Astebete eskasean, zortzi hautagai berri

Bizitzeko kondizioak izan ditzaketen exoplaneten kopurua eguneratu dute, eta hogei dira orain

Amaia Portugal.
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurkitutako exoplaneten kopuruak gora egiten duen heinean, halaxe ari da handitzen Lurraren antzekotasun indizean emaitza onak izaten dituztenena ere. Hala, potentzialki bizigarritasun kondizioak dituzten exoplanetak hamabi ziren joan den astean, eta hogei dira orain. Lehengo astean Kepler-en bitartez aurkitutako lau planeta batu zitzaizkion zerrendari, eta herenegun beste lau, Hertfordshireko Unibertsitateko (Ingalaterra) ikerketa talde batek egindako ekarpenari esker.

Hogei exoplaneta horiek bi multzotan daude sailkatuta, bizigarritzat jotzeko irizpidea kontserbadoreagoa edo baikorragoa izan. Sailkapen kontserbadorean hamar exoplaneta sartu dituzte (horietatik lau konfirmatzeke), eta horiek dira harrizko egitura eta ur likidorako tenperatura egokia izateko hautagai nagusiak. Beste hamar planetek ez dituzte, ustez, hain baldintza egokiak, baina bai zerrenda horretan sartzeko adinakoak. Bigarren multzoan sartzen direnen artean, bi exoplaneta daude konfirmatzeke.

Lurrarekiko 0,85 eta 0,53 arteko antzekotasun indizea dute hogei gorputz horiek. Saenzek adierazi bezala, eguzki sistemaz at topatutako planeta guztiak Lurra baino handiagoak dira. Tresneria hobetu ahala, masa txikiagoko gorputzak aurkituko direla eta bizigarritasun aukerak dituztenen zerrenda handituko dela espero da.

Exoplaneten katalogoa eguneratzearekin batera, bilduma horretaz arduratzen diren Puerto Ricoko Unibertsitateko adituek azpimarratu dute hogei exoplaneta horietako batzuk izar beraren orbitan topatu direla. Zehazki, lau izarren inguruan topatu da bizigarria izateko aukera duen planeta bat baino gehiago. Horrexegatik, iradoki dute arrunta izan daitekeela sistema batek askotariko planeta bizigarriak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.