Aurreko denboraldiaren arrakastaren ostean, Pausoka ekoizpen etxea eta ETB Go!azen telesail musikalaren atal berriak prestatzen ari dira. Iaz bezala, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Donostian egingo dituzte grabaketak. Ordu bateko hamahiru atal grabatuko dituzte, ekainaren 20tik abuztuaren 25era bitartean. Irailean hasiko dira denboraldi berria ematen. Bideoa: bideoklipa. (Jarraitu irakurtzen bideoaren ondoren).
Hainbat aktore berri ariko dira aurreko denboraldiko aurpegi ezagunekin batera: Sara Nieto, Nerea Mazo, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain —Bago!aztalent-eko irabazlea—. Era berean, Asier Oruesagastik (Goenkale) sukaldariarena egingo du, eta Nerea Gorritik, irakaslearena.
Pausoka ekoizpen etxeko arduradunek iragarri dute aurten apustua egingo dutela proiektua transmedia bilakatzeko. Sare sozialetan ahalegin berezia egingo dute. Bestalde, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Go!azen-en abesti ezagunenaren bertsio berezi bat egingo du. "Garai guztietako abestiak kantatuko dituzte telesailean, Negu Gorriak eta Hertzainak taldeen kantetatik hasi eta Huntza edo Xabi Solanorenganaino", esan du Pausokako Xabi Zabaletak. Aurten, euskal kulturaren munduko beste erakundeekin lan egiteko ahalegin berezia egingo du telesailaren lantaldeak.
EITBren Bilboko egoitzan Bihotzetik ezpainetara bideokliparen aurkezpena egin dute, 250 haurren aurrean. EITBren eta Eusko Jaurlaritzaren euskara sustatzeko kanpaina berriaren barneko bideoklipa da. Aurkezpenean parte hartu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Pausokako Xabier Zabaletarekin eta ETBko zuzendari Edu Barinagarekin batera. Baita Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Gipuzkoako Diputaziokoak, Laboral Kutxakoak eta Euskaltelekoak ere. Bideoa: bidekliparen aurkezpena (Argazki Press).
[youtube]https://youtu.be/f-9BhirlwMo[/youtube]