Marie Losier. Zinemagilea

«Askatzailea izan da genero arauak bihurtzen dabilen jendearekin lan egitea»

New Yorkeko undergroundaren erretratugilea da Marie Losier. Hara ikastera joan zen duela 20 urte, eta han geratu zen. Lagun batek oparitutako 16 mmko kamerarekin osatu du ezohiko filmografia.

Lady Jaye eta Genesis P-Orridge, Losierren filmean. Ebakuntza elkarren antza izateko, maitasunarengatik. M. LOSIER.
Edu Lartzanguren.
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
New Yorkeko undergroundaren erretratugilea da Marie Losier zinemagilea (Rambouillet, Frantzia, 1972). Artelekun (Donostia) dabil egunotan bere lana erakusten. Gaur, hiru film aurkeztuko ditu, 17:00etatik aurrera. Elkarrizketa honen bertsio luzea, Berria.info-n.

Gaur The Ballad of Genesis and Lady Jaye (2011) filma erakutsiko duzu. Genesis P-Orridge (Throbbing Gristle zein Psychic TV taldeetako sortzailea) eta Lady Jaye musikari bikotea dira protagonistak, baina ez da musikari buruzko filma.

Zazpi urte behar izan nituen filma egiteko, eta haien bizitzan sartu nintzen benetan. Ez nekien zer film mota egiten ari nintzen. Hasieran uste nuen musika dokumental bat egiten ari nintzela, baina, poliki, ikusi nuen amodio istorioak hori gainditzen zuela, maitaleon eraldaketarengatik.

Izan ere, elkarrekin horren maitemindurik zeuden, non ebakuntza estetikoak egiten hasi ziren, elkarren antza izateko .

Maiatasuna dela eta, artea eta bizitza nahasten ari zirela ikusi nuen, eta istorioaren alde erromantikoan arreta jartzen hasi nintzen. Oso harreman berezi, bitxi eta indartsua zuten. Bizitzeko eta artea egiteko muturreko modua zuten, baina euren maitasun istorioa oso normala zen, heterosexuala modu xelebre batean, eta oso erromantikoa. Pertsonaia soil eta hauskorrak dira, eta hauskortasun horrek erakartzen du ikuslea, ustekabekoa delako.

Maitasun erromantikoaren kontrako kanpainak egiten dituzte gure inguruan, eta zuk surrealisten amodio eroaren ideia berreskuratu duzu?

Ni oso erromantikoa naiz, eta amodio istorio xelebreak maite ditut, eta baita maitasun erromantikoak sortzen duen lotura hori, ez soilik pertsona batekin, baita hiri batekin, edo bizimodu batekin ere. Kasu honetan, gainera, artea, bizitza eta gorputzaren arteko banaketarik ez egotea maite nuen.

Erakutsiko duzun beste filmetako bat Peaches musikariarekin egin duzu.

Film laburra da, komedia bat: opera abesten Veneziako gondola batean. Veneziako Biurtekoan lan egin genuen elkarrekin.Nowness kazetak eskatu zidan egiteko. Pentsatu nuen niri eskatzen zidatenez, ez zutela film komertzial bat nahi izango. Emaitza ikusi zutenean, ezin zutela erabili esan zidaten: «Xelebreegia da». Beraz, niretzat gorde nuen, eta orain erakutsiko dut lehen aldiz.

Horretan ere, generoaren eraikuntza da kezketako bat. Queer teoriaren bidez hartu duzu interesa horretan?

Ez, inolaz ere ez. Ustekabean etorri zait hori guztia, adiskidetasunen bidez, ez horren bila aritu naizelako edo neuk horretan interesa nuelako. Baina generoaren ingurko gizarte arauak bihurtzen dabilen jende honekin lan egitea oso askatzailea izan da. Ez da pertsonen bizimodua edo desio modua epaitu behar. Genesis bezala, Peaches maitale erromantiko normal bat da: Cony senartzat izan du azken 11 urteotan, eta amodio istorio arrunt bat daukate.

Artistei ia dena barkatzen diete. Norbere pertsona nahi bezala eraikitzeko askatasun hori eredu izan al daiteke artista ez direnentzat?

Geruza asko ditugu denok. Askatasuna barruko gune batetik dator, baina leku beretik datoz hauskortasuna, zalantza eta beldurra. Ez dakit horiek eredu izan daitezkeen, jende askorengana heltzen ez den arte formak erabiltzen baitituzte. Ez dakit artista ez direnek euren pertsonak eraldatzerik izango duten, baina, gutxienez, diberti daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.