Ardiak larrean ibiltzen dira ondoen, libre eta lasai. Eta haiei segika makina bat ordu pasatzen dute artzainek. Gero, esnea bildu, eta gazta egiteko. Lan gogorra da haiena, eta hori ezagutzera emateko eguna izan zuten atzo Ordizian (Gipuzkoa): Artzain Eguna.
Eguraldi epela lagun, goizean goizetik jende ugari bildu zen alde zaharrean. Hiru adineko gizon tertulian ari ziren, dotore jantzita. Urtero bezala, 2.000 ardik kalea zeharkatu behar zuten, eta haiek noiz igaroko zain zeuden. «Aurki azalduko dira, 11:00etan da-eta ordua!», esan zuen haietako batek. Haiengandik gertu zeuden Oiartzungo (Gipuzkoa) emakume bat eta haren 5 urteko semea. Mutikoa desiratzen zegoen ardiak ikusteko, inoiz ez baitzen han egona. Batera eta bestera begira zebilen, ez zekielako nondik agertuko ziren. Eta hura izan zen ingurukoen artean animaliak ikusten lehena. Garrasika abisatu zion amari, eskuak gora igota: «Badatoz, badatoz!». Haurrari areagotu egin zitzaion emozioa amarekin partekatuta.
Artzainen ogibidea herritarrengana gerturatzearekin batera, Idiazabalgo gaztaren garai berriari ekiten zaio Artzain Egunean. Aurten, Roberto Ruiz Fronton jatetxeko sukaldariak eman dio sasoiari hasiera. Hark ebaki zuen lehen gazta, eta hitz hauek esan zituen jarraian: «Hau gazta ona!». Lehen sukaldaria artzaina bera dela nabarmendu zuen, ezinbestekoa delako produktu onak izatea kalitatezko platerak prestatzeko. «Euskal Herriko jatetxe guztietan egon beharreko produktua da Idiazabalgo gazta», erantsi zuen gero.
Ekitaldi berean, memoriari keinu bat egin zioten. Aranzadi zientzia elkartea omendu zuten, Euskal Herrian nahiz atzerrian artzainen kulturaren ikerketan eta hedapenean egindako lanagatik. Antolatzaileen arabera, haien jardunari esker ezagutu ahal izan da artzainen historia. Paco Etxeberria elkarteko presidenteak pozik hartu zuen saria, eta generoaren ikuspegitik ekarpen bat egin zuen: «Emakumeen, gizonen eta haurren gorpuzkiak aurkitu ditugu mendian. Lehen familia osoa mugitzen zen artaldearekin, orain gauzak aldatu badira ere».
Omenaldi eta sariekin jarraituz, erregulartasun kalitate sariak banatu zizkieten Jose Mari Iturralde Txirri-k ekoizten duen Itxaso Barrenetxea gaztari eta Luis Vicente Larrarteren Lizun gaztandegiari. Bestalde, Joseba Insausti artzain ordiziarrari aitortza ekitaldia egin zioten, Espainiako gazta onenaren saria irabazi zuelako iaz.
Gazta egitea ez ezik, saltzen jakitea ere funtsezkoa da. Horretan ari zen Itziar Etxeberria, udaletxe azpian jarrita, asteazkenero-asteazkenero bezala. Arizmendi gazta saltzen ari zen, eta produktu bakoitzaren ezaugarriak ondo ezagutzen zituen: «Hau freskoago dago, hau zaporetsuagoa da, probatu hau nahi baduzu...». Ama alboan zuela, postuaren atzean gelditu gabe ari zen, saldu eta saldu. Bitartean, aita kamioia deskargatzen ari zen. Aspaldi martxan jarritako familiako negozioa dute. Etxeberriaren aurretik, haren ama, amona, birramona eta herenamona ere hantxe egoten ziren, leku berean eta zeregin berean. Urte askotako esperientzia dutenez, krisi sasoia bizi izan dute, baina haren eraginik ez dute nabaritu: «Ordizian beti oso ondo saldu izan dut», esan zuen Etxeberriak. Dena den, lanbideari bere alde txarrak ere bilatzen dizkio. Opor gutxi izaten ditu, hara eta hona ibiltzen delako gazta banatzen. Halere, argi du: «Ez nuke nire lana ezergatik aldatuko».
Artzain gazta bultzatzeko eguna izan arren, ahuntz esnearekin egindakoa saltzen ari zen Xalba Cuadrado. Asteazkenero bezala, azoka izan zen plaza nagusian, eta han zeukan postua jarrita. Tolosako Aldaba auzokoa da (Gipuzkoa), eta hango talde batekin ekoizten ditu produktu ekologikoak: gazta ez ezik, ogia ere bazeukan saltzeko. Hogei urte daramatza Ordiziako azokara joaten, eta lana gustuko duen arren nahiko «gogorra» dela azaldu zuen.
Animaliak gustuko dituenak Ordizian bilatuko zuen zer eginik atzo. Gipuzkoako hainbat lekutako ahariak eta ardiak ikusteko aukera izan zen, eta aharien lehiaketa ere egin zuten. Gosetuta zebiltzanek, berriz, bildots errea eta taloa dastatu ahal izan zituzten. Hori bai, gehienei zain egotea tokatu zitzaien, ilara luzeak sortu zirelako. Gutiziaren bat erostea atsegin dutenentzat, eskulangileek saltokiak jarri zituzten inguruko kaleetan.