Rikardo artzain tradizionala da. Artaldea hartu, eta Urbasara igotzen da udaberrian; han egoten da udazkena iritsi arte. Lanbideari modu tradizionalean eusten dion artzain bakarrenetakoa da. Haren eguneroko bizitzan ateratako argazkiekin, artzaintza tradizionala nolakoa den erakutsi nahi izan du Iñaki Bergara argazkilariak; desagertzear dagoen bizimodu bat kontatu du Artzaina erakusketan.
Horretarako, zuri-beltzeko 60 argazki bildu ditu. Artzaina. Bizitza tradizio bati loturik liburutik ateratako irudiak dira. Ion Orzaiz kazetariak idatzitako azalpen testuak daude ondoan: artzaintzari buruzko informazioa eta Orzaizek Rikardorekin izandako elkarrizketak irakur daitezke horietan.
Kontaketa gisa egituratuta dago erakusketa, eta, pixkanaka, artzainaren eguneroko bizitzan barneratzen da, lau fasetan banatuta: transumantzia, mendiko egunerokotasuna, ardien erditze eta jaiotzak, eta artzain txakurren txapelketak. Mendiko baldintza gogorrak, arriskuak eta bakardadea ere nabarmendu nahi izan ditu Bergarak.
Atarrabiako Kultur Etxean ikus daitezke artzaintzari buruzko argazkiak, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 21:00etara.
'ARTZAINA' ERAKUSKETA
Noiz. Gaur hasi eta apirilaren 27a arte.
Non. Atarrabiako Kultur Etxean.
Artzainen betiko bizimodua
Artzaintzari buruzko erakusketa jarri dute Atarrabiako Kultur Etxean, Iñaki Bergararen argazkiekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu