Jaiak. Karmenak Santurtzin

Astebeteko festa aurretik

Festarako egitarau oparoa prestatu dute Santurtzin herriko jai batzordeak eta txosna batzordeak

Karmengo Ama Birjinaren prozesioa Santurtziko jaietako une berezi bat da. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Txosnek, kuadrillek, haurrek, gazteek eta nagusiek eman zioten hasiera aurtengo Santurtziko jaiei aurreko ostiralean. Jendetza bildu zen jaietako lehen egunean. Mentxuri —Santurtziko jaietako sinboloa den kaioa—eta Sardinoari—txosnek berreskuratutako sardina— ongietorria emateko. Arratsalde erdialdean botatako zaparrada salbu, giro ezin hobea izan zen gau osoan portu ondoan dauden txosna eta tabernetan. Asteburu bizia pasa dute santurtziarrek, baina oraindik astebete dute aurretik herriko festez gozatzeko.

Oso egitarau aberatsa antolatzen dute Santurtziko jaietarako, parte hartze handia izaten baita. Alde batetik, udalaren erakunde autonomoa den Serantes kultur aretoak eta jai batzordeak egitarau ofiziala prestatzen dute.

Jai batzordea erabat irekia da, norbanakoek, kuadrillek eta hainbat elkartetako kideek parte hartzen dute. Beste alde batetik, txosna batzordea dago. Jai gune berezia sortzen dute portuan bata bestearen ondoan ilaran jarrita dauden hamazazpi txosnek.

«Txosnak dira Santurtziko jaien bereizgarri nagusia», dio Ander Jimeno (Santurtzi, 1985) txosna batzordeko kideak. Azaldu duenez, duela 20-25 urte jarri zituzten lehen aldiz txosnak Santurtzin, eta ordutik indar handia dute jaietan, erreferentzia gune nagusietako bat dira. «Kanpoko horrenbeste jende etortzen da txosnetan gune indartsu bat sortu dugulako», adierazi du Jimenok. Txosnek euren tradizio propioa sortu dute. Besteak beste, Sardinoaren tradizioa berreskuratu zuten duela bost bat urte. Urtero, txosna batek egin behar du sardina baten itxura duen panpina. Hori egunero ibiltzen da txosnetan barrena, eta azken egunean erretzen dute.

Kuadrillen lehiaketa

Jimenoren hitzetan, ostegunean egiten duten Gazte Eguna da jaietako egun berezienetariko bat. Normalean, Santurtziko jaietan arratsalde-gau partean ibiltzen da jendea, eta egun horretan, goizetik izaten da giroa. Hori dio Jimenok. Aurrekontuaz galdetuta, Jimenok aitortu du aurten aurrekontua igo egin dutela txosnetarako. Gaur egun indartsu daude, eta «apustu garbi bat» egin nahi izan dute jaien alde.

Txosna batzordearekin batera, bada parte hartzea ahalbidetzen duen beste fenomeno bat: kuadrillak. Nabarmentzeko modukoa da kuadrillek jaietan duten eginkizuna. Ehunka lagun batzea lortzen dute 50 kuadrilla inguruk. Jaiek irauten duten hamar egunetan, hamaika proba egin behar dituzte: hala nola playback, jauzi, tortilla edota sangria txapelketak. Jaietako azken egunean Gorka sarien—Oscar sarien parodia bat— banaketa egiten dute txosnetako agertokian. Bertan, kuadrillek jaietan zehar irabazitako puntuen arabera sari batzuk irabazten dituzte: emakume kuadrillarik onena, gizon kuadrillarik onena, kuadrillarik onena, kuadrilla txikirik onena eta abar. Kuadrilla mugimendua zabaldua dago eskualde osoan, baina Santurtzin indar berezia hartzen du. Horrek, halabeharrez, puntu berezi bat ematen die herriko jaiei.

Saturtziko jaiek badute beste ezaugarri garrantzitsu bat: kontzertuak. Arrazoi horregatik ere kanpoko jende asko biltzen da Santurtzira. «Puntako kontzertuak lortzen saiatzen gara, beti ere, estilo aldetik aniztasuna bultzatuz», dio Danel Bringas (Santurtzi, 1974) Kultura zinegotziak. Aurreko urteetan Village People eta Boney M artistek jo dute Santurtzin. Aurten, besteak beste, asteartean Fangoriak, asteazkenean Canteca de Macaok eta ostegunean Gatibuk joko dute. Txosnetako aurtengo kontzertu nagusia, berriz, asteazkenekoa izango da: EH Sukarra eta Hesian taldeek joko dute.

Horretaz guztiaz gain, jai gunearen kokapen ezin hobea ere kontuan izan behar da. Hori da herritarrek nabarmendu duten beste ezaugarrietariko bat. Txosnak, kontzertu gunea, barrakak, tabernak eta Santurtziko parkea, denak daude elkarren ondoan. Denak festarako prest, eta bata bestetik hurbil. Horri tren eta metro geltokien hurbiltasuna ere gehitu behar zaie.

Tradizioa mantenduz

Udalak nabarmendu duen beste ekitaldi bat Karmengo prozesioarena da. Prozesio horrrek ehun urteko baino gehiagoko historia du, eta, kultur zinegotziak dioenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Karmengo Ama Birjinaren omenez egiten den prozesiorik zaharrena da. Santurtziren itsas iraganari lotua dago tradizio hori. Bringasen irudiz, herriak jasan duen industrializazio guztia kontuan hartuta, «txalogarria» da tankera horretako tradizio bati eutsi izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.