Kausoro izenez ezagutzen den zabalditik abiatu eta berehala Kauso I eta Kauso II izenez ezagutzen diren mairubaratzak topatzen dira, dauden lauretatik bat nahikoa ondo nabarmentzen delarik. Gure ezkerrera izei multzo bat eta errepidea utziz, Munagirreko —Bunaniarri ere esaten zaio— tontorrerantz zuzentzen den bidezidorra jarraitu dugu. Altuera hartzen dugun heinean, aldapa leundu egin da eta lehen izerdi tantak bekokitik irristatzen hasten direnerako gailurrean gara. Harri multzo batean, Lezoko mendizaleek jarritako danbolin batek gutunontziaren funtzioa betetzen du, eta hogei bat metro aurreraxeago, erpin geodesikoa. Mendilerroa jarraituz erraz heldu gara Biandizko lepora. Errepidearen azpiko aldetik doan bidezidor balizatua jarraituz, Artikutzako lur eremuan sartu gara (errepidean zehar Exakax-era ere jaitsi daiteke). Marka zuri eta horiak jarraituz auzoraino doan errepidearekin bat egin, hori gurutzatu eta pagadian murgildu gara. Ondo balizatutako bideak Exkaxpe errekara eraman gaitu. Bidea leundu egiten da eta isiltasuna da nagusi goroldioz jantzitako pago zaharren erreinu honetan.
Beste zubitxo batek Erroiarri erreka igarotzen lagundu digu, izen bera duen ur-jauziaren ondora heldu aurretik. Gure eskuinera eta bidetik at balkoi natural bat dago, eta kontu handiz ibili behar da gerturatzean. Bidera itzuli eta Elizmendi ingurura iristean ekosistemaren aldaketa nabarmenaz ohartu gara, pagadia atzean utzi eta haritz, gorosti eta hagin ale bikainak ikusteko parada izan dugu. Jaitsiera txiki baten ostean, Legarzuritan haritz amerikarrez osatutako gune bat zeharkatu dugu urtegia inguratzen duen pistarekin bat eginez. Beherantz abiatu, ataka metalikoa gainditu eta berehala heldu gara Artikutzako auzora.
Artikutza
Frontoiaren ondotik doan bidea hartu, Olazar etxea pasatu, urtegira doan pista utzi eta aurrera jarraitu dugu. Zerrategia gure eskuinera laga dugu, eta errekaren paraleloan doan pistan barna aurrera egin dugu. Zubira heltzean pista utzi eta eskuinetik ateratzen den bidezidorrari heldu diogu. Bide hori Artikutzatik Añarbeko urtegira doan ubidearen gainetik zabaltzen da, eta tarteka ur hodiaren zatiak lur gainean azaldu zaizkigu. Bide estua jarraituz garai batean Elamako meategi gunetik heltzen zen burdinbidearen plano inklinatuaren hasierara heldu gara. Bidea erosoa da, batere aldaparik gabe. Ezker aldean, Artikutza erreka gure mendean, eta eskuinera, berriz, pagoz eta haritzez osatutako baso trinkoak.
1919an erosi zituen Artikutzako lurrak Donostiako Udalak, eta 1947. eta 1960. urteen artean Enobietako urtegia altxatu zuen. Zenbait bizileku berritu eta beste batzuk eraiki ziren, egungo Artikutza auzoa dena sortu arte.
Urtean behin, San Agustin egunaren inguruan, Orreagatik Artikutzara joaten ziren nagusiak, bertakoei errentak kobratzeko. Gaur egun, berriz, abuztuaren 28an, San Agustin egunean hain zuzen ere, Artikutzan jai giroa nagusitzen da. Egun horretan ateak zabaltzen dira nahi duenak bertara joateko, baimenik eskatu gabe.
Presaetxe eta Berdabio
Xenda jarraituz erraz iritsi gara Ugaldeko presaren ondora. Eraikin txiki batzuk, erreka igarotzeko zubia, urtegi txikia eta ur-saltoa. Aurrera eginez, txabola zuri baten ondora ino eta ubidera jaitsi gara. Beste aldean, Presaetxe baserriaren aurriak ikusi ditugu. Hortik aurrera ura agerian izango dugu, eta bere ondotik marrazten den xenda jarraitu dugu. Tarteka, ubidearen horma erabiliko dugu leku estuak igarotzeko, betiere kontu handiz. Harana estutzen doan heinean, bideak bihurguneak marrazten ditu. Gorabeherarik gabeko ubidea segituz, laster iritsi gara Berdabioko baserriaren parera. Alanbrezko hesia gainditu eta xenda txiki bat bilatu dugu erreka ondora jaisteko. Zubi zaharra igaro eta errekaren beste aldean izango gara.
Ubidera itzuli eta aurrera segitu dugu Berdabioko zentral elektrikotik datorren pistarekin bat egin arte. Puntu horretan ubidea utzi dugu maldan gora jarriz. Lehen zatia igo eta eskuinera hartu dugu basoan murgilduz. Pinudi bat zeharkatu eta gertu dugu Kausoroko zabaldia.
Mendi ibilaldia
Artikutzako paraje ezkutua
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Kausoro, Munagirre, Bianditz lepoa, Exkax, Artikutza, Berdabio
- Distantzia: 15 km.
- Iraupena: 4 ordu eta 30 mn.
- Ingurunea: Artikutzako paraje misteriotsu eta ezkutatuenetako batean murgildu gara, Trabukoren kantan aipatzen diren parajeetan: Berdabion. Oiartzundik Artikutzara doan errepidea hartu eta Kausoroko zabaldian hasiko gara oinez.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu