Zarauzko (Gipuzkoa) malekoian negu giroa nabari da egun hauetan. Hondartzaren albo alboan, jendea eguzkia hartzen ari den lekutik metro gutxira, paseoan dabilen jendearen ikusmira eta harridura sortzen du kartel batek: Artikoa apurtzen ari da. Malekoian dagoen erakusketaren izena da. Caixa Gizarte Ekintzak antolatu du erakusketa, Zarauzko Udalarekin elkarlanean, eta abuztuaren 27ra arte egongo da ikusgai.
«Jendea Artikoan gertatzen ari denaz jabetzea da erakusketaren helburua», adierazi du Raul Blanco arduradunak. Izan ere, Artikoko izotz geruzaren bolumena gutxituz doa urtetik urtera, eta horrek izan ditzakeen ondorioak ezagutzera eman nahi dituzte. Dena den, urtze prozesua baino askoz gehiago ikus daiteke erakusketan. Argazkiz, bideoz, objektuz eta maketaz hornitutako 200 metro koadroko eremuan, Artikoko bizitzaren eta ekosistemaren berri izan dezake erakusketara biltzen denak. Bisita gidatuak ere egiten dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz.
Artikoko izozmendien arteko ibilbide bat antzeratzen du erakusketak. Sartu bezain laster, haizearen eta naturaren soinuak inguratzen du bisitaria. Izotzezkoak diruditen hormetan, Andoni Canelaren argazkiak daude. Groenlandian, Alaskan, Kanadan, Islandian, Norvegian, Errusian eta Laponian atera ditu argazkiak Canelak, eta ikuslea apur bat gehiago hurbiltzen dute Artikoko naturara eta bizimodura.
Argazkiek erakusketaren zati bat baino ez dute osatzen, ordea. Maketa batek, esaterako, Artikoko izotzaren lodierak 1979tik gaurdaino izan duen bilakaera erakusten du, erabat modu grafikoan. Datuak garbiak dira: duela 30 urte 16.850 kilometro kubikoko bolumena zuen Artikoko izotzak; orain, berriz, 3.261 kilometro kubikokoa: laurdena baino gutxiago.
Bideo batek, berriz, urtze prozesua azaltzen du: «Kate bat da. Eguzkiaren erradiazioa Lurrera iristen denean, Artikoko izotzak ia %90 berriro ere kanpo espaziora islatzen du. Izotza urtzen bada, argi gutxiago igortzen da kanpora, eta Lurra gehiago berotzen da. Aldi berean, Lurra gero eta beroago egon, orduan eta gehiago urtzen da izotza». Entzungailu batzuen bidez entzun daiteke azalpena, emakume baten ahotsean.
Ipar aurorak nolakoak izaten diren ikusteko aukera ere ematen du erakusketak. Bobeda formako sabaia duen eremu itxi batean, zeru artikoa dago irudikatuta. Eremu horretako soinua, berriz, berezia da: Mari Boine abeslariaren doinu gozoa entzuten da, samieraz abesten.
Beste entzungailu batzuetatik, herri artikoetako ipuin eta kondairak entzuten dira, emakume ahots gozo batek kontatuta. Bitartean, istorio horietan aipatzen diren tresna, maskara eta bestelako piezak ikusten dira parean. Artikoko herriek duten tradizio kulturalaren berri du, hala, erakusketaren bisitariak.
Hemendik 30 urtera, izotzik ez
Lau milioi lagun inguru bizi dira Artikoan, hainbat talde indigenatakoak. Inuitak bizi dira Groenlandian eta Kanadako iparraldean; inupiatak eta yupikak, Alaskan eta Siberian; eta samiak, berriz, Eskandinavian eta Errusian. Hala, biztanle asko ez diren arren, hizkuntza eta kultura aniztasun handia dute. Erakusketan, mapa batean ikus daiteke eremu bakoitzean hitz egiten duten hizkuntza, kolorez bereizita.
Artikoan bizi diren lagun horien bizimoduaren berri ematen du erakusketak, gizakiak ingurune horretako baldintza gogorretara nola moldatu behar izan duen ulertzeko. Eta pertsonak bakarrik ez; animaliak nola egokitzen diren ere ikus daiteke erakusketan. Esaterako, animaliei oinak nolatan ez zaizkien izozten azaltzen da. Entzungailu batzuen bidez, berriz, Artikoko animalia espezie batzuen hotsak entzun daitezke.
Hango bizimodua erakutsita, Artikoa zaintzearen garrantzia erakutsi nahi dute erakusketan. Izan ere, izotza urtzearen ondorioz, Artikoko izozmendiak etengabe hausten ari dira. Erakusketan jendeari ikusarazi nahi diote Artikoan gertatzen ari diren aldaketa horiek mundu osoko kliman izan dezaketela eragina. Eta, aldi berean, munduan gertatzen diren klima aldaketekiko oso sentibera dela Artikoa. Hemendik 30 urtera, Ozeano Artikoa uda garaian izotzik gabe gera daiteke. Eta, izotz eremua murriztearen ondorioz, han bizi diren espezie asko arriskuan daude.
Artiko zati bat Zarautzen
'Artikoa apurtzen ari da' erakusketa ikusgai dago Zarauzko malekoian; Artikoko ekosistemaren berri ematen du, jendea klima aldaketaren ondorioez jabetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu