Artearen erakusleiho

Hernaniko merkataritza suspertzeko xedez, 'Berriak artistekin' erakusketa jarri dute martxan: 11 artistaren 37 lan ikus daitezke herriko beste horrenbeste dendatan.

Juanra Rojoren Gereziak margolana, haren arrebaren Kaixo dendako erakusleihoan. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Hernani
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Bizitasun berezia suma daiteke egunotan Hernaniko kaleetan barna (Gipuzkoa). Herriko dendei kolore berezia darie euren erakusleihoetatik; Berriak elkarteari atxikitako dendei, behinik behin.

Izan ere, arte erakusketa bat jarri du martxan Xpressionk kultur elkarteak, Berriak Hernaniko merkatarien elkartearekin elkarlanean.Berriak artistekin erakusketaren bidez, artista ez-profesionalei margolanak erakusteko leku bat eskaini zaie dendetako erakusleihoetan.

Orotara, 11 artistaren 37 margolan daude ikusgai, beste horrenbeste dendatan. Helburua, herriko merkataritza suspertzea eta, bide batez, espresio artistikoa kalera ateratzea, denon begi bistara.

Berriak elkarteko kide diren dendek lekutxo bat egin diote arteari euren erakusleihoetan. Euren produktuez gain, beraz, artista ez-profesionalen margolanak dituzte ikusgai. Obraren ondoan,artistaren izen-abizenak jarri dituzte. Artistakin harremanetan jartzeko datuak ere baditu dendariak, baten batek artelana erosi nahi balu.

«Merkataritza dinamizatu nahi dugu, jendeari dendetara hurbiltzeko amua jarri», azaldu du Iñigo Martinez Berriak elkarteko kideak. 1993. urtetik herriko merkatari txikiak bildu eta herriko merkataritza bultzatzea du xede elkarteak.

Ikusgai dauden obren egile gehientsuenak hernaniarrak dira. Horrek akuilu lana egin dezakeela diote antolatzaileek. «Jendea jakin-minez herrikideen lanak ikustera joaten da», adierazi Jokin Telleria Xpressionk kultur elkarteko kideak.

Kultura eta merkataritza batu

Irabazi asmo gabeko kultur elkartea da Xpressionk, eta artista ez-profesionalei aukera emanez kultura sustatzea du xede. Telleriaren arabera, profesionalak ez diren artistek zaila dute euren lanak erakustea, horretarako aukera gutxi baitituzte.

Horrelako ekimenak dendarientzat «errentagarriak» direla dio Telleriak. «Merke ateratzen zaie, eta merkataritza dinamizatzen da», esan du.

Kale Nagusiko Kaixo dendako Lisi Rojok hala baieztatu du. «Jende gehiago sartzen da dendara artelanak ikustera». Haren anaia Juanra Rojo Gorri-ren Guatemalako lore saltzailea eta Gereziak obrak ditu ikusgai poltsa dendako erakusleihoetan. Kolore biziak dituzte biek. Ezizenaren eraginagatik edo, kolore gorria da nagusi, bai gerezietan, bai haurrak saltzen dituen loretxoetan.

Erakusketa martxan egonik ere, Ilargi dendako Maria Jose Sainzek dio dena nahiko «geldo» dagoela. Halere, lehenengo egunetan erakusleihoko Maria Carmen del Reyren artelanagatik galdezka sartu zitzaion lagun bat. «Ondo daude horrelako ekimenak herriko artistei laguntzeko», azaldu du.

Del Reyren lanek bost denda apaintzen dituzte. Erretiroa hartutako plastikako irakaslea da, eta txikitatik du margotzea atsegin. Kaletik jende askok geratu du eginiko lanagatik zoriontzeko.

Sofia Arostegi artistari ere ideia ona iruditzen zaio ekimena.Hura ere gelditu dute ezagunek egindako lanagatik galdezka. «Herri batean denok ezagutzen dugu elkar».

Ez da Expressionk-ek antolaturiko horrelako ekimen bakarra. Zarautz eta Errenterian (Gipuzkoa) antolatu izan dituzte horrelakoak, eta beste herri eta hirietan antolatzeko prest agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.