Mari Carmen Martinez. Euskal saregileen elkarteko idazkaria

«Arrantzontziak dauden bitartean, saregileak beharrezkoak dira portuan»

Ilargi Agirre.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gustura dago Mari Carmen Martinez Getarian ireki berri den saregileentzako pabiloi eta eskolarekin. Euskal saregileen elkartea orain urte batzuk sortu zen, eta lanbidea normalizatzearen alde dihardute borrokan.

Zertarako balio izango dupabiloi honek?

Lana egingo dugu hemen, eta eskola ere izango da. Ikastaroak emango dizkigute, eta titulu bat eskuratuko dugu, amaieran. Kualifikazioa lortu nahi dugu, ondoren, Gizarte segurantzan gure lanbidea onar dezaten. Bizitza osoa daramagu lanean, baina ematen du gure lanbidea ez dela existitzen, oraindik.

Non egin duzue zuek lan orain arte?

Gehienetan portuan aritu izan gara. Kofradia zaharrean ere jardun dugu, baina oso zaharkitua dago jada, erdi erorian. Gure lehentasuna izan da, orain dela urte batzuetatik, lan egiteko leku duinak izatea. Sareak matxura handiekin etortzen direnean gauez eta egunez lan egin behar izaten dugu, askotan. Eguraldi txarrarekin eta kanpoan oso gaizki egoten ginen.

Nork emango ditu eskolak?

Pasaiako portutik (Gipuzkoa) etorriko dira hona eskolak ematera. Han ere ematen dituzte eskolak. Getarian lan egiten dugun 22 emakume eta Oriotik etorritako beste bostek osatuko dugu ikasle taldea. Lanbideren bitartez antolatu dira ikastaroak. Esperientzia dugun pertsonek100 ordu inguruko prestakuntza jasoko dugu, eta hasiberriek 300 ordu pasatu beharko dituzte, gutxi gorabehera.

Nolakoak izango dira eskolak?

Lanbidean erabilgarriak suertatuko zaizkigun ezagutzak barneratuko ditugu. Eta amaieran azterketa moduko bat egingo dute.

Nola sentitzen zarete irekierarekin?

Pozgarria da eraikin berri hau edukitzea. Batez ere, eguraldi txarra egiten duenean. Matxura handiak direnetan ere lagunduko digu: 15 eta 20 orduko lana eskatzen diguten matxurak izaten dira.

Zein ordutegi duzue?

Egunaren arabera. Aurreko batean, 08:30erako jaitsi nintzen moilara, eta 19:30ean itzuli nintzen etxera, bazkaltzeko atsedenalditxoa hartuta. Gauean, berriz, lanera: 21:00etatik 00:00 arte. Hurrengo egunerako sarea prestatu beharra dago, bestela, arrainontzia mugitu gabe geratzen baita.

Zein da lanbidearen alderdirik gogorrena?

Ordu askotan postura berean egonda lesioak izaten ditugu. Eguraldi txarrarekin ere gogorra egiten da.

Zer espero duzue etorkizunera begira?

Jende gaztea hurbiltzea nahi dugu. Belaunaldi aldaketa izatea beharrezkoa da. Itxaropena dugu lan baldintzak hobetzen joango diren heinean jende gaztea animatuko dela. Getarian 24 saregile gaude orain eta batez besteko adina 50 urtekoa da. Azkenean, denok arrantzale baten familiakoak gara; arrebak edo emazteak. Guztiok dugu itsasoarekin harreman zuzena. Argi dago itsasoan arrantzontziak dauden bitartean, beharrezkoa dela saregileak egotea portuan. Sarerik gabe ezin dute ezer egin; haien lan tresnak dira.

Noiztik zara saregile?

Nire senarra Getariako arrantzontzi bateko patroia da, eta ezkondu eta gero hasi nintzen lanean.

Gustatzen al zaizu?

Lan polita da, teknika handia eskatzen duen arren. Saregile izatea lanbide bat da, beste edozein lanbide bezalakoa.

Saregileen elkarteak zein proiektu ditu eskuartean?

Guk beti bultzatu izan dugu lan egiteko lokal duinak lortzea. Hurrengo pabiloia Ondarroan irekitzea espero dugu. Haiek Getariako saregileok baino okerrago daude; arkupe batean egiten dute lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.