ATZEKOZ AURRERA

Aste Santuko Urteberri eguna

Bilboko Basque Fest jaialdiaren barruan, itsasadarrean bisita antzeztu bat egin dute ontzi batean. Urtezahar gaueko ospakizunak aurreratu dituzte, eta hiriko historia kontatu dute.

Bisitari guztiak dantzan jarri zituzten Begotxu eta Mirentxu pertsonaiek, Urteberria eta Bilboko Aste Nagusiaren hasiera antzeztuz. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udaberri betean egonagatik ere, Bilbon Urteberria ospatu dute egun hauetan. Itsasadarrean zehar, eta itsasontzi baten barruan, gainera. Urte amaierako hotzik ez du egin, eta, zerua lainotuta egonagatik ere, ez da Urteberri eguneko berokirik izan bertan. Bai, ordea, ospakizun horretan ohikoak diren mozorroak eta lepokoak. Goxotasunean eta Urtezaharretako espirituarekin esan zaio agur 2017. urteari Bilbon, eta ongi etorria eman 2018ari.

Urte berriaren ongietorri jaia ez dute behin bakarrik egin, ostegunetik atzo arte egunero hamalau bider egin baitute. Izan ere, Bilboko Basque Fest jaialdiaren barruan, Bilboko itsasadarraren bisita antzeztuak egin dituzte egun hauetan guztietan. Eta Urteberri ospakizuna aitzakia bat besterik ez da izan hiriaren beraren historia azaltzeko, labur bada ere. Atzo amaitu ziren bisita horiek, eta Bilboren historia hori ez da euskaraz jasotzerik izan; gazteleraz egin dira itsasadarrean egin diren bidaia antzeztu guztiak.

Pio Baroja plazan hasi zen atzo egin zuten bidaietako bat, eta, ontzian sartu bezain pronto, mozorrotu egin zituzten bidaiari guztiak Begotxu eta Mirentxu bi pertsonaiek. Mirentxu bera gaixo zegoelako, eta 2017. urtearen amaiera ikusiko ez zuelako pentsatu zuen Begotxuk berak Urtezaharra ospatzea, eta egun hori bisitari nahiz bertako herritarrekin partekatzea. Bidaiariekin etengabeko hartu-emanean ibili ziren bi protagonistak bisita osoan, une oro ikusleak taula gainera aterarazi eta ospakizunekin bat egitera gonbidatuz. Urtezaharra ospatzeko, Ramon Garcia eta Anne Igartiburu telebista aurkezleen rola jokarazi zien bi bidaiariri. Atzerako kontaketa eta kanpaiekin batera eman zioten horrela hasiera 2018. urteari, «Feliz año nuevo!» eta «Happy new year!» oihuen artean. Aldiz, «Urte berri on!» hitzik eskaini ere egin gabe.

Ospakizun gehiago

Baina Urteberriaz gain, bestelako ospakizunak ere antzeztu zituzten Begotxu eta Mirentxuk. Itsasadarreko bidaiak San Anton zubiraino joan, eta berriz ere abiapuntura itzulia egin zuen, bidean Arriaga antzokia igaroz. «Plazak txikia ematen du, baina Aste Nagusiari hasiera ematen dion txupinazoa bertatik botatzen da, eta jendez gainezka egoten da», esan zuen Begotxuk. Aukera baliatuta, ikusleen artetik beste bi bisitari gonbidatu zituzten oholtzara, eta txupinera eta pregoilari lanetan jarri zituzten. «Gora Aste Nagusia! Gora Bilbo», oihukatu, eta Kepa Junkeraren abesti ezaguna jarri zuten bozgorailuetatik. Marijaiaren plantan jarrita, bi pertsonaiak ontzian aurrera eta atzera hasi ziren Aste Nagusiaren hasiera bera ere ospatuz. Urteberri egunetik Bilboko Aste Nagusira ez baitago hainbeste denbora, ospatzeko gogoa baldin badago behinik behin.

Bi ospakizunekin bat egin zutenen artean zegoen Iratxe Trozaola bilbotarra. Bertakoa izanagatik ere, hiriaren historia ezagutzeko aukera berri baten moduan hartu zuen, eta familia osoarekin Urteberria ospatzera igo zen ontzira bera ere: «Modu original batean ezagutu ahal izan ditugu ezagutzen ez genituen istorio bitxi batzuk, eta hori beti da aberasgarria». Turistei bideratutako ekinaldi horiek bilbotarrek euren hirian turismoa egiteko ere baliadezaketela erakutsi zuen adibide horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.