Arrazakeria potoei eragin

Arrazakeriazko jarrerak eta esamoldeak ordezkatzen dituzten potoak baliatu dituzte 'flashmob' bat egiteko Donostian; Antizurrumurru martxan erabiliko dituzte, igandean.

Usandizagako ikasleak eta beste talde batzuetako ordezkariak, antizurrumurru hitza osatzen, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Mairuak lapurrak baino ez dira». Poto. «Txinatarrek ez dituzte zergak ordaintzen». Poto. «Ijitoak gaiztoak dira». Poto berriro, bertsolari txarren antzera. Zurrumurru arrazisten aurka, poto hotsa eta antizurrumurrua. Ezjakintasuna, intolerantzia, beldurra eta beste gaitz larri asko islatzen dituen arrazakeriaren kontrako antidotoa topatu dute Donostiako Usandizaga BHIko Diseinu Grafikoko ikasleek: antizurrumurrua. Igandean Trintxerpetik atera (11:30) eta Donostiako Bulebarrera (13:00) iritsiko den arrazakeria eta xenofobiaren aurkako Antizurrumurru martxan gizarteratuko dute atzera potoen balioa. Alarma hotsa entzun orduko, horiz margotutako Coca-Cola, Kas eta garagardo potoei eragin eta zarata aterako dute. Halaber, potoak marrazturik dituzten kartoi meheei buelta eman eta denen artean antizurrumurru hitza osatuko dute, zurrumurru arrazistaren aurkako antidotoa.

Igandekoaren aurrerapen gisa, atzo performance original hori erakutsi zuten Usandizaga ikastetxeko ikasleek, SOS Arrazakeria, EHGAM eta beste hainbat taldetako ordezkariekin batera. Flashmob bat egin zuten Artzain Onaren aurrealdean hasi eta Koldo Mitxelena kulturuneko sarreraraino. Bozgorailu baten alarmak ematen zuen seinalea. Hura entzun orduko, parte hartzaileek potoari eragiten zioten, hotsa ateratzeko. «Txinatarren edota Magrebeko herritarren erreferentziak hainbat bideotan jaso ditugun adibideak baino ez dira», zioen Usandizagako ikasle Nerea Ansak. «Hilabete eta erdi daramagu ideia hau lantzen. Bati potoena bururatu zitzaion, beste bati sirenarena, beste bati antizurrumurruarena... Azkenean, dena lotu dugu, eta flashmob hau atera da».

Relojeria Internacionaleko alarma

Ansaren irakasle Itziar Aranburu ari zen atzo antolakuntza lanetan, han eta hemen, batzuei gerturatzeko eta besteei izkinara joateko esaten. «Arrazakeriak poto egiten du, lata ematen du. Sirenak ordezkatzen du arrazakeria jarrera, esamolde arrazista. Hura entzun eta potoei eragiten diegu, norbaitek poto egin duela adierazteko, lata ematen ari dela esateko». Aranbururen ustez, ikasleek «lan aparta» egin dute. Hainbeste entzuten zitzaion alarma hotsaren artean. Ekimeneko parte hartzaileetako batek tximino baten maskara zuen jantzirik; «lider espiritual» hark bozgorailua zuen eskuetan, eta ez zuen aukera alferrik galtzen sirenari eragiteko. «Relojeria Internacionaleko sirenak egunero jotzen du 20 segundoz Donostiako erdigunean, 1932tik; bada, minutu batzuetan joko du igandean Antizurrumurru martxa Bulebarrera iristean», azaldu zuen Aranburuk. Manifestazioko parte hartzaileentzako seinalea izango da hura. Poto hotsa argi entzungo da; arrazakeriaren aurkako antizurrumurruak aireratzeko unea izango da.

Hamabosgarren urtez deitu dute 56 erakundek arrazakeriaren aurkako martxara, Donostian. Izan ere, gaur da Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta haren itzalean egingo dute manifestazioa. «Jo dezagun alarma zurrumurrua entzuten dugun bakoitzean. Txutxumutxuen katea hautsi dezagun, diskriminatzen duen marmar hori berriro ez berritzeko», diote gizarte taldeek martxara deitzeko idatzitako oharrean.

Aurreiritzi arrazisten kontrako ekitaldiaren bideoa, hemen ikusgai.

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.