Arraun artean, Euskal Jaiak

Kontxako bandera preziatuaren gerizpean antolatu dute aurten ere Donostiako Euskal Jaia, bihar hasi eta irailaren 9a bitarteanKirolak, gastronomiak, musika eta dantza emanaldiek eta bertsoek hartuko dute hiria

Sagardo Eguna izaten da Euskal Jaietako ekitaldirik jendetsuenetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Arraunzaleek urteko ekitaldi nagusia dute Kontxako Bandera. Ikur preziatuaren bila itsasoratuko dira, iraileko lehenengo bi igandeetan, biharko kanporaketan sailkatzen diren ontziak. Estropaden gerizpean, Euskal Jaiak antolatzen dituzte urtero hirian, eta aurtengoa ez da salbuespena: bihar hasiko dira estropadetako emakumeen eta gizonezkoen sailkapen kanporaketak, eta irailaren 9an bukatuko dira, Bretxako sardina jatearekin. Tartean, 60tik gora ekitaldi hartuko dituzte Donostiako kaleek.

Parte Zaharra izango da ospakizunen erdigunea, eta kirol ekitaldiak, jaietako ardatzetako bat. Arraunzaleek bihar eta irailaren 2an eta 9an hartuko dute hiria, baina badira bestelako probak ere: Euskadiko Trontza txapelketa eta pilota txapelketak, Trinitate plazan; Urgulleko Krossa, Kontxako Badiako beteranoen igeriketa proba eta I. Stand Up Padel zeharkaldia, Kontxako uretan hori ere.

Gastronomiak ere tarte zabala du jaietako egitarauan. Larunbaterako, Sagardo Eguna antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Konstituzio plazan, eta nekazaritza ekologikoaren azoka egingo dute, Bulebarrean. Luis Irizar legatza donostiar erara egiteko lehiaketa —elkarteen artekoa— eta Hegaluzearen Eguna dira ekitaldietan besteak. Hain zuzen, Hegaluzearen Eguna portuan egingo dute, irailaren 8an.

Musika eta dantza

Nekez uler daitezke Euskal Jaiak musika eta dantza emanaldirik gabe. Zer ikusia eta zertan parte hartua izango da Donostian. Hasteko eta behin, Kantu Jira egingo dute larunbatean —hirian oihartzun handia du—, eta Dantza Sueltoko Txapelketa igandean. Astebururako, Hostoak ikuskizuna ere iragarri dute Viktoria Eugenia antzokian. Kantua, musika eta dantza bateratzen ditu Hostoak proiektuak, Kukai dantza konpainiaren, Oreka TX eta Amaren Alabak taldeen eskutik. Larunbatean eta igandean dira emanaldiak, 20:00etan.

Musika emanaldietan, Geure kolkotik ikuskizuna izango da irailaren 7an, trikitia eta perkusioa uztartzen dituena, eta Hesian taldearen kontzertua, hilaren 8an. Bi emanaldiak Trinitate plazan egingo dituzte. Aste Nagusian, euriagatik bertan behera geratu zen Txistulari Alardea, eta irailaren 7an egingo dute, Konstituzio plazan.

Trikiti doinuak gustuko dituztenentzat Inpernuko Poza jardunaldiak antolatu dituzte. Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoak hartuko ditu jardunaldiak; tartean Irakaskuntza lantzen eta Belarriak soinu gaiak ardatz hartuta prestatu dituzte saioak.

Umeentzat, azkenik, Haur Jaialdiak antolatu dituzte irailaren 7, 8 eta 9rako, Bulebarrean, eta hilaren 8rako, haur festa handia, Parte Zaharrean: erraldoiak, buruhandiak eta txokolate jatea izango dira, baita zezensuzkoa ere, Zuloaga plazatik abiatuta.

Euskal Jaien iragarle den kartela Lucas Fernandez Calvok egin du. Bi dantzari irudikatu ditu, elkarrekin dantzan, ikuslearentzat ezohikoa den ikusmira batetik. «Ikuspegi zenital batetik egin nuen irudia, goiko aldetik ikusita. Konposizio originala nahi nuen, eta eszena guztia ondo ikustea; jantziak, koloreak, mugimendua, harmonia... Hori guztia, indarra eta jai kutsua duen gorri baten gainean», azaldu du afixaren nondik norakoa egileak.

Donostian tradizio handia dute Euskal Jaiek. Nerea Txapartegi Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak atzoko aurkezpen ekitaldian gogorarazi zuenez, 1896anantolatu zituen estreinakoz Gipuzkoako Aldundiak izaera ibiltaria zuten ospakizun horiek. Etenaldiak tarteko, ahaztu egin zirenurte luzez, 1994an Donostiako Udalak berreskuratu zituen arte. Ordutik, erreferente dira hiriko euskaltzaleen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.