Esperientzia kolektibo eta bakarkakoa. Biak uztartzen ditu Enbidia proiektuak. EHUko Arte Ederren Fakultateko hamaika irakaslek osatzen duen kolekti-bo bat da, elkarreragineko proiektu bat. 2009an jarri zuten martxan. «Norberaren sortze prozesua besteen ondoan jartzea da asmoa», dio Joseba Eskubi irakasleak. Taldeko kide bakoitzak irudi edo gai bat aukeratu behar du, eta horren inguruan margolan edo artelan bat egin. Ondoren, gainerako kideei erakusten die lana, eta bakoitzak gai horren inguruko hausnarketa egiten du, artearen tekniketan oinarritu- ta.
Behin taldeko kide guztien erantzunak jasota, lan horren inguruko ikerketa garatzen du hasierako abiapuntua jarri zuen artistak. Era horretan ari dira aurreko urteko azarotik. Orain, Eskubik bere ikerketa garatu du, «zuloaren inguruan». Lan horiek guztiak Bilboko La Brotxa galeria izandako lokalean jarri dituzte ikusgai, Conde Mirasol kalean,martxoaren 9ra arte. Irakasle bakoitzak egin duen ikerketa lana bi asteren buruan egongo da ikusgai. Erakusketa sorta ekainean amaituko da.
Bata bestearen lana ikertzeko esperientzia horrekin, orain arte taldeko sei kidek jarri dute erakusketa, esperientzia kolektibo eta bakarkako horretan oinarrituta. Iñaki Imaz, Fito Ramirez-Eskudero, Usoa Fullaondo, Lorea Alfaro eta Alberto Rementeria izan dira orain artekoak. Eskubiren erakusketa amaitzen denean, Daniel Tamayo, Txaro Arrazola, Txemi Medeiro, Rita Sixto eta Gentz del Valleren lanak iritsiko dira. Baina, edozein modutan, erakusketa guztietan artista horien guztien lanak egongodira ikusgai.
Zuloaren inguruko ikerketa
Erakusketa bakoitzeko, «ikerketa bat» egin dute, «ikerketa praktikoa. «Irakasle bakoitzak normalean egiten duen lanarekin zerikusi gutxi dute orain arte egindako ikerketa horiek», Eskubiren esanetan. Artista bakoitza bere ohiko tekniketatik aldendu da. «Abiapuntu bakoitzetik abiatuta, aldaketak izan ditugu denok, baina azkenerako bakoitzaren estiloa eta eskua sumatu egiten da», esan du.
Conde Mirasol kaleko lokalean jarri duten erakusketa kolektiboan, Eskubik zuloa hartu du gaitzat. «Nire etxe aldamenean dagoen ate puskatu bat irudikatu dut», eta gainerako irakasle guztiek abiapuntu horixe izan dute euren lan propioa egiteko garaian. Batzuek iluntasuna erabili dute, besteek erakustokiko horma bera lanak garatzeko garaian. Teknikari dagokionez, argazki, collage, bideo eta lan digitalen teknikak landu dituzte. «Jaso ditudan erantzunak oro har argazkigintza alorrekoak izan dira, ez piktorikoak». Eskubik berak, ordea, margolanak egin ditu. «Hori da nire alorra, batez ere».
Elkarlanaren fruitua
Enbidia proiektua 2009an hasi zen garatzen, Fito Ramirez-Eskudero Arte Ederretako irakasleak gainerako irakasleei elkartzeko beharra azaldu zienean. Helburua garbia zen: gainerakoen prozedura artistikoa ezagutzea. Irakasle bakoitzak gainerakoek nola lan egiten zuten jakitea zen asmoa, estudio propioetako moduak. Azkenean prozedura horiek guztiak elkartze zen asmoa. «Elkarren artean oso ezberdinak gara, eta bakoitzaren jokabide propioak eraldatzeko asmoarekin elkartu ginen», azaldu du Eskubik.
Prozesu horretan hainbat bilera egin dituzte Arte Ederretako irakasleek elkarren artean, eta prozedura «aberasgarria» izan dela uste du Eskubik, elkarrengandik asko ikasi baitute. Azaroan egiten hasi ziren erakusketak elkarren artean izandako bilera horien fruituak izan dira. «Azken urratsa izan da». Aurretik, elkarren artean eztabaida ugari izan dituzte.
Eztabaida horien ondorioz, hiztegi bat ere sortu dute. «Prozedura piktorikoak kontuan hartuz, gutako bakoitzak termino batzuk hartu behar zituen, pintatzeko garaian sortzen diren kezkakbiltzen dituzten terminoak». Hala, hainbat hitz bildu zituzten, eta liburuetatik bildutako aipamen eta definizioak bilduz, hiztegi hori sortu dute. Bilketa lan hori taldeko kideentzat aprobetxagarria izan da euren arlo propioan.
Behin hiztegi propioa eta elkarlanean hasteko asmoa garbi zeukatela, erakusketak non plazaratu bila aritu ziren Enbidia taldeko kideak. Bere garaian La Brotxa galeria izan zen lekua aprobetxatu dute: «Leku ona zen».
Erakusketak martxan jarri, eta proiektuaren asmoa garatzen ari dira. Alegia, artista bakoitzaren jokabide barrukoak argitara eramatea da. Orain arteko lanketan bide hori urratu dute, «oso esperientzia ona».
Arte Ederretako irakasleek sortze prozesua ikertu dute
Joseba Eskubi artistak zuloaren inguruan egindako margolanekin erakusketa bat osatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu