Artea sendagai bihurtuta

Haika Sortze espazioa ireki dute Donostiako Egia auzoan; hezkuntza eta osasun arloko profesionalei formazioa eta sorkuntza tailerrak nahiz gurasoentzako tailerrak emango dituzte.

Haika Sortze guneko hiru arduradun; zazpi lagunek osatzen dute taldea. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Artea norbere burua ezagutu eta emozioak kanpora ateratzeko baliabide gisa. Gatazkei aurre egin eta mamuak uxatu ahal izateko. Artea sendagaien pareko. Horixe proposatzen dute Haika Sortze elkarteko kideek. Hezkuntzaren, artearen eta osasunaren arloko hainbat profesionalek osatzen dute elkartea. Denbora zeramaten euren kasa biltzen, eta orain Donostian, Egia auzoko Ametzagaina kaleko 27an aretoa ireki dute, tailerrak eta ikastaroak emateko.

Osasun arloko profesional, hezitzaile, jantokiko langile, eta aisialdiko begiraleentzako bilgune izango da aretoa, batetik. Formazio programak landuko dituzte, eta laneko zalantzak argitu eta partekatzeaz gain, «hausnartu» egingo dute, Meskal Rosek azaldu duenez. Irakaslea eta psikologoa da.

Gurasoentzako ikastaroak egingo dituzte, bestetik. Haur nahiz gazteen jarrera aldaketak hobeto ulertzeko azalpenak emango dizkiete. Seme-alabekin gatazkak sortzen direnean nola jokatu behar duten jakiteko. «Harreman osasuntsuak bultzatu nahi ditugu. Gatazketan irtenbideak bilatu, eta komunikazioa errazte aldera». Gurasoek zer-nolako ereduak eta topikoak bereganatu dituzten jakin, eta euren puntu ahulak zeintzuk diren ohartzea garrantzitsua dela diote.

Sorkuntza tailerrak izango dira espazioko beste zutoinetako bat. Hazkunde pertsonalerako lanabes gisa erabiliko dute artea. «Ez da teknika tailerra izango; sormena garatzen lagunduko dugu. Artea sentimenduak kanpora ateratzeko bitartekari bihurtzen da horrelakoetan», dio Sonsoles Alama psikologoa eta psikoteraupetak. Idazketa, argazkilaritza eta plastikaren bidez, besteak beste, errazago azaleratzen dira norberaren korapilo eta minak. «Artearen bidez barneko gauzak modu inkontzientean ateratzen dira sarritan, eta aldaketa nabaritzen du pertsonak», esan du Blanca Lopez irakasle eta pedagogoak.

Bortxaketa baten kasua aipatu dute. «Askotan errazagoa da lehen pertsonan eta hitzekin azaldu ordez, antzezpen sinboliko bat eginez lantzea taldean», azaldu du Maria Montero Riosek. Psikologia klinikoan aditua da.

Edonorentzat irekita

Sorkuntza prozesuan eroso sentitzea da garrantzitsuena, sortzea eta jolastea berdina direlako oinarrian. Bakoitzak bere originaltasuna bilatzea da gakoa, pertsona guztiak baitira irudimentsuak, taldeko kideen aburuz. «Picassok esaten zuen gisan, inspirazioa existitzen da, baina lanean harrapatu behar zaitu».

Artea ez ezik, psikomotrizitatea ere jorratuko dute gorputzarekin eta emozioekin harremanetan jartzeko.

Auzoarentzat irekita egongo da aretoa. Nahi duenak bere proiektua erakusteko aukera izango du han. «Musika taldeek jo ahal izango dute, argazki erakusketak egin ahal izango dira, artelanak jartzeko parada izango da...».

Haika Sortze taldea zazpi lagunek osatzen dute, baina pertsona gehiagoren laguntza dute proiektuan, tartean Cristophe de Vareilles Parisen bizi den margolariarena. Arte terapeuta da. «Hemen zerbait berria da, baina gero eta gehiago ari da zabaltzen», dio Sonsoles Alamak. Hilabetean behin emango dituzte oraingoz tailerrak. Informazio gehiagorako 630-48 62 87 telefonora deitu behar da edo eraikitzen ari diren www.haikasortzeespazioa.com webgunea bisitatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.