Los Angelestik Boiserako bidaia egiten ari da Raul Imaz (Iruñea, 1978), Ignacio Amigorekin batera. 7.000 kilometro bizikleta gainean: horixe da erronka. Ameriketako Estatu Batuetako euskal etxeak lotu nahi ditu, euskal diasporari bizirik eusten dioten istorioen bila. Boisen amaituko dute bidea, bost urtean behin ospatzen duten jaialdian. Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte eginen dute festa eta, besteak beste, Gatibu eta Neomak izanen dira.
Zenbat kilometro egin dituzue jada?
Oraintxe bertan —maiatzaren 20an— 1.300 kilometro egin ditugu. Maiatzaren 1ean hasi genuen bidaia, Los Angelesen, eta handik Chinora joan ginen. Hori izan zen lehenengo etapa.
Non zaudete orain?
Turlocken gaude, eta hemendik Mantecara abiatuko gara.
Zenbat euskal etxe bisitatu dituzue dagoeneko?
Chinoko euskal etxea izan zen lehendabizikoa. Gero, Bakersfielden izan ginen; ondoren, Fresnon; eta, gero, Los Bañosen. Duela bi egun egon ginen Los Bañosen, eta bertako kideek piknik bat antolatu zuten. Egundoko besta izan zen, finean: bazkari bat prestatu zuten, musika jarri, eta jendea dantzan ibili zen. Aitzakia ederra izan zen jendea elkartzeko eta elkar ezagutzeko.
Zer-nolako harrera egiten dizuete euskal etxeetan? Harritu egiten dira?
Mezuak bidali nizkien bidaia hasi baino lehen, baina ez nuen erantzunik jaso. Adibidez, Chinon, baztandar batzuk ezagutu genituen, eta egitasmoa oso deigarria iruditu zitzaien. Bidaiarako kamisetak eta maillotak egin genituen, eta bertan ibilbidea ikus daiteke. Ibilbidea ikusten dutenean askok esaten digute erotuta gaudela: «7.000 kilometro bizikletan!». Beste askok esan digute Boisen ikusiko dugula elkar.
Hain zuzen, Boiseko hiria da helmuga. Ia hilabete baten ostean, gai ikusten al duzue zeuen burua Boisera iristeko?
Saiatuko gara. Orain San Frantziskora iritsi nahi dugu, eta gero Garbervillera joatea da asmoa. Arazoa da oso mendi handia dagoela Garbervillera sartzeko, baita bertatik ateratzeko ere. Pentsatzen ari gara ibilbidea aldatzea, eta kostaldetik Seattleraino joatea. Oraindik ez dugu erabaki. Hala ere, uste dut lortuko dugula Boisera ailegatzea.
Bidaia aurten antolatu duzue nahita, Boiseko Jaialdian egon ahal izateko, ezta?
Bai. Bost urtean behin ospatzen dute jaialdia Boisen; azkena ezin izan zuten egin pandemia zela eta. Besta handia antolatzen dute: kontzertuak daude, dantza ikuskizunak, pilotariak... Ameriketako Estatu Batuetako jende mordoa joaten da, euskaldunak, batez ere. Baina Euskal Herritik ere joaten da jendea.
Zer izan da zailena orain arte?
Alde batetik, distantziak ikaragarriak dira: 50 kilometro egin ditzakezu errepide zuzen batean. Beste alde batetik, azken bi egunetan haizea kontran izan dugu, eta 30 kilometro haizearen kontra egitea oso gogorra da, ez bakarrik fisikoki, baita mentalki ere.
Eta non egiten duzue lo?
Askotariko lekuetan. Los Angelesen aterpe batean egin genuen lo. Bestela, errepideko motel ugari daude, eta halakoetan ere egiten dugu lo. Kanpin denda ere badaramagu. Horrez gain, txirrindularien sare handi bat dago, eta horri esker topatzen ditugu lo egiteko lekuak.
Maizpide barnetegian izan zenuen bidaia egiteko burutazioa.
Hori da. Euskaltegian ikasi nuen euskaraz, eta, B2 azterketa egin behar nuenean, Maizpide barnetegira joatea erabaki nuen. Bertan Mikaela ezagutu nuen. Aita Gorritikoa du eta ama, estatubatuarra. Mikaelak kontatzen zuen nolakoa zen AEBetako euskaldunen harremana euskararekin, eta horrek arreta piztu zidan.
Familian badituzu Amerikara joandako kideak, gainera. Agian hortik ere badatorkizu interesa?
Bai, izan daiteke. Osaba bat Argentinara joan zen aspaldi. Gero, aitonaren anaia Mexikora joan zen bizitzera. Eta duela gutxi jakin nuen, bidaia antolatzen ari nintzela, beste osaba bat ere badudala Amerikan.
Lan handia izan al zen bidaia prestatzea?
Bai. Ideia duela hiru urte sortu zen; hori bai, ibilbidea hamaika aldiz egin eta aldatu nuen. Eta oraindik ere ez dago erabat itxita, ezinezkoa baita hiru hilabeteko plana aurretik zehaztea. Prestaketan oso garrantzitsua izan zen gainean eraman beharreko pisua kontuan hartzea, eta ezinbesteko gauzak soilik eramatea. Beti eraman ohi ditugu gauza gehiegi.
Diozuenez, bideaz gozatzea helmugara iristea baino garrantzitsuagoa da. Ari zarete bideaz gozatzen?
Bai, bai. Irudipena dugu pelikula baten barruan gaudela, etengabe. Dena da pelikuletan bezala. Gainera, dena da handia, horrek ematen digu atentzioa: distantziak, adibidez, ikaragarriak dira; ez da ikusten zerumuga non amaitzen den. Baina bai, disfrutatzen ari gara.
LOTSABAKO
Bisitatutako toki bat?
Whisky a Go Go musika aretoa, Los Angelesen.Bisitatutako euskal etxe bat?
Chinokoa.Bizikletarekin egiteko beste bidaia bat?
Asko ditut buruan. Adibidez, Georgia edo Kanaria uharteak.