Arrakasta ez da gainontzekoak baino hobea izatea, ez bada norberak ahal duen onena ematea», dio esaerak. Hiztegiak ere, pertsonok bezala, harrera onari irizten dio arrakasta. Hortan datza arrakastaren arriskua. Harrera ona ez da erraz norbere egiten. Aparra bailitzan igo dakiguke burura, harrotuz. Asekaitz bihur gaitzake, beti gehiago nahiz duguna aski ez. Datorkigun bezala joan dakiguke, aise, hondoratuz. Bizi dugun eroan, ahaleginezko lan gogor konstanteari baino arrakastatsuago baiteritzogu izar iheskorraren eraginkortasunari. Zail da hala erabakita bizitza arrakastatsutik alde egiten. Gutxi dira naturaltasunez lortzen dutenak. Arima saltzeko gai izan gaitezke behin izan genuen hura berreskuratzeko, orduko etekin denetarikoak mantendu zein handitzeko. Mamia bost, emaitza helmuga. Maiz, hondoratzeraino. Badakigu eta, arrakastak lagun asko duela; porrotaren aldean.
Gure etxean astero ikusten genuen Antxon Urrusoloren Moros y cristianos eztabaida saioa. Haurra nintzen, ez naiz gai sentitzen mahai inguru haien kalitatea epaitzeko. Haren irudia dut gogoan. Ausarta zirudien. Ondoren erantzuteko entzuten zekiena. Argi dago arrakasta zuela eskaintza hark. Haren curriculumari so bi gogoeta datozkit: arrakasta lortzeko bideak aldatu egin dituela gaurko ereduak eta lan gogor egin behar izan zuela arrakasta hura lortzeko. Ikus-entzuleen errespetua eskuratu zuen.
Ondorengo urteak lan isilagoetan eman zituen. Gai gatazkatsuak dokumental bihurtzen, baina oharkabean. Bat-batean, ETB2ra itzuli zen arte. Ate nagusitik. Bazkalosteko saioaren zuzendari eta aurkezle gisa. Bidea jakina da. Ikusle kuota eskasak, haren jarrerak eta modu desegokiek eragindako langileen kexak, pantaila aurretik atzerako pausoa, eta zuzendaritzaren eskariz, erredakziotik ia desagertzerainokoa. Otsailaren bigarren astean, haren ibilbidea eten duten arte. EITB siglak eta Antxon Urrusolo izena banantzeko estrategia argia izan da. Atzeko atetik.
Ate nagusitik sartzetik atzeko atetik irtetzera alde txikia izan da. Saioaren planteamenduan, ez baitzen garai bateko Antxon Urrusoloren ausardiarik eta ikus-entzuleen aurrean lortutako errespeturik. Langileekiko begirunerik eta taldeak kudeatzeko gaitasunik ere ez da izan. Behin lortutako arrakastaren errentatik bizi nahia eta harrokeria gehitxo, akaso.
Komunikazioa. Ekografiak
Arrakastaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu