Sei joaldunak aurretik eta Cadizko Fuente Ymbro ganadutegiko sei zezenak atzetik. Halaxe atera ziren hamabi adardunak Santo Domingoko ukuilutik. Aldapan gora egin ahala, ordea, zezen beltz batek sekulako abiadura hartu, guztiak gainditu etasei metro aurretik jarri zen Udaletxe plazara iritsitakoan. Inguru horretan argi ikusi zen ohi baino jende gutxiago zegoela.
Aurretik zihoan zezena Mercaderes eta Estafeta arteko bihurgunean hesiaren aurka egingo zuela zirudien, baina abiadura moteldu eta ondo hartu zuen bihurgunea. Gainontzeko zezenak taldeburuari jarraitu zioten. Ezkerraldeko hormatik gertu samar egon arren eta hor korrikalari batzuk geldi egon arren, zezenak aurrera egin zuten.
Estafetan abiadura handian jarraitu zuen, eta taldeburua hain azkar zihoan gorriz jantzitako korrikalari bat aurretik eraman zuela. Gainontzekoak bere gainetik iragan ziren.
Estafeta erdialdera iritsitakoan, zezen bat labaindu eta taldea asko ireki zen. Hortik aurrera, korrikalariek tarte handiak izan zituzten adar artean korrika egiteko. Korrikalari finek gogoko dituzten baldintzak ziren. Estafetatik atera eta Telefonicako tarte horretan, aurreko entzierroetan baino jende gutxiago zegoen. Taldeak eta metro batzuk atzerago zihoazen bi zezenak zuzen plazara joan ziren. Horrela, bi minutu eta 22 segundotan amaitu zen entzierroa. Aurtengo sarfeminetan, orain artean entzierrorik azkarrenetan bigarrena izan zen, hain justu.
Atzoko lasterketa azkarrean hiru pertsona izan ziren ospitaleratuak: zezenek D.M.N 26 urteko segoviarra zapaldu zuten, udaletxe inguruan, eta besoan min hartu zuen. Bideko Ama ospitalera eraman eta senda-agiria eman zioten arratsaldean. Estafetan zezenek aurretik eraman zuten D.G.D 35 urteko madrildarra. Zauriak ditu bizkarrean eta eskuineko hankan, baina diagnostiko arina da. I.A.B 29 urteko errioxarrak, berriz, kolpe handia jaso zuen, Telefonica inguruan, eta eskuineko bularraldean kontusioa du.
Igandean zauritutakoak larri daude oraindik, baina onera egin dute
Dramatikoa eta beldurgarria izan zen herenegungo entzierroa. Miurak asteburuan jarri ohi dira, entzierroa taldean eta arazorik gabe egin ohi dutelako. Igandean ohartarazi zuten zezena zezen dela beti. Mercadereseko bihurgunean, Dondequiera-k Errioxako Jose Maria Garcia adarkatu zuen lepoan. Ospitalean dago, larri, baina onera egin duela jakinarazi dute.Hortik aurrera, Ermitaño zezenak eragin zituen une beldurgarriak. Zezen-plazara sartzean, Pello Torreblanca iruindarra bularraldean eta iztarrean oso larri zauritu zuen. Nafarroako ospitaleko larrialdi zerbitzuetan dago, baina igandeko gaua egonkor pasatu duela jakinarazi dute.