PROPOSAMENAK

Artea Baztango txokoen ispilu

Baztango Udalak Artearen Ibilbidea antolatu du uda osorako. Hamabost artistaren artelanak ikusteko aukera dago Elizondon, Arizkunen, Erratzun eta Iruritan Ainara Otegi 1 Artez josi da Baztan (Nafarroa), eremu hori ezagutarazteko. Baztango Udalak Artearen Ibilbidea antolatu du. Hamabost artistaren artelanak ikus daitezke, haien artean Jose Maria Apezetxea, Roque Lasa, Diana Iniesta, Xabier Soubelet eta Teresa Lafraguarenak. Ana Larrui Baztango Udaleko kultur teknikariak adierazi duenez, ibilbideko erakusketa gehienak Elizondon daude: «Hamabost erakusketetatik sei Elizondon daude; besteak Arizkun, Erratzu eta Irurita herrietan sakabanatuta daude».

Santxotena museoa, artxiboko irudi batean. SANTXOTENA MUSEOA.
Ainara Otegi
2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Artez josi da Baztan (Nafarroa), eremu hori ezagutarazteko. Baztango Udalak Artearen Ibilbidea antolatu du. Hamabost artistaren artelanak ikus daitezke, haien artean Jose Maria Apezetxea, Roque Lasa, Diana Iniesta, Xabier Soubelet eta Teresa Lafraguarenak. Ana Larrui Baztango Udaleko kultur teknikariak adierazi duenez, ibilbideko erakusketa gehienak Elizondon daude: «Hamabost erakusketetatik sei Elizondon daude; besteak Arizkun, Erratzu eta Irurita herrietan sakabanatuta daude».

Margolanak dira gehienak; hala ere, bestelako lanak ere badaude, adibidez eskulturak eta arkitektura lanak. Erakusketak leku berezietan kokatu dituzte: artista batzuen etxeetan eta estudioetan, Santxotena museoan, Mila Ananda erakusketa zentroan... «Jendeak gustuko du artisten sormenaren jatorria ikustea», azaldu du kultur teknikariak.

2003an egin zen lehenengo aldiz Baztango Artearen Ibilbidea. Larruik adierazi duenez, Lola Sarratea artistak proposatu zuen ibilbidea, Europako beste herri batzuetan arteari lotutako antzeko egitasmoak antolatzen zirela ikusi ondoren. Aurten ere, hogeigarren aldiz, udako egitasmo horrek aurrera jarraitu du, baina berezitasun batekin: Iruritako Jauregizarre Dorrea berriro ireki dute, bisita gidatuak egiteko. Eraikinaren arkitekturaz gain, dorreak aukera ematen du Iruritako dantza taldearen eta Baztango Laxoa pilota elkartearen erakusketak ikusteko.

Egitasmoaren helburua da artisten lanei ikusgaitasuna ematea, herritarrei udan Baztanen zer ekintza dauden jakiteko erraztasunak ematea, eta artelanen bidez Baztan ezagutaraztea.

Ikusleen zozketa

Artistak jatorri ezberdinekoak dira, baina gehienak, bertokoak. Larruik gaineratu du Baztango Udalak jasotako proposamen guztiak onartu dituela; izan ere, partaideak hautatzerakoan, kontuan hartu duten irizpide bakarra erakusketa Baztanen jartzea izan da.

Aurten, bigarren aldiz, zozketa bat antolatu dute; pandemiaren ondoren bisitariak gutxitu zirenez, jendea bertaratzera «animatzea» da asmoa. Parte hartzeko, 16 urtetik gora eduki behar dira. Hiru sari banatuko dituzte, ikusitako erakusketen kopuruaren arabera. «Erakusketa bakoitzean kutxa bat dago. Bertan, zigilua eskuratzeko, txartel bat eduki beharko dute izen-abizenekin eta posta elektronikoarekin», azaldu du teknikariak. Gutxienez zortzi zigilu eskuratu behar dituzte zozketan parte hartu ahal izateko. Zigilu kopuru hori lortuta, txartela erakusketara eraman behar dute irailaren 15a baino lehen. Zenbaketa egin ondoren, hiru sari banatuko dituzte: lehenengoa, bi pertsonarentzako afari bat; bigarrena, Baztango Zaporeak-eko produktuen saski bat, eta hirugarrena, Baztango liburu sorta bat.

Artelan batzuek Baztango paisaia irudikatzen dute, egitasmoaren kokalekua ezagutzeko aukera emanez. Larruiren iritziz, pandemiaren garairik txarrenean ibilbidea aurrera eramatea lortu bazuten, hurrengo urteetan berriro ere lortuko dute.

Artearen Ibilbidea
Uda osoan, Elizondon, Arizkunen, Erratzun eta Iruritan (Nafarroan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.