Bidaiaria

Josu Iztueta: «Artikotik tropikoraino joan nahiko nuke bizikletaz»

Ipar lurmuturretik etxerainoko bideari ekin dio Iztuetak, bizikletaz. 5.000 kilometro inguru ditu aurretik pedalei eragiteko, eta bidaiak 50 egun irautea espero du.

Josu Iztueta tolosarra, bere bizikletarekin, ipar lurmuturrean. JOSU IZTUETAK UTZIA
Josu Iztueta tolosarra, bere bizikletarekin, ipar lurmuturrean. JOSU IZTUETAK UTZIA
2025eko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Josu Iztueta (Tolosa, Gipuzkoa, 1957) ez da geldirik egoteko jaioa. Oraingoan, urte luzez bidelagun izan duen Nairobitarra aparkatuta utzi, eta bizikletari heldu dio Europa diagonalean gurutzatzeko. Nordkappetik (Norvegia) etxeraino ailegatzea izanen da erronka. Baina abentura ez da hor amaituko: udaberrian bizikleta berriz hartu eta etxetik Mauritaniaraino iristeko asmoa du. Polotik Sahelerat, hotzetik berorat, 50 egunez 5.000 kilometro inguru eginen ditu pedal kolpeka.

Eskandinavian ibilitakoa zara lehendik. Zer iruditu zitzaizun erakargarri, itzuli nahi izateko?

Nire leku kutunenetakoa da, beti harritu izan bainau gizakiak zer kapazitate duen muturreko egoeretara moldatzeko. Animalia bakarrenetakoak gara egokitzapen kultural bati esker zero azpitik edo gainetik 50 gradutan bizi gaitezkeenak.

Mauritania eta Norvegia, hain zuzen ere, tenperatura horietarat iristen dira...

Muturreko tenperaturak dituzte bi leku horiek, eta kontraste hori gustatzen zait. Ongizate mailari dagokionez ere, bata munduko zerrenden gailurrean dago beti; bestea, aldiz, nahiko behealdean. Norvegiako mekanikari batek 160 euro kobratzen ditu eguneko, eta hori, Mauritanian, hilabeteko soldata baino gehiago da.

Ibilbidea etapaz etapa prestatu duzu edo inprobisazioari lekua utziko diozu?

Ez dut egin egunez eguneko ibilbide orririk, baina pentsatzen dut 50 bat egunean iritsiko naizela etxera. Besteen oporrak nire lana izan dira beti, eta, ardura hori gainetik kendu, eta neure kasa bidaia luze bat egiteko gogoa nuen. Beraz, autonomoa izango naiz, eta soinean eramango ditut beharrezko gauza guztiak: lotarako denda, zakua, kozinatzeko ontziak, baita ibilgailua bera ere.

Horiek guztiak kilo batzuk izanen dira...

Lagun batek bigarren eskuko bizikleta elektrifikatu dit, eta hemezortzi kiloko pisua du orain. Bizikletako zakutoetan beharrezko gauzak sartu ditut lehenik. Bakarrik bidaiatuta ere, botika kutxa eta erremintak berdin-berdin eraman behar dira. Gero badaezpadakoei heldu diet, eta hasierako hamazazpi kiloak hogei bihurtu dira. Hala ere, gidari gisa ibili naizenean segurolagoa izan naiz, ondorioak taldeak pairatzen ditu eta.

Alabaina, pedalei eragiteko laguntzatxoa izanen duzu...

Bai, adinarengatik izan liteke agian; orain ez dut duela urte batzuk nuen sasoia. Dena den, jarrera kontua dela uste dut. Motibazioan dago gakoa, eta nik oraindik badaukat motibazioa.  

Euskal Herriko bazterrak ere ederki ezagutzen dituzu, ezta?

Leku pribilegiatuan bizi gara euskaldunok. Txikitan etxe ondokoa ezagutu genuen, eta gero atera ginen kanpora. Uste dut orain alderantzizkoa gertatzen dela. Niretzat oso inportantea da gertuko paisaia, jendea eta egoerak ezagutzea. Iruditzen zait ez dugula behar bezala baloratzen, eta pena ematen dit.

«Zorionez, bidaiatzea erraztu eta demokratizatu egin da, baina, tamalez, masifikatu egin dugu»

Orain errazago jotzen du jendeak kanporat?

Teknologiaren eraginez, asko merkatu da bidaiatzea. Zorionez, erraztu eta demokratizatu egin da, baina, tamalez, masifikatu egin dugu. Jendeak bere burua bidaiaritzat du, eta albokoa, berriz, turistatzat. Bien arteko diferentzia jarreran dagoela uste dut nik: naturarekiko kezka, bertakoekiko interesa, lekuarekiko jakin-mina...

Urte luzez ibili zara bezeroei oporrak antolatzen. Horiek ere aldatu egin dira?

Lehen, dena errazagoa zen. Basamortuan ura egotea izugarrizko poza zen, eta dutxa, berriz, ia-ia kapritxoa. Gaur egun jendeak exijitu egiten du, eta, basamortuan wifirik ez badute, zoratu egiten dira. Konformazio mailak gora egin du, eta maniatiko edo mokofinagoak bihurtu gara. 

Nondik datorkizu bidaietarako zaletasuna?

Txikitatik izan dut kuriositatea geografiarekiko, hizkuntzarekiko eta mundua nolakoa zen jakiteko. Jakin-mina izan da nire motorra. Gaztetan iraupen eskian eta piraguan ibiltzen ginen, baina askotan helburu baino gehiago aitzakia zen bazterrak ezagutzeko.  

Zaletasun hori ogibide bihurtu duzu, gainera.

70eko hamarkadan, auto-stop eginez Londresera egindako bidaia batean, Indiara zihoazen hippyen autobusak ikusi genituen, eta aukera ona zela pentsatu genuen. 23 urte nituela, mudantzako kamioi zahar bat erosi, eta etxe ibiltaria prestatu genuen. Horrela hasi ginen Nairobitarra autobusaren joan-etorriak egiten, eta bezeroekin bidaiatzea nire lanbidea izan da urte askoan.

Zure ustez, zein da arrakastaren gakoa?

Niretzat, sekretua ez da asko irabaztea, baizik eta gutxirekin bizitzen jakitea. Luxurik eta apaindurarik gabe bidaiatzeak, ausardia puntu batek lagunduta, gauzak errazten ditu. Beti esaten dut zortea dela lurrean lo eginda deskantsatuta jaikitzea; ohe eroso batean lo egin ezinik egotean izaten dira arazoak.

Dena den, ez da bizimodu erraza izanen, ezta?

Mailegu asko eskatu behar izan ditut nik nahi nuen bizimoldea aurrera eramateko. Matxurek, eguraldi txarrak eta pandemiek ziurgabetasuna eta zaurgarritasuna areagotzen dute. Muturreko egoeretatik asko ikasten da, baina ez nuke idealizatu nahi beldurra, gosea eta hotza pasatzea.

LOTSABAKO

Sahara ala artikoa?
Aita ala ama? Ezin dut aukeratu.

Bereziki gogoratzen duzun bidaiarik?
Groenlandiako espedizioa.

Euskal Herriko txoko kutunik?
Zelatun. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.