Agurtzane Anduetza. Artista

«Askatasun ariketa da lan hau, askatasuna sentitzea beharrezkoa delako»

Agurtzane Anduetzaren 'Bizia gure eskuetan' erakusketa zabalik izango da, Senpereko Amotz auzoko Larraldea etxean, uztailean. Han biltzen direnekin sortuko ditu artelanak, orduan bertan.

2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Senpereko Amotz auzoko Larraldea etxean erakutsiko du Agurtzane Anduetzak (Zugarramurdi, Nafarroa, 1960) bere lan egiteko modua, bat-bateko lanekin. Uztail guztian, Hatsa elkartearen laguntzaz, erakusketan biltzen direnekin egingo ditu eskulturak, margoak eta argazkiak.

Lehenengo aldia al da bat-bateko erakusketa egin behar duzuna?

Honelakoa, bai; Larraldean bertan, beste antzeko bat egin nuen, espazio aldetik. Bete-bete egin nuen etxea, baina erakusketa normal bat zen: gai bati lotutako margolanak eta eskulturak. Nik ideia bat lantzea maite dut. Orain bi urtekoa Kontzientzien azia deitzen zen, eta oraingoarekin badu lotura. Aurtengoa niretzat askatasun ariketa bat da. Izan ere, lan egiterakoan kezka handiekin egiten dut. Beraz, askatasuna sentitzeko egin dut, beharrezkoa delako. Etxeko gela batean tailerra jarri dut; neure gauzekin, erreferentzia moduan. Beste gela hutsik dago, eta aurrerantzean guztia betetzen joango naiz. Oso kontent nago nire helburua lortzen ari naizelako. Aldiro joaten naizenean jaiotzea bezala da. Bertan osagai batzuk ditut, eta erabakiak hartu behar ditut hutsunea betetzeko. Ea lortzen dudan estetikoki ere betetzea.

Nondik datorkizu bat-bateko inspirazioa?

Kasu honetan, erakusketaren kartela mahai joko bat eta sagar batzuk dira. Frakzio bat esan nahi du: bizia eta jokoa. Inspirazio bizia da, eta sagarrak dira gurebizia. Baina inspirazioa leku guztietatik jasotzen dut. Bakarrik ez naizela kapaz obra bakarra lantzeko, beti koherentzia batekin lotutako hainbat egiten ditut. Horregatik, ez ditut erakusketak elkarlanean egiten. Gehien maite dudana sortzen den giroa da. Neuk ere ikasteko, aldiro ikasten baitut zerbait berria. Hausnartzeko egiten dudalako.

Bizia gure eskuetan izenburua nola bururatu zitzaizun?

Ez dakit, baina sentsazio bat da, badirudi jada ez dagoela ezer gure eskuetan. Askotan sentitzen dut guztia jarrita dagoela. «Zu horrelakoa zara» eta horrelako gauzek arazo handiak ematen dituzte. Nik ez dut soberan kasu egiten, eta norberak bere bizian protagonista izan behar duela uste dut. Ariketa gisa ere behar dut, bestela indarrak galtzea erraza da. Izan ere, bizitzeko protagonista izanda bakarrik bizi daitekeela eta zer edo zer alda daitekeela iruditzen zait. Badirudi ezetz, baina, nire iritziz, arteak aldatzen du. Artea intentzio on bat da, eta benetan badu eragina. Ongi egina bada, ez baldin bada kutsatzen, eragina du.

Zer material erabiliko duzu erakusketan?

Alde batetik, buztina; polita izanen da, ez dugu egosiko. Gero, berriro uretara botako dugu. Beste aldetik, normalean oleoa erabiltzen badut ere, oraingoan akrilikoekin eginen dut, azkarrago lehortzeko paper eta oihal gainean. Ez dut askorik maite, baina badoa, gustua hartzen ari naiz. Lurra, paperak eta nahi dudan guztia.

Zer dela-eta zaude Hatsa olerkien elkartearen barnean ?

Normalean, Iparraldean gauzak egiteko elkarte baten barruan egon behar da, eta lotura oso ederra sentitu dut olerkarien munduarekin. Konturatu nintzen nire lana olerkiak zirela. Lanak egiteko behar dudan koherentzia olerkiak bezalakoa dela ikusi dut. Osagai batzuk dira zerbait sentitzea eragiten dutenak. Horregatik ez ditut obra bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.