Gerizpean

Arrautzak jartzeko zain

Arrano arrantzalea berreskuratzeko, lehen aldiz hamabi txita ekarri dituzte Eskoziatik Urdaibaira

Arrano arrantzalea oso erakargarria da; horregatik, ekoturismoa bultzatzeko erabili nahi du Urdaibaik. ARANZADI.
2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aranzadi Zientzia Elkarteak arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektua jarri du martxan Urdaibain. Hamabi txita ekarri dituzte Eskoziatik Urdaibai Bird Centerrera, eta urte batzuk barru bertan arrautzak jartzen hastea espero dute.

Hilabeteko txitak ekarri dituzte, eta oraindik etengabeko zaintza behar dute. Kaiola batzuetan dituzte, eta Urdaibaiko langileek arrainak ematen dizkiete jateko, egunean hiruzpalau aldiz. Bestalde, kaioletan kamerak dituzte, eta langileek telebista bidez ikusten dituzte arranoak.

Kaioletan aste batzuk baino ez dituzte egingo, ordea. Hilabete barru, askatu egingo dituzte txitak, eta, prest daudenean, Afrikara joango dira hegan. «Han bi urte pasako dituzte, eta pentsatzen dugu bizi direnak itzuli egingo direla», adierazi du proiektuaren zuzendari teknikoak, Aitor Galarzak. Hiru urte behar dituzte hegazti horiek heldutasunera iristeko, eta, ordurako, Urdaibain arrautzak jartzen hastea espero dute. Dena den, handia da arrano arrantzalearen hilkortasun tasa. Horregatik, datozen bost urteetan ere Eskoziatik txitak ekartzen jarraituko dute; urtean hamabi.

Arrano arrantzalea hegazti benetan erakargarria da Galarzaren esanetan. «Ikono bat da». Horregatik, batetik, jendearen artean kontzientzia pizteko tresna modura erabili nahi dute martxan jarritako proiektua. Eta, bestetik, Urdaibai ezagutzera emateko. «Ekoturismoa bultzatu nahi dugu», adierazi du Galarzak. Arrano arrantzalearen ikonoa erabili nahi dute kontserbazioa eta hezkuntza bultzatzeko ere. «Hala ere, arrano arrantzalea berreskuratzea da gure helburu nagusia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.