio jendeak. Antolatzaileek adierazi dutenez,azoka «arrakastatsua» izan da. Kanpoko eguraldi txarrari aurre egiteko aterpea eskertu du publikoak, eta ekimenak iraun duen hiru egunetan —ostiraletik igandera— 25.000 lagun bildu dira erakustazokara. Kontsumitzaileen eta nekazarien arteko harremana hurbiltzeko antolatzen da Lurrama, eta urteroko gisan hainbat jardueraz gozatzeko parada egon da: hitzaldiak, tailerrak, lehiaketak, erakusketak...
Gerturatutako publikoaren «gaztetasuna» azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek, eta horrek itxaropena ematen diela gaineratu dute, euren mezua «ondorengo belaunaldiei» ere iritsiko zaielako.
Euskal Herriko nekazariek ez ezik, kanpoko laborariek ere parte hartu dute, gainera. Aurtengo herrialde gonbidatua Bretainia izan da, eta 70 nekazari etorri dira hango bizipenak kontatzera. Indarrak berritu ahal izateko, bazkaltzeko eta afaltzeko aukera ere eman dute, erakustazokan bertan. 2.500 bazkari eta afari zerbitzatu dira guztira, hiru egunetan.
Gazta lehiaketak
Egitarauko zati garrantzitsu dira txapelketak, eta gazta lehiaketa da horietako bat. Lau kategoriatan banatu da lehiaketa: etxoletan ekoitzitako gaztaren irabazlea Peio Berreterbide izan da; baserriko gaztarik onena Peio Oillarburuk irabazi du; nekazaritza biologikoarekin egindako gazta saritua Alain Domonirena izan da, eta azkenik, lantokietan ekoitzitako gaztaren saria Aramitseko (Frantzia) esne lantegiak eraman du .
Arrakastatsua izan da aurtengo Lurrama azoka
Ostiraletik igandera bitartean, 25.000 lagunek parte hartu dute azokako jardueretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu