'Sustraiak' dokumentalaren zuzendarietako bat

Ander Espallargas: «Askotan, ezkondu ondoren, emakumeak behartuak sentitzen ziren baserrian bizitzera»

Emakumeek baserrian izan duten egitekoa ikertzen du 'Sustraiak' dokumentalak. Batzuetan, baserriak matriarkatuarekin lotzen diren arren, askotan harreman behartua zeukaten emakumeek haien etxearekin.

Ander Espallargas, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU
Ander Espallargas, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Zarautz
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Gazte belaunaldiek atzera begiratu ohi dute, lehenago bizi ziren pertsonen bizimoduak eta ohiturak ikertzeko. Horren adibide da Ander Espallargas (Zarautz, Gipuzkoa, 1996), Sustraiak dokumentalaren zuzendarietako bat. Baserriak ditu oinarri ikus-entzunezko lanak, bertan hazi, bizi izan diren eta lan egin duten emakumeak zehazki. Gizon baserritarraren irudia errotu da historian, baina emakumearen rola nabarmentzeko eta ikertzeko sortu dute Sustraiak. Bihar, 19:00etan, Legazpiko (Gipuzkoa) kultur etxeko areto nagusian ikusteko aukera izango da.

Nondik dator Sustraiak sortzeko nahia?

Sustraiak Ander Beizamaren [Zarautz, Gipuzkoa, 1996] eta nire proiektua da. Biok ikus-entzunezko mundutik bizi gara, eta lan bat egiteko gogoarekin elkartu ginen. Euskal nortasuna ukitu nahi genuen, horren inguruko mitoak jaso, ikertu eta proiektu bat sortu.

Zergatik bideratu duzue dokumentala emakumeen ikuspegitik?

Askotan entzun izan dugu Euskal Herriko baserrietan matriarkatu moduko bat gailentzen zela, eta kontakizun horretan barneratu nahi izan genuen.

Nortzuk izan dira protagonistak?

Lau lekukotasun jaso ditugu. Bi emakume zaharragoak dira, 70 urtetik gorakoak, eta beste bi 30 urte ingurukoak. Haien bizipenak jaso ditugu, eta horretan ardaztu da lana. Protagonistak Beizamakoak [Gipuzkoa] eta Errezilgoak [Gipuzkoa] dira, denak baserritarrak.

Desberdintasun asko antzeman dituzue bi belaunaldien artean?

Bai. Alde batetik, baserrian bizitzeko hautuak arrazoi ezberdinak ditu haien artean. Lehen, emakumeak, gizon bat ezagutu eta harekin ezkondu ondoren, haien baserrira mugitzen ziren, ez zegoen beste aukerarik. Gaur egun, aldiz, baserrian bizi diren emakumeek hori bera aukeratzeko ahalmena dute.

Iraganarekin alderatuta, oso desberdina da egungo emakumeen bizimodua baserrian?

Lan banaketa ez da berdina gaur egun. Lehen, gizonak kanpora joaten ziren: egurra moztera, ardiekin ibiltzera... eta emakumea baserrian geratzen zen, etxea eta bertako baratzeak zaintzen. Gaur egun, aldiz, komertziorako pentsatuak daude baserriak, eta lanak berdintasun handiagoan banatzen dira.

Ikerketa lana abiatu zenuten ikus-entzunezkoarekin hasi baino lehen?

Hala da. Ikerketa prozesu bat egin genuen, amateur moduan. Hainbat txosten eta ikerketa begiratuz, emakumeen papera ikertu nahi genuen, jakiteko nola bizi ziren eta diren baserrietan. Hainbat merkatu bisitatu genituen, bertako emakume baserritarrekin hitz egiteko eta gure proiektuan parte hartzera gonbidatzeko. Ez zen erraza izan jendea guregana hurbiltzea; gainera, hasieratik argi genuen soslai desberdinak nahi genituela, eta belaunaldi ezberdinak ere bai.

Ikertu ondoren, baieztatu dezakezue matriarkatua nagusitzen zela baserrietan?

Ez. Emakumea baserrien oinarri oso garrantzitsua izan da historikoki. Baina, hala ere, askotan, ezkondu ondoren, emakumeak behartuak sentitzen ziren baserrian bizitzera. Asko erromantizatzen ditugu baserriak; lehen esan bezala, gure kulturaren ikur handi bat direlako, baina genero zapalkuntzaren adibide garbia bilakatu ziren emakumeentzat. Lan banaketa garbi ikusten zen, eta askotan... ez diet presondegi deitu nahi, baina bertatik ateratzea ez zen aukera bat.

Gizarteko ikur handi bat izan arren, gaur egun ahaztu egiten dira baserriak?

Bai, nik uste dut hori ukaezina dela. Iraganeko bizimoduak goraipatzea oso ohikoa da gaur egun. Guztia, esan bezala, irudi erromantiko batean sartuz. Oraingo baserritarrei, aldiz, Euskal Herrian ez diegu ematen merezi duten garrantzia, eta denek jaten ditugu haiek ereindako lurretik sortutako produktuak.

Nolako kritikak jaso ditu Sustraiak filmak?

Emanaldiak hainbat herritan egin ditugu, eta harrera oso ona izan da. Emanaldiaz gain, solasaldi moduko bat egiten dugu, baserriaren irudi erromantikoaren eta matriarkatuaren inguruan hitz eginez. Solasaldi oso politak atera zaizkigu, eta, oraingoz, oso pozik gaude. Beste hainbat herritara hurbiltzea da gure helburua.

lotsabakoa

Baserri bat? Dokumentalean agertzen den Beizamako Maritxurena. Argazkia ala bideoa? Argazkia. Euskal Herriko txokoren bat? Markina-Xemein. Erreferente bat? David Beriain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.