Artzaintzari begiratua

'Artzaina. Bizitza bat tradizioari loturik' erakusketak artzainen bizimoduaren berri ematen du

Ricardo artzaina, jaio berri den arkume batekin. IÑAKI BERGARA.
Ilargi Agirre.
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Lanbideari modu tradizionalean eusten diotenak gero eta gutxiago dira. Nahiago dute etxe inguruan geratu. Uharte Arakilen (Nafarroa) Ricardo artzaina da bakarra. Maiatzaren hasieran artaldea hartu, eta Andia mendilerrora igotzen da uda igarotzera Ricardo. Artzain horren larruan jarrita, eta objektiboa erabiliz, artzaintza gertuagotik ezagutzeko aukera ematen du Artzaina. Bizitza bat tradizioari loturik argazki erakusketak. Iñaki Bergara da argazkilaria, eta Ion Orzaiz kazetariak testuekin osatu du lana. Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumen dago erakusketa abenduaren 18ra bitartean.

«Argazkilari izateak errealitate eta hainbat mundutara gerturatzeko zortea ematen du», azaldu du Iñaki Bergarak. Artzaintzak betidanik piztu izan dio arreta: «Galtzear dagoen bizimodua da artzaintza tradizionalarena, oso artzain gutxi igotzen baitira mendira abereekin. Izugarri interesgarria izan da hori barrutik ezagutzea». Erreportaje etnografikoa egin du, eta hainbat denbora tarte baliatu ditu horretarako. Lan erdia orain dela zortzi urtetik zuen egina, eta gainerakoa pixkanaka osatu du, pazientziaz.

Erakusketa izen bereko liburuan oinarrituta dago eta lau zati ditu: transhumantzia, mendiko egunerokotasuna, ardien erditze eta jaiotzak, eta artzain txakurren txapelketak. «Liburuko irudien hautaketa bat da erakusketa». Argazkiz argazki, artzainen bizimoduan barneratzen da pixkanaka ikuslea. Erreportajea, ordena batean, kontakizun gisa egituratuta egoteak erraztu egiten du hori, gainera. Hala, mendira igotzen ari direla artaldeen eszena dotoreak eta gazta nola egiten den ikus daiteke pausoz pauso. Arkume jaio berrien eta artzainaren eta txakurraren artean sortzen den harreman bereziaren berri ere ematen dute irudiek, besteak beste.

Argazkiak testuekin

Argazki guztiak zuri-beltzean dira; egilearen arabera, gaiak hala eskatzen zuelako. «Hasieratik ez nuen zalantzarik izan. Koloreen menpekotasunik gabe argazkiak beste modu batean ateratzeko aukera dago». Ion Orzaizen testuekin osatuta daude irudiak. Artzaintzari buruzko informazioa eta Orzaizek Ricardorekin izandako elkarrizketak ageri dira panel handietan erakusketan.

Zaila egin zitzaion hasieran mundu horretan barneratzea Bergarari, baina Ricardok ere ikasi zuen kameraren aurrean naturaltasunez mugitzen denborarekin: «Azkenean poseak ere egiten zituen». Liburuaren atzealdean azaltzen den argazkia aipatu du. Ricardo abarkak jantzita, eta txapela buruan, aulki batean eserita dago. Ezkerreko eskuan banaezina den makila du eta ezkerrekoan, aldiz, irrati txiki bat. Ondoan txakurra eta atzean artaldea.

Artzainengandik zuen irudi bukolikoarekin apurtzeko balio izan dio erreportajeak Bergarari. «Bizimoduak duen gogortasunaz jabetu naiz». Mendiko baldintza gogorrak, hamabi orduko lanaldi amaigabeak eta bakartua egotea nabarmendu ditu, besteak beste. Putreek ere arazo ugari sortzen dituzte. Izan ere, ardiak artile asko badute edo umea izateko badaude, estropezu egin dezakete, eta zutik jarri ezinik daudela, putreek eraso diezaiekete. Artzainak momentu oro egon behar du adi, ondorioz.

«Pasio handiz jarduten dute euren lanean. Bakardadea ea zer moduz eramaten zuen galdetzen genion, eta bera ez dela inondik inora bakarrik sentitzen erantzun zigun, abereen konpainia izaten baitu mendian beti».

Testuez gain, garai bateko artzainen jantziak erakusten dituen manikia ere badago Photomuseumen. Arropa tradizionalak saltzen dituen Iruñeko Texartu dendak utzi dizkie jantziak: «Eskolei begira, haurrak erakartzeko, jantziak erakustea ere egokia dela pentsatu dugu».

Zizur Nagusian (Nafarroa) egon da erakusketa, eta orain Zarautzen (Gipuzkoa) dago ikusgai, doan. «Photomuseum oso leku aproposa da gisa honetako erakusketetarako, eta areto gehiagoetara joan aurretik, han jarri nahi genuen». Martxoan Atarrabiara (Nafarroa) eramateko asmoa dute. Baina Bergara ez da proiektu horretara bakarrik mugatzen. Haitiri buruzko liburu bat argitaratzeko asmoa du, laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.