Asier Otxoa eta Izarraitz Zulueta. Aurtengo Zeledon Txiki eta Neska Txiki

«Asko entseatu dugunez, ondo egingo dugu, eta egunaz ahalik eta gehiena gozatuko dugu»

Hilabeteak daramatza gasteiztar bikote gazteak umeen egun handiko dantza eta egin beharrak entseatzen. Tokatu zaien ardurarekin pozarren daude biak, eta uste dute «primeran» aterako zaiela.

JUANAN RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2013ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asier Otxoa eta Izarraitz Zuluetak irribarre batez estaltzen dute urduritasuna. Pozik eta gogotsu daude tokatu zaien erronkarekin. Entsegu ugari egin ostean, uste dute prest daudela jendaurrean dantzatzeko. Biek daramatzate bost urte Neska eta Blusen kuadrilletan. Otxoak 11 urte ditu, eta beste horrenbeste beteko ditu Zuluetak euren estreinaren egunean. Txiki-txikitatik festa giroan murgildu dira, gurasoen eta kuadrillen eskutik. Otxoa Basatien koadrilakoa da, eta Zuluetak, berriz, Txirrika kuadrillarekin ospatzen ditu festak. Lagunen zein familiartekoen gomendioari jarraituz, egunari ahalik eta zuku gehiena aterako diote; ziur daude.

Nola izan zineten aukeratuak?

A.O. Niri, blusakoek duela urte batzuk Zeledon Txiki izatea nahi nuen galdetu zidaten. Baietz erantzun nuen, baina ez ninduten aukeratu. Baina aurten zortea izan dut, eta aukeratu egin naute.

I.Z. Nire kasuan, gurasoek galdetu zidaten ea Neska Txiki izatea nahi nuen, eta, zalantzarik egin gabe, baietz erantzun nien.

Zer egin zenuten aukeratuak izan zinetela jakitean?

A.O. Ni asko poztu nintzen, eta urduri jarri ere bai. Baina ilusio handiarekin jaso nuen berria. Hala ere, ezin nion inori esan oraindik. Sekretu gisa gorde behar izan nuen berandu arte.

I.Z. Nik, jakin nuenean, lagun batzuei eta familiakoei kontatu nien.

Nola eman zizueten berria?

A.O.: Niri Errege Magoek eskutitz bat ekarri zidaten. Zabaldu egin nuen, eta han jartzen zuen ni izango nintzela Gasteizko jaietako hurrengo Zeledon Txikia.

I.Z. Niri aita eta amak esan zidaten beste neska batzuekin batera Neska Txiki izateko hautatu nindutela. Nik egunero galdetzen nien ea aukeratu al zuten nor izango zen Neska Txiki. Azkenean, egun batean, ni aukeratu nindutela kontatu zidaten.

Zer esan dizuete lagunek eta familiakoek?

A.O. Guztiek zoriondu egin naute, eta momentuaz gozatzeko esan didate. Festa hauek niretzat bereziak izango direla esan didate.

I.Z. Nire lagunek eta familiakoek esan didate zorte handia dudala, eta inbidia pixka bat dutela tokatu zaidan ardura honengatik.

Zer moduz joan dira entseguak?

A.O. Asko entseatu dugu. Batetik, entseguetan, eta, bestetik, etxean bertan, gurasoen eta familiakoen aurrean. Ordu asko eman ditut entseatzen. Uste dut orain nahiko ondo ateratzen zaidala. Arin-arina ere nahiko ondo dakidala uste dut.

I.Z. Guztia ondo atera dadin asko entseatu dugu.

Aspalditik al zarete Blusa eta Nesken kuadrilletako kideak?

I.Z. Bai, nik bost urte inguru daramatzat nire gurasoen kuadrillan.

A.O. Niri erebeste horrenbeste gertatu izan zait; txikitatik, gurasoen Basati kuadrillako kidea izan naiz.

Aurretik ere dantzan aritzen zineten edo hau da lehenengo aldia?

A.O. Ni, aurretik, ez naiz inoiz dantzan aritu. Futbolean jolastu izan naiz betidanik, eta dantzatzearena erronka guztiz berria da niretzat.

I.Z. Ni ere ez naiz dantzari ibilia.

Zer espero duzue gaurko [atzoko] egunetik?

A.O. Oso polita izango dela uste dut, baina oso luzea ere bai.

I.Z. Asko gozatzeko eguna izango da, baina luzea era berean. Gelditu gabe ibiliko gara. Gainera, niretzat, are bereziagoa izango da, nire urtebetetzea delako. Beraz, familiarekin ospatzeaz gain, plazara hurbiltzen diren guztiekin ere ospatuko dut.

Hitz egin duzue aurreko urteetako Zeledon Txiki eta Neska Txikiren batekin?

A.O. Bai, esperientzia ahalik eta gehiena aprobetxatzeko esan digute. Gainera, Gorka Ortiz de Urbinak ere, aurtengo Zeledonek, zenbait aholku eman dizkigu

I.Z. Beraiek dantzatu zuten urtea nolakoa izan zen kontatu ziguten, eta ondo pasatzeko gomendatu digute, batez ere.

Asier, zuk ikusten duzu zeure burua etorkizunean Zeledonena egiten?

A.O. Bai, noski; imajinatzen dut neure burua Zeledonena egiten heltzen naizenean, eta plaza gurutzatzen. Gustatuko litzaidake. Oraingoz, erronka honekin jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.