Mikel Sanchez Duran zinemagilea (Gasteiz, 1999) eta Ariana Rac artista plastikoa (Gasteiz, 2000) dira Araba, lehen alaba dokumentalaren egileak. Arabaren nortasuna eta euskararekiko lotura aztertzen ditu lanak, besteak beste, lurraldearenganako maitasunetik eta belaunaldi baten memoriatik abiatuta. Egileen esanetan, prozesua ez da soilik sormen ariketa bat izan, baizik eta baita identitatearen eta harrotasunaren bilaketa kolektiboa ere.
Dokumentala Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean estreinatu zuten, irailaren 27an, eta harrera beroa izan zuen. Orain, egileek asmoa dute lana Arabako kuadrilla guztietara eta Euskal Herriko beste herrialde batzuetara zabaltzeko.
Arabarrak zarete biok, eta Arabari eskainitako dokumental bat ekoitzi duzue.
ARIANA RAC: Arabarrak izanda, euskaraz hitz egitean askotan izaten dugu urduritasuna. Beste lurralde batzuetara joandakoan, horrelakoak entzun izan ditugu: «Zuek ez duzue euskalkirik; batuan hitz egiten bakarrik dakizue». Askotan badirudi Araba azken alaba dela, eta hori aldatu nahi izan dugu.
MIKEL SANCHEZ DURAN: Bai, badago Arabaren ikusezintasun bat. Euskal hedabideetan Bizkaia, Gipuzkoa eta besteak dira nagusi, eta Araba askotan gutxietsita geratzen da.
Konplexu inposatu batetik askatzeko modu bat al da dokumentala?
SANCHEZ: Bai, baina historiaren bitartez. Dokumentala da, eta Araban badugu historia. Belaunaldi baten historia kontatzen du lana, euskaldun egiten gaituena.
Horregatik elkarrizketatu duzue 60 urtetik gorako jendea?
RAC: Beharrezkoa iruditu zitzaigun haien bizipenak jasotzea. Azkenean, haiek ekarri dute euskara berriro Araba aldera. Lan handia egin dute, eta oso garrantzitsua zen hori dokumentatzea.
Zuei ere balio izan dizue Araba ezagutzeko eta harrotasuna pizteko?
SANCHEZ: Bai, prozesu polita izan da. Araba ederra da: paisaiak, herriak, jendea... Denetik dago.
RAC: Oso lurralde plurala da.
SANCHEZ: Lurralde berean paisaia, jendea eta ohiturak nola aldatzen diren ikusten duzu, eta dena da ederra.
Zenbat iraun du prozesuak?
RAC: Grabatzen martxoan hasi ginen, baina ideia lantzen, otsailean. Ondoren etorri zen edizio eta muntaketa lan guztia.
Diziplina ezberdinetako sortzaileak zarete. Nola konpondu zarete?
SANCHEZ: Oso ondo. Batak besteari lagundu dio, eta bion artean sortu dugu dokumentala, pausoz pauso.
RAC: Taberna batean kañabat hartzen ari ginela sortu zen ideia! Handik aurrera, dena modu organikoan joan da. Dokumentala asko aldatu da prozesuak iraun bitartean: gure ikuspuntua, edukia... dena.
Bestelakoa zen hasierako ideia?
RAC: Euskal kulturarekin lotutako lan bat izan behar zuen. Baina, azkenean, hori baino askoz gehiago da: arabar identitatearen inguruko dokumental bat da, arabar identitatea Euskal Herriaren testuinguruan kokatzen duena.
Izaskun Arrue kulturgunean estreinatu zenuten lana. Nolakoa izan zen harrera?
SANCHEZ: Lana bihotzez egindakoa da, eta hori nabaritu zen. Kulturgunean harrera bikaina izan zuen; jendea pozik eta hunkituta atera zen. Arabako istorio hauek ez dira inon kontatzen, eta jendeak eskertu zuen arabarrei hitza ematea.
RAC: Oso polita izan zen adin guztietako jendea egotea: lagunak, adinekoak, gazteak, elkarrizketatuak... Giro ederra sortu zen; harrotasuna eta emozioa izan ziren nagusi.
Dokumentaletik kanpo geldituko ziren hainbat istorio...
SANCHEZ: Bai, leku guztietan daude istorioak. Zorte handia izan dugu ezagututako jendearekin, baina badira istorio gehiago, eta kontatu egin behar dira.
RAC: Orain, Arabako kuadrilla guztietara zabaldu nahi dugu proiekzioa, eta baita Euskal Herriko beste herrialde batzuetara ere.
Esan duzue hurrengo dokumentala Trebiñuri buruzkoa izango dela. Zer kontatu nahi duzue?
SANCHEZ: Bai, hori da gure helburua: Trebiñuren historiaren bitartez azaltzea zer den lurralde hori.
RAC: Bertako bizilagunen ikuspegiaren berri jakin nahi dugu: zer pentsatzen duten eta zer nahi duten. Trebiñuk berezko kosmologia bat du, eta merezi du dokumental propio bat.
SANCHEZ: Hasieran pentsatu genuen Trebiñu ere lehen dokumentalean sartzea, baina ohartu ginen bere kabuz landu behar dela.
Hasita zaudete jada lan horretan?
RAC: Ez; oraindik ez. Beste proiektu batzuekin gabiltza orain.
SANCHEZ: Oraingoz Araba, lehen alaba zabaltzen jarraitu nahi dugu: xehetasunak fintzen, jendearengana hurbiltzen... baina Trebiñu buruan daukagu, eta egingo dugu proiektua; baditugu hainbat kontaktu.
Garrantzitsua al da arabarren nortasuna eta euskaldun izatearen harrotasuna sendotzea?
RAC: Dokumentaleko emakumeekin hitz egitean, adibidez, berez ateratzen zitzaien harrotasun hori. Guk ere sentitu dugu hori: «Hau nire lurraldea da».
SANCHEZ: Ikusi dugu zer-nolako borroka eta esfortzua egin diren Araba defendatzeko eta euskalduntzeko.
RAC: Prozesu ederra izan da Araba zein berezia eta ederra den konturatzea, eta hori guztia jasotzea.
lotsabako
Zein izan da zuen inspirazioa?
RAC: Araba bera.SANCHEZ: Poliki-poliki sortuz joan gara.
Beste dokumental bat?
SANCHEZ: Bosco.