Bertakoak dira, Euskal Herrikoak. Baina ez dira sobera. Galtzeko arriskuan daude hainbat euskal abere. Haiekin lan egitea zaila da, eta abeltzainek diru laguntza gehiago eskatzen dituzte. Lurralde bakoitzean egoera ezberdina da, dena den. Nafarroan egoera larria dela salatu dute betizuekin, Nafarroako behorrekin, Aurizko zaldiekin, Nafarroako kastarekin eta sasi ardiekin lan egiten duten baserritarrek. Beraz, PDR Nekazaritzaren Garapenerako Programa berrian bertako arrazentzako laguntzak sartzeko beharra azpimarratu dute.
Arraza bat galtzeko arriskuan dago 5.000 animalia baino gutxiago badira, eta 3.000tik behera egoera larrian dago. Egoera horretan dira ere ardi karrantzar muturbeltza, azpi gorria, Euskal Herriko mendietako zaldia, pottoka, Enkarterriko astoa, euskal txerria, euskal artzain txakurra, billano txakurra, montxina behia, euskal oiloa eta euskal antzara.
Animalien egoera ez da bera, eta lurraldearen arabera ere, aldatu egiten da. Zaila da animalia guzien zerrenda osatzea, Euskal Herriko elkarteak ez baitira elkarrekin aritzen. Euskal Abereak elkartea da handiena, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteak biltzen baititu.
Egoerari dagokionez, Nafarroako abeltzainek agertu dute kezkarik handiena. Nafarroako Gobernuaren murrizketa %100ekoa izan da azken urteetan, hala salatu du Juanjo Elizalde Nafarroako Betizu elkarteko presidenteak. Horren eraginez, Nafarroan behi arraza horren kopurua %20 jaitsi dela azaldu du. Egoera bestelakoa da Bizkaian eta Gipuzkoan, haren aburuz. Han suspertzen ari dela dio, eta, era berean, diru laguntzak mantendu egin direla. Laguntzarik gabe nekez egin dezakete aurrera.
Nafarroak aurretik hartutako konpromisoaren epea bukatu delako geratu dira diru laguntzarik gabe. Nekazaritzaren Garapenerako Programak bost urterako izaten dira, baina azkenekoaren epea bukatuta, diru laguntzak desagertu ziren. Egoera «oso larria» dela dio Elizaldek, eta baserritarrak desmoralizatu egin direla. PDR berria aurki sartuko da indarrean, eta esperantza dute bertako animaliak babesteko diru laguntzak sartuko dituztela. Nafarroako Gobernuak, gutxienik, hala esan die egindako bileretan. Gainera, diru laguntzarik gabeko urteengatik konpentsazioa ere eskatu dute, nahiz eta hori zailago ikusten duten.
Ez soilik Betizu elkartekoak, gainontzekoak ere mugitu egin dira. Adibidez, sasi ardien Sasiko elkartekoak ere Nafarroako Gobernuarekin biltzekoak dira. Patxi Lazkanotegi bertako kidea da, eta itxaropentsu dago; diru laguntzak jasoko dituztela uste du. «Eskerrak ere eman behar dira orain arte ailegatu garelako, baina honi luzapena emateko laguntzak behar dira, eta, arraza honek dituen zailtasunak direla eta, pixka bat igotzen ahalko balira, hobeki».
Nafarroako abeltzain batzuk Araba, Bizkai eta Gipuzkoara so daude. Hango diru laguntzak Nafarroarentzat eredu izatea nahiko lukete. Carmelo Elorriaga Euskal Abereak elkarteko kideak esan duenez, baina, diru laguntzak ez dira hain handiak. Behor eta astama bakoitzeko 174 euro gehienez, behi ama bakoitzeko 197 euro gehienez eta ardi ama bakoitzeko 141 euro gehienez. «Ez dira laguntza asko, baina bat bera ere ez balego, ezingo litzateke ezer egin. Nik uste dut zer edo zer gehiago behar dela, batez ere errentagarriak ez diren espezientzako».
Gainera, arraza guztiek ez dituzte bertako animalientzako laguntzak jasotzen. Euskal txerria, euskal oiloa eta euskal antzararen kasua da hori. Egoera horretan bertako animaliak heztea zaila dela uste du. «Zaletasun moduan arrazak mantendu daitezke, baina bertatik bizimodua ateratzeko laguntzak apur bat egokitu beharko lirateke gora eginez, errentagarritasun emaitza berak izateko». Horregatik, administrazioaren inplikazioa beharrezkotzat jo du, baita hedabideena ere, gizarteak bere har ditzan animalia hauek. «Batzuk jarraitzen dugun bitartean mantenduko da».
Ipar Euskal Herrian euskal abereak izateagatik ez da diru laguntzarik jasotzen. Hala jakinarazi du Xole Aire laborari baxenabartarrak. Hark euskal txerriak hazten ditu, eta laguntzak soilik animaliak behar duen ingurua atontzeko jaso zituen: etxola prestatu, aska moldatu, ingurua hesitu... %40 ingurukoa izan zen hark jasotako laguntza.
Airek onartu du diru laguntzak izatea onuragarria litzatekeela, baina ez zernahi egiteko. Bizkaian izan zen behi piriniotarrak ikusten, eta hango lan egiteko modu «pixka bat industrialak» harritu egin zuela dio. «Diru laguntzak bai, baina ikusi behar da ere zer egiten den, gibelean behar da proiektu eta araudi bat, behar da amodio pixka bat animalientzako».
Zailtasun gehigarriak
Elorriagak azaldu duenez, bertako arrazekin lan egitea zailagoa da. «Beti errentagarritasun eta produkzioa bultzatu denez, beste arraza batzuk egon dira goragotik eta hauek atzean geratu dira». Beraz, orain, haien artean desberdintasunak handitu egin dira. Gainera, mendietan ere arazo handiagoak dituztela uste du, animalia kopuru handiak behar baitira bertatik bizitzeko. «Negurako beste toki batzuk behar dituzu gastu txikiagaz pasatzeko, eta hori oso gaitza da».
Elizaldek ere antzeko arazoak aipatu ditu. Hark betizuak hazten ditu, eta beste arraza batzuekin alderaturik, ez dira hain errentagarriak. Haragi goxoa duela dio, baina eskasa, eta esne gutxi ematen du. «Produktibitatea txikia da, eta berarekin lan egitea ez da batere erraza, basa xamarra baita». Horregatik dio laguntzarik gabe ezin dela hezi.
Sasi ardien kasuan ere laguntzak beharrezko dituzte artzainek. «Garai batean mespretxatu egiten ziren, txikiak dira, jenio bizia dute eta biltzeko gaiztoak dira. Orduan, horrek ez du errazten lana, eta asko maite behar da harekin lan egiteko». Lan handiagoa izateaz gainera, ardi latxarekin alderatuta bildots gutxiago izaten ditu, adibidez. «Laguntza ekonomikoa ez da nahikoa; praktikan ikusten dugu zazpi urtean jasotako laguntzekin ez dela gazterik atxikitzen Nafarroako sistema tradizionalera».
Gaur egun lauzpabost artzain gazte direla esan du Lazkanotegik. Aurretik zirenen jakinduria lagun ari dira lanean, baina aitzinera egiteko asmoarekin, beste modu batera mantenduz. Indar egiteko, Hego Euskal Herriko elkarteak bilduko dituen konfederazioa sortzeko asmoa dute orain.
Animalia guztien egoera ez da bera, aitzitik. Adibidez, euskal txerria aurrera ateratzea errazagoa da. Hala esan du Elorriagak. «Txerriek ez dute laguntzarik, baina nahiz eta produktu asko ez eman gastuekin ez da hainbesterako ezberdintasuna». Airek ere ez dio zailtasun handirik ikusi euskal txerria hazteko lanari. «Biziki ontsa saltzen da, biziki haragi, xingar eta urdaiazpiko ona baitu; beraz, ekonomikoki laguntza handia da horien ukaitea».
Ia galdu egin zen Iparraldean, baina duela 25 urte laborari batzuek, arraza galtzear zela konturatu, eta elkartea sortu zuten. Ingalaterratik eramandako txerriaren alde egin zuten laborari gehienek. Zaila izan daitekeen arren, espeziea salbatzea eta ekonomia lotu behar direla uste du. Orain sor-marka babestua galdegin dute euskal txerriarentzat.
Altxor genetikoa
Arrazoiak anitz dira bertako animaliak babestu eta sustatzeko, abeltzainen aburuz. «Balio genetiko kalkulaezina da, hori mantentzea ezinbestekoa da», dio Elorriagak. Arrazoi bat aipatu du Lazkanotegik bertako arrazak babesteko: bioaniztasuna. «Sasi ardia bertakoa da, eta leku honetarako aproposa. Orain, ingurumenaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, ezin da hau galtzen utzi; mendia eta soroa garbitzeko aproposak dira; babestu egin behar da». Elizaldek dioenez, betizuek mendiak garbitzeaz gainera, bidezidorrak sortu eta mantentzen dituzte, eta suteak saihestea ahalbidetzen dute. Baina arrazoi praktikoez gainera, arrazoi sentimentalak ere badaude: «Gure hizkuntza, gure kirolak bezala, gure herriaren adar bat da hau».
Ezarian. Euskal abereentzako laguntzak
Arriskuan eta babes eske
Euskal Herriko berezko arraza batzuk galtzeko arriskuan dira. Nafarroan alarma piztu dute abeltzainek diru laguntzarik ez dutelako jasotzen, eta horrela jarraituz gero bost espezie galdu daitezkeela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu