Sanferminak Iruñean. Hirugarren entzierroa

Arriskua eta izua

Orain arteko entzierrorik arriskutsuena eta luzeena egin dute Cebada Gago ganadutegiko sei adardunekHiru lasterkari adarkatu ditu lasterketa hasi bezain azkar atzean gelditutako zezen batek

Arriskua eta izua.
Iruñea
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Arriskutsu ospeari eutsiz, orain arteko entzierrorik beldurgarriena eta luzeena egin zuten Cebada Gago ganadutegiko zezenek (Cadiz, Espainia) atzo. Taldeak oso sakabanatuta egin zuen ibilbidea, eta Fugado izeneko zezenak arrisku handia sortu zuen Telefonicako zatian. Bitan itzuli egin zen, eta hesietan zeuden lasterkarien kontra ekin zion. Horretan ari zela, hiru lagun adarkatu zituen.

Zezen saldoak baturik eta joaldunak aurrean gidari zituela hasi zuen entzierroa. Santo Domingoko aldaparen erdian, baina, Juguetero izeneko zezen gaztaina kolore batek taldearen gidaritza hartu zuen. Santo Domingoko ukuiluaren eta zezen plazaren artean dauden 850 metro eskasak azkar egiteko asmoarekin abiatu zen, nonbait. Atzetik orpoz orpo zituen beste bi adardunekin batera, azkar asko pasatu zituen Udal plaza eta Mercaderes kalea. Estafeta kalera iritsi aurreko bihurgunean, baina, hesia jo eta irrist egin zuten hirurek. Estropezu horrek taldearen erritmoa moteldu zuen, eta oso sakabanatuta, errendakadan, bata bestearen atzetik heldu zen.

Astelehena izanik, ibilbidean ez zebilen asteburuan bezainbeste korrikalari, eta zezenen artean gustura korritzeko tarte franko izan zuten. Horregatik, Estafetan gustura ibili ziren korrikalariak adardunen artean, sartu-irteeran, elkarri traba handirik egin gabe.

Benetako arriskua eta izua entzierroa hasi eta berehala atzean bakarrik gelditutako zezen beltz batek eragin zuen. Mantsoago joan zen, eta ibilbidean zeuden lasterkariei erreparatuz eta ekiteko imintzioak eginez.

'Fugado' beldurgarria

Santo Domingoko aldapan estropezu egin, eta erori zen Fugado, 545 kiloko zezen beltza. Altxatu bezain azkar hasi zen ezker-eskuin begira, ibilbidearen bi aldeetan zeuden lasterkarien kontra. Aurretik joan zitzaizkion anaiak eta joaldunak, eta bakarrik egin zuen bide osoa. Udal plaza eta Mercaderes eta Estafeta kaleak garbi igaro zituen, baina Telefonicako zatira iristean itzuli egin zen eta korrikalarien artean izua eragin zuen.

Bitan itzuli zen adarduna eta bietan ekin zien lasterkariei. Lehenengoan, ezkerreko hesiaren ondoan zituenak adarkatu zituen, bete-betean. Aurretik zituen lasterkariek deituta, bideari jarraitu zion, baina berriz ere itzuli egin zen, eta itxituran zeuden lasterkarien kontra ekin zion. Izua zabaldu zuen une horretan. Azkenean, aurretik deika ari zitzaizkion lasterkariei zein atzetik zezena inork ez xaxatzeko zituen unaien ahaleginari esker, kailejoiko bidea hartu zuen. Han korrikalari pilaketa batekin topo egin arren, plazara sartu zen, eta kapotearen laguntzaz, plazako ukuilura eraman zuten unaiek.

Hiru adarkada

Zazpi izan ziren guztira ospitalera eraman zituzten lasterkariak; horietatik hiru, adarkada jasota. Hiru horietatik bi Erresuma Batukoak dira; bat, L.T., 29 urtekoa, ezker hankan adarkatu zuen zezenak, Kailejoiaren sarreran. Bestea, N.C., 20 urtekoa, eskuineko hankan adarkatu zuen, Telefonicako zatian. Adarkadaz zauritutako hirugarren laguna AEBetakoa da: A.D., 39 urtekoa. Hark ere eskuin hankan jaso zuen adarraren ziztada, Telefonicako zatian. Guztiak Nafarroako Ospitalean daude, baina ez daude larri.

Entzierroan zauritutako beste lau lagunak kolpeengatik eraman zituzten Bideko Ama Birjina erietxera. Orkatilan kolpea hartuta eraman zuten 32 urteko bilbotar bat. Beste hiru lagunak atzerritarrak dira: bi, espainiarrak, eta bestea, estatubatuarra. Guztiak ere orkatilan kolpea hartuta daude. Estatubatuarrak, gainera, bizkarrean lokadura bat ere badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.