Saioa Olmo. Artista

«Artxandako jolas parkeak, oraindik ere, bere xarma dauka»

Proiektu artistiko bati esker, Artxandako jolas parkearen ateak herritarrei berriz zabaltzea lortu zuen Saioa Olmok 2007an. Bertan behera utzitako jolas parkeari begirada berria eskaini nahi izan zion.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Artxandako jolas parkea baliatuz, zerbait artistikoa egitea otu zitzaion 2007an Maria Mur Bilboko Consonni ekoiztetxeko zuzendariari. Zeregin horretarako Saio Olmori deitu zion. Bisita gidatu batzuk egitea pentsatu zuen hark, parkea bere horretan utzita. Bisita horietan benetako eta fikzioko datuak nahasi zituzten. Helburua jolas parkea beste ikuspuntu batetik begiratzea zen. Horretarako atrakzio berriak sortu zituzten. Inoiz jolas parkean izandakoen oroitzapenak berpizteko atrakzioak.

Aztarna garaikideak ere artea izan daitezkeela diozu. Hondakinak aldarrikatu zenituzten Vuelven las atracciones proiektuan?

Artxandako hondakin garaikide horiek proiektu artistiko bat egiteko erabil daitezkeela erakutsi nahi izan genuen. Hondakin edo aztarna horiek gauza asko kontatzen dizkigute, eta euren balioa daukate. Ezer ukitu gabe, eta aztarna horiek beste ikuspuntu batetik begiratuz, jendeari esperientzia artistiko berri bat ematea bilatu genuen. Oraindik ere bere xarma dauka Artxandak.

Leku eta eraikin abandonatuek nor izan garen eta nor garen azaltzen dute?

Guri buruzko datu ugari ematen dituzte. Artxandako jolas parkearen kasuan, erakusten du itxaropen handiarekin eraiki zela, baina gero itxaropen hori ez zen bete. Baita beste gauza asko ere: eredu ikusgarri bat izorratzen denean zer gertatzen den, hondakinekin zerbait egiteko gai garen, ea benetan birziklatzen dugun, ekologiarekin zein harreman daukagun, arkitektura nola aldatu den, oroitzapenak...

Arrakasta itzela izan zuten bisita gidatuek.

Oso azkar bete ziren plazak. 500 pertsona parkera eramatea lortu genuen, hogei pertsonako taldeetan. Jende asko kanpoan gelditu zen, baina mugatu egin behar izan genuen kontua. Ez genuen etekinak ateratzeko asmoa.

Halako garrantzia izan zuen Artxandako jolas parkeak?

Zeri ematen diozun garrantzia. Nik esango nuke pertsonen oroimenean garrantzitsua izan zela. Jende askorentzat liluragarria izan zen; garai hartarako oso aurreratua zen, oso atrakzio modernoak baitziren. Bisita gidatuetara etorri ziren gehienek umeak zirelarik ezagutu zuten. Garai hartako talde famatuen kontzertuak ere egiten ziren. Ezkontza han ospatu zutela kontatu zigun bikote batek.

Zergatik itxi zuten?

Gauza asko elkartu ziren. Eguraldi txarra egiten zuen maiz, eta jendea udan joaten zen batez ere. Parkearen egitura eta orientazioa dela eta, haizeak gogor jotzen zuen. Igerileku handi eta polit bat ere bazegoen, baina hotza egiten zuen. Bestalde, errepidea ere ez zen ona, eta ilara asko egoten ziren. Sarreraren prezioa ere garestia omen zen garai hartarako. Langileak kexatu egiten ziren lan baldintzez, eta borrokak eta protestak egin zituzten. Oso langile finko gutxi zeuden, hamahiru inguru. Beste guztiak behin-behineko langileak ziren, udarako.

Itxi zenetik hona, zertarako erabili da jolas parkea?

Standard taldeak bideoklip bat grabatu zuen, Consonni ekoiztetxeak Lunapark argazki proiektua egin zuen, moda munduakere baliatu du. Hor dago baita nire Vuelven las atracciones hau. Guillermo Santamariaren El diente del diablo dokumentala, bestalde, hemen grabatu zen. Ertzaintzak txakurrak trebatzeko erabili izan du, eta aldundiak, gauzak gordetzeko.

Nola ikusten duzu Bizkaiko Foru Aldundiaren erabakia?

Aldundiak traste zaharrak gordetzeko erabiltzen du, eta 200.000 euro xahutzen ditu horretarako urtean. Gehiegizko gastua da. Uste dut eraitsi ez beste irtenbide bat topatu beharko litzaiokeela. Musika, kultura, kirola, ekologia... aukerak badaude. Herritarrei zabaldu beharko litzaieke eztabaida, ea zer egin, ea zer proposatzen duen jendeak... Beharbada, prozesu horretan dirua jarriko lukeen norbait dago. Bisitak egin genituenean jendeak ideia asko bota zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.