Urte bat eta zazpi hilabetez karguan izan ostean, dimisioa eman zuen atzo Alberto Oliartek,RTVEko presidenteak. «Arrazoi pertsonalengatik» dimititu duela adierazi dio Oliartek Espainiako Gobernuari. Kargua uztea polemika baten ondotik dator: TVEk kontratu bat sinatu du Telefonica Broadcast Services enpresarekin, datozen sei hilabeteetanLa mañana de La1 goizeko saioan baliabide teknikoez arduratzeko. Eta enpresa hori Oliarten Pablo semearena da.
Kontratuaren adjudikazioak ez du legea urratzen, baina,RTVEko kontseiluko iturrien arabera, kalte egiten dio taldearen irudiari. Aipatutako zerbitzua Overon ekoiztetxeak bete du azkeneko urteetan, ekainean kontratua amaitu zitzaion arte. Lehiaketa bidez lortu zuen kontratu berria Telefonica Broadcast Servicesek. Lehiaketara, Overon eta TBS bakarrik aurkeztu ziren. RTVEren arabera, bietatik TBS zen merkeena.
Miguel Angel Curieses UGT sindikatuko ordezkaria telebista publikoko lehiaketen «gardentasunaren» alde azaldu da. «Zuzendari nagusien senideek ezin dute parte hartu kontratazioetan », adierazi du. 2010eko urtarrilean,RTVEko presidenteak Silvia Delgado iloba kontratatu zuen TVEko edukien koordinazio zuzendari izateko.
Nahiz eta semearen enpresako kontratuak harreman zuzena izan dezakeen dimisioarekin, Oliart aspaldian zebilen kargua uzteko gogoarekin. Duela hilabete, PSOE eta PPko ordezkari batzuei idatziz bidali zien dimisioa emateko asmoa, baina ez zen gauzatu.
Iaz Javier Ponsek TVEko zuzendaritza utzi zuenean, halaber, Oliartek dimisioa emateko mehatxua egin zuen RTVEko administrazio kontseiluan.
Dimisioa «gogoeta heldu baten» ondotik etorri dela azaldu du Oliartek. Erabakia «aldaezina» izango dela ziurtatu du. Gaineratu du hemeretzi hilabete hauetan RTVE «plurala, independentea eta kalitatezkoa» izan zedin saiatu dela. RTVEko administrazio kontseiluak bere gain hartu du taldearen zuzendaritza eragilea.
PPk eta PSOEk adostua
Alberto Oliart UCDko ministro ohia (Merida, Espainia, 1928) PSOE eta PPren adostasunez hautatu zuten RTVEko presidente. Adostasuna lortzeko negozioazioetan, Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Raxoik parte hartu zuten.
Luis Fernandez izan zen RTVE korporazioko aurreneko presidentea —aurrekoak zuzendari nagusiak ziren—, eta hark bi urte eta hamar hilabete egin zituen karguan. Denbora gutxiago iraun du Oliartek: 81 urte zituenean izendatu zuten, eta 83 urte betetzear dela dimititu du.
EAJk eta ERCk Oliart izendatzeko modua gaitzetsi zuten 2009ko azaroan.
PPk izendapena onartu bazuen ere, kontrol batzordeetan hainbat aldiz eskatu du Oliarten dimisioa. «Albistegietan manipulazioa eta objektibitate falta» izatea leporatu izan dio TVEri PPk. Atzoko dimisioa, berriz, ez dela kasualitatez iritsi adierazi du RTVEko kontrol batzordeko PPko ordezkari Ramon Morenok: «Nora ezean dabilen talde bat da. Egoera iritsi zenean baino okerragoa da oraingoa». PSOErekin hurrengo presidente zein izango den hitzartzea zail ikusten du PPk. Baina Espainiako bi alderdi nagusiek gerora ere ados jarri beharko dute, Madrilgo Gorteetan bi heren behar baitira presidentea izendatzeko.
Komunikazioa
«Arrazoi pertsonalengatik» dimititu du Alberto Oliart RTVEko presidenteak
'La mañana de La1'-ren baliabide teknikoak Oliarten semearen TBS enpresari eman dizkiote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu