Gasteizko Alde Zaharrean, Pintore kaleko 92. zenbakian, zilar koloreko ateak dituen lokal bat dago, eta barruan ikus daitekeena imajinaezina da. 125 metro koadroko lokal horretan kanpin bat prestatu du Iñaki Larrinbe artista gasteiztarrak, dutxa, karabana eta guzti.
Proiektuaren bidez, Gasteiz bisitatzen duten turistak bertan geratzea nahi du Larrinbek, bi gauza batera egingo dituztelakoan: artea ikusi, batetik, eta bertan lo egin, bestetik. «Krisi ekonomikoa zirikatzeko era bat da», adierazi du Larrinbek. Obrari ere izenburu bitxia jarri dio artistak: Sauna Finlandiarra edo amildegi jaitsiera?.
Ideia artistarena izan da, nahiz eta lagunen beharra izan duenhainbat objektu muntatzeko orduan. Urte bat egin du proiektuan lanean Larrinbek, eta 30.000 euroko inbertsioa egin du. Proposamen eztabaidagarri horren bitartez bi kontzeptu batu ditu artistak; bata, kanpina eta bestea, brikolajea. «Biak oso merkeak diren abantailak dituzte, edozein pertsonaren esku dauden baliabideak direlako».
Oporraldietan ikus daitekeen kanpin baten antza du. Hormak kolore zuriz margotuta daude. Era horretan, espazioa handiagoa dela irudituko zaio bisitariari. Lurrean belarra dago, artifiziala baina belarra, azken finean. Horren gainean, karabana zuri-urdina, bi pertsonarentzako lekuarekin. Kanpora irten eta etzateko aulki zuriak daude, lasaitasun eta atseden tarteetan irakurri edota bertan esertzeko. Eguzkia hartzea, ordea, ezinezkoa da bazter honetan, sabaia erabat estalita baitago.
Ekipamendua primerakoa da. Karabanatik irten eta metro batzuk ibili ostean, sukaldearekin topatuko da bisitaria. Bitrozeramika, kafe makina eta edozein sukaldetan aurki daitezkeen tresnez osatuta dago. Komunak, aldiz, ez du ohikoen antza; umeek kanpalekuetan erabiltzen dituzten horietan dago oinarrituta. Dutxa eta komun bakar bat du eta, ondorioz, txandak antolatzea beharrezkoa izango da bisitari batek baino gehiagok ostatu hartzen badu.
Kulturaren borroka
Kanpin xelebre honetan gau bat pasatzeak 50 euro balio du. Prezio nahiko merkea, artelan batean lo egiteko aukera dela kontuan hartzen bada. Horretarako, Larrinbek 12 bonu jarri ditu salgai. Hamar Vital Kutxako Krea erakundeak ditu, eta beste biak Montehermoso kulturuneak. Interesa dutenek hara joan behar dute bonuak erostera. Bertan gelditzea erabakitzen duenak 23 orduz egoteko eskubidea izango du. Hoteletan egiten den bezala, ordu bateko tartea dute gelak garbitzeko.
Ekainean abiatu zuen proiektua eta iraila bukatu arte ireki nahi du. Denbora horretan oraindik ez da inor joan lo egitera, baina horrek ez du artista kezkatzen: «Horrek ez du esan nahi obra porrota izan denik». Are gutxiago, hainbat komunikabidetan oihartzuna izan du, eta horrekin konforme da Larrinbe.
Lan honen bitartez Gasteizko politikariek gogoeta egin dezaten ere nahi du. «Edozein hiritan turistak erakartzea eta haiek bertan dirua uztea bilatzen dute agintariek. Berdin dio hondartzako turistak edo turista kulturalak diren, gauza dirua nola edo hala uztea da». Las Vegasekin (AEB) alderatzen du gaur egungo kultura adiera hori: «Hirien artean badago borroka kultural bat, helburu bakar batekin: dirua lortzea».
Gasteiz bisitatzeko asmoa dutenek gaua pasatzeko bestelako aukera bat dute egunotan, ohiko lekuetatik kanpo. Abantailak dituen lekua. Artea ez ezik, gertu ditu hiriko gune erakargarrietako asko. Desabantailak ere baditu, ordea. Espazio itxia denez, ezin da naturaz gozatu.
Hirien arteanborroka kultural nabarmena dago,dirua lortzeko»
«Kanpina eta brikolajea uztartu ditut, edozein pertsonaren eskura dauden bi baliabide»
iñaki larrinbe
Artista
Artelan batean gaupasa
Iñaki Larrinbe artistak Gasteizen jarri du ikusgai bere azken lana. Hiria bisitatzera datozen turistentzat karabana batez osatutako kanpina jarri du, eta bertan gaua pasa dezakete bisitariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu