Jon Ander Alonso. Aktorea

«Arriskatu egin behar da fikzioan, baita beste esparru batzuetan ere»

'Txoministak' web telesaileko Txomin da Alonso, fikzioko alderdi politikoko liderra. Aktorea Suitza eta Euskal Herriaren artean joan-etorrian ibiltzen da. Urrian, beste antzezlan batean hasiko da, Suitzan.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Txiki-txikitatik» zuen buruan aktore izan nahi zuela Jon Ander Alonsok (Donostia, 1982). Antzerkia egiten 15 urte zituela hasi zen. «Hori izan da nire bokazioa».

Suitzan ibiltzen zara tarteka antzerkia egiten. Nolakoa izan da orain arte Suitzako esperientzia?

Lana ateratzen zaidanean, hara joaten naiz. Esperientzia ona izaten ari da, Euskal Herrikoarekin alderatuz beste egoera bat baita Suitzakoa. Oso-oso interesgarria egiten zait han ibiltzea, bai profesionalki, bai arlo pertsonalean. Urrian, proiektu berri batean hasiko naiz han. Opari bat da bi herrialdeetan lan egitea.

Ze Onda taldearekin, Itsasoari negar antzezlanarekin ibili zara azkeneko hilabeteetan.

Bai, 2015eko azaroan estreinatu genuen, eta oraindik jarraitzen dugu antzezlanarekin. Gertatzen dena da ez zaizkigula data asko ateratzen. Lana zabaltzeko bideak aurkitu nahian segitzen dugu. Baina ez dago erraza.

Txoministak web telesailean, Txomin liderrarena egiten duzu. Ez du ematen grabaketetan gaizki pasatu zenutenik, ezta?

Oso-oso ondo pasatu genuen, bai. Egia esan, ia guztiok ezagutzen genuen elkar. Denentzat izan da oparitxo bat, esperientzia berria web telesailen alorrean. Giro polita izan dugu. Lana ere egin genuen, asteburuak hartu baikenituen grabaketak egiteko. Erlojuaren aurkako karrera bat ere izan zen, Hiru Damatxo faktoriaren asmoa udaren aurretik estreinatzea baitzen.

Errioxa beste modu batean ikusten al duzu Txoministak egin eta gero?

Ez dakit noizbait Errioxa euskal herriratuko dugun ala ez. Baina ideiak zabalkuntza polita izan du, eta umore ukitu horrekin lortu du web telesailak jendea kateatzea.

Alderdi politiko bateko liderra bazina, zer egingo zenuke?

[Kar-kar] Gauza asko egingo nituzke. Ardura handia litzateke, daukagun egoerarekin. Erabaki garrantzitsu asko hartu beharko nituzke; gauza gehiegi, akaso.

Datorren astean, Hiru Damatxok zortzigarren eta azkeneko atala sareratuko du. Jarraitzaileak gehiago ikusteko gogoz utziko dituzue, ez duzu uste?

Hitz egin dugu ikusi duen jendearekin. Zenbaitek esan digute atalak motz gelditzen zaizkiela, eta gehiago ikusteko gogoz gelditzen direla. Baina lehen esperientzia da Hiru Damatxorentzat fikzioan. Gauzak neurtuz egin nahi izan dituzte. Oraingoz, hauxe dago. Gerora begira, ikusiko dugu. Behin amaituta, aterako ditugu ondorioak. Ez dakigu jarraipena egon daitekeen ala ez. Baina ni, behintzat, jarraitzeko prest nago.

Hiru Damatxokoek marketin digital aparta egiten dutela esango zenuke?

Bai, horretan lan bikaina egiten dute. Harrituta gelditu naiz horrekin. Ikusten da eroso dabiltzala Interneteko sare sozialetan eta zabalkunde hori egiten.

Euskarazko web telesail oso gutxi egin dira orain arte. Etorkizunean gehiago iritsiko dira?

Ez dakit, baliteke. Agian, ikus-entzunezkoetan hasiberriak direnak anima daitezke Txoministak ikusita. Motibazio bat izan daiteke.

ETBn azkeneko bost hilabeteetan ez da telesail baten atal bakar bat grabatu. Nola definituko zenuke egoera?

Erraza ez, behintzat. Eskamak kentzen-en bigarren denboraldiaren grabaketa zalantzazkoa da. Argi dago hutsune bat dagoela. Pilak jarri behar ditugu guztion aldetik. Ea denen artean hutsune hori betetzen dugun.

Maite Iturbek esan du ETB1eko euskarazko telesail baten atal baten aurrekontua 80.000 euro dela. Diru horrekin Txoministak-en zenbat atal egiten dira?

Grabatu dugun denboraldi osoa ziur, eta gehiago ere bai. Denboraldi bat baino gehiago egiteko aukera izango genuke.

Hobe erdipurdiko Goenkale bat, ezer baino?

Baliteke. Edo, bestela, hobe baliabide guztiak bildu, zerbait hobea egiteko, edo gehiago arriskatu. Arriskatu egin behar da fikzioan, baita beste esparru batzuetan ere. Arriskua hartu beharra dago, zentzu askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.