Udako proposamenak

Arrantzaleen zaindariak ere badu festarako gogoa

Asteazkenean izango da Karmengo eguna, baina badira lehenagotik ospatzen hasten direnak ere: Pasaian (Gipuzkoa) herenegun hasi ziren festa giroa zabaltzen, Trintxerpen. Donostiako portuko jaiak asteazkenean hasiko dira, txupinazoa botata.

 Donostiako kaia, jendez lepo, 2023ko Karmengo jaietan. ARATZ GARTZIA
Donostiako kaia, jendez lepo, 2023ko Karmengo jaietan. ARATZ GARTZIA
urko iridoy alzelai
2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizitza itsasoan eman dutenek edota lehorrean egonda baina itsasoari lotuta lan egin dutenek estimu handia diote Karmengo Amari, hura baita haien zaindaria. Euskal Herriko kostaldeko hainbat herrik ospatzen dute Karmengo eguna uztailaren 16an, zaindariari eta itsasoan bizitza eman dutenei omenaldiak eginez, baina betiere festaz inguratuta. Halere, badira festa lehenagotik hasten dutenak, hala nola Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa).

Ostiralean hasi ziren Trintxerpeko Karmengo jaiak. Gaur, goizean goiz, 09:30ean, kirola egiteko garaia izango da, lasterketa herrikoia egingo baitute. Laugarren aldiz egingo dute bost kilometroko lasterketa, Gudari plazan hasi eta Gernika plazan amaituta. Ondoren, 10:30ean umeen txanda izango da, haur lasterketan. 14:00etan bazkari herrikoiaz gozatuko dute, bingo musikatuarekin girotuta, eta, bazkalostean, DJ Nanok dantzan jarriko ditu bertaratutakoak. 18:00etan danborrek hartuko dute kalea, emakumezkoen danborradan.

Bihar, 16:00etan futbolin txapelketa egingo dute Serafin Esnaola plazan, eta 20:00etan familien danborrada izango da. Asteartean, Karmengo egunaren bezperan, hainbat ekintza izango dira arratsaldean, hala nola ipuin kontalaria (17:00etan), Edu magoa (18:00etan), patata tortilla txapelketa (18:00etan) eta erromeria (19:00etan). Erromeria Serafin Esnaola plazan egingo dute, eta, eguna amaitzeko, Gudari plazan karaokea antolatu dute, 23:00etan.

Asteazkenean, Euskal Herriko hainbat herritan marinel jantziak jarriko dituzte. Trintxerpen, Karmengo Amaren omenezko mezaren ondoren, marinelen danborradak hartuko ditu kaleak: elizatik kaira jaitsiko dira, eta ondoren berriro itzuliko dira abiapuntura.

Donostian, berriz, asteazkenean hasiko dituzte portuko jaiak. 10:00etan, Aita Mariri lore eskaintza egingo diote, eta udalak arrantzale zaharrak omenduko ditu. Horrez gain, sareak konpontzen zituzten emakumeek ere aitortza jasoko dute. Festari hasiera emateko, haurren danborrada egingo dute 18:00etan. 20:00etan izango da Donostiako portuko Karmengo jaien txupinazoa, eta gazteen txupinazoa 23:59an.

Musikaz gain, gosea

Musikak leku berezia izango du portuko jaietan. Asteazkenean, La Jodederak eta Txapela Bravak emango dituzte kontzertuak, 20:30ean. Ostegunean, Against You eta Potato igoko dira oholtzara, 22:30ean. Ostiralean, ordu berean, Herenegun, Mugan eta TOC taldeek girotuko dute gaua, eta larunbatean, ordu berean, Burutik eta 3ttu erromeria izango dira. Azkenik, igandean, festen azken egunean, Itzal erromeriak emango du kontzertua, 22:15ean. Baina gaueko kontzertuez gain, egunean zehar ere ez da musika faltako. Ostegunean, 18:00etan, Elektrotxufla elektrotxaranga izango da portu aldean. Ostiral eguerdian trikipoteoa egingo dute, eta 18:30ean Pasai txarangak Donostiako Parte Zaharreko kaleak alaituko ditu. Larunbatean, 11:00etan, joaldunak izango dira, eta 12:00etan kantujira hasiko dute Portaletatik. Azken egunean, mutxikoak izango dira 11:00etan, eguerdian bertsolariek girotuko dute jaigunea, eta 19:00etan Pasai txarangak joko du berriz.

Musikaz gain, gastronomiak garrantzi berezia izan ohi du Euskal Herriko jaietan, baita Donostian ere. Egunero sardina jana egingo dute 19:30ean, azken egunean izan ezik. Jan ez ezik, lehiatzeko aukera ere izango dute. Ostegunean, 12:30ean pintxo lehiaketa izango da, eta igandean, 13:00etan tortilla txapelketa. Egun bereko eguerdirako gazta dastaketa bat antolatu dute. Ostegunean gazte bazkaria egingo dute, eta ostiralean, arrantzaleen aldeko bazkaria. Larunbatean, herri bazkaria izango da, eta, ondoren, mus txapelketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.