Arzaken ibilbidea saritu du 'Restaurant' gastronomia aldizkariak

Elena Arzak emakumezko sukaldari onena izendatzen duen 'Veuve Cliquot' sariaren atarian gelditu da

Erredakzioa
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Juan Mari Arzak sukaldari donostiarraren ibilbideari aitortza egin dio Restaurant gastronomia aldizkariak, Lifetime Achievement Award sariarekin. Urtero banatzen ditu sariok aipatu aldizkariak, eta munduko sukaldari hoberenen ibilbideak saritu asmo ditu.

Munduko jatetxerik hoberenen zerrenda osatzen du urtero gastronomia aldizkariak. Hurrengo astean da kaleratzekoa 2011. urteari dagokiona. Mundu osoan erreferentzia gisa hartzen dute aldizkariko gastronomia kritikoek helarazten duten zerrenda. Iaz, bederatzigarren postua bereganatu zuen Arzak jatetxeak.

Hala ere, zoriona ez da erabatekoa izan Arzak sendian. Elena Arzak Juan Mari Arzaken alabaVeuve Cliquot saria jasotzeko hautagaia zen, baina Ane-Sophie Pic sukaldariarentzat izan da, Valencekoa (Frantzia). Maison Pic jatetxean egiten du lan Picek. Munduko emakumezko sukaldaririk onenaren aitortza egiten du sariak, eta estreinakoz banatu dute aurten. Nadia Santini Italiako Dal Pescatore jatetxekoa zen saria jasotzeko beste hautagaia.

Aldizkariak Elena Arzaken familiaren sukaldeko tradizioa goraipatu du, eta Arzak jatetxea haren birraitonak eta birramonak 1897an ireki zutela gogorarazi du. «Elena sukaldari trebeen artean hazi da, eta amona, izeba eta ama izan zituen irakasle. Sukaldari hoberenen etxean ikasi ondoren; tartean, Ducasse, Troisgros eta Adria, Arzak jatetxera itzuli zen aitarekin laborategian lan egiteko». Aita-alabak modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka bilatzen dutela, eta bata bestearentzako inspirazio iturri direla azaldu du Restaurant-ek.

Sukaldari hoberenen kluba

Restaurant aldizkariaren sariarekin munduko sukaldari hoberenen zerrendari gehitu zaio Arzak izena. E'ckart Witzigmann austriarrak jaso zuen saria 2010ean; Joel Robuchon frantziarrak 2009an; Gualtiero Marchesik italiarrak 2008an; eta Alice Waters estatubatuarrak 2007an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.