Proposamena

Astebeteko ospakizuna

Bilboko Zazpikaleetako Zazpi Katu gaztetxeak hamazazpi urte bete berri ditu. Urteurrena ospatzeko, aste osoko egitaraua antolatu dute.

7Katu
Bilboko Zazpi Katu gaztetxea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urko iridoy alzelai
Bilbo
2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

2007ko urtarrilaren 13an hasi zen Zazpi Katu gaztetxearen ibilbidea. Hiru urte geroago, Bilboko Zazpikaleetan sortutako gazte asanbladak Solokoetxeko eskaileretan dagoen eraikina okupatu zuen. Harrezkeroztik, ehunka ekitaldi egin dituzte han: kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak... Hamazazpigarren urteurrena ospatzeko, joan den astelehenaz geroztik jardunaldi bereziak egiten ari dira gaztetxean, igandera arte.

Gazte aktibazioari buruzko hitzaldi batekin hasi zen astea Zazpi Katun. «Urtero plangintza berdintsua egiten dugu. Astelehenak, astearteak eta asteazkenak egun lasaiagoak izan ohi dira, jendea lanean edo ikasten dabilelako. Hala ere, jendearen interesekoak diren gaiak hizpide izaten saiatzen gara», esan du Jone Arostegi gaztetxeko kideak. Asteartean, Bizimoduak birpentsatuz, eredu berriak eraikiz hitzaldia egin zuten, eta «denen arteko solasaldi» bilakatu zen azkenerako. Atzo, euskara izan zen ardatza, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bilboko Euskalgintzak bideratutako mahai inguruan.

Gaur egitaraua «animatzen» hasiko dela esan du Arostegik: «Ostegunetan, gazteak parrandan ateratzen dira, eta, gainera, asteburua bertan dago». 20:00etan, Gilkitxaro antzerki taldeak Identitarteak lana antzeztuko du gaztetxean. Ondoren, asteko lehen kontzertua izango dute, DJ Amatakirekin, 22:00etan. Ostiralean, kontzertu gehiago izango dituzte: Sukena, Suaia eta DJ Xirimiri. Musika emanaldiak 20:00etan hasiko dira, baina 17:30erako ginkana bat prestatua dute gaztetxeko kideek.

Larunbata «egunik beteena» izaten dela aurreratu du Arostegik: «Larunbatean, jendeak ateratzeko gogoa izaten du, eta askok ez dute betebeharrik izaten». 11:30ean, magiaz beteko da gaztetxea, MaGorka magoak tailerra emango baitu, eta ikuskizun bat egin ere bai. Poteoa 13:00etan hasiko da, eta bazkalordura arte iraungo du. Urtero bezala, herri bazkaria egingo dute Zazpi Katun, 14:30ean hasita. Bazkalostean, BRST taldearen kontzertu akustikoaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek, Akerrena tabernan. «Kontzertuak 20:00etan hasiko dira, eta, gutxi gorabehera, gauerdira arte iraungo dute. Ondoren, 01:00era edo 02:00etara arte izango da musika, auzokideak errespetatuta betiere», azaldu du Arostegik. Akaleia eta Kinkila taldeen kontzertuak izango dira larunbatean, eta Uki Selektahk itxiko du kontzertu gaua.

Parranda giroa gehienbat gazteentzat prestatua den arren, «adin guztietako herritarrentzako jarduerak» antolatu dituzte Bilboko Zazpikaleetako gune autogestionatuan, Arostegiren arabera. «Igandean bertso saio bat izaten da urtero, eta jendez betetzen da beti, adin guztietakoak», adierazi du gaztetxeko kideak. Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Enare Muniategi arituko dira bertsotan, 17:30ean hasita. «Astearen amaieran, musikarekin segitu, eta jam session bat egingo dugu, inprobisazioari lekua egiteko asmoz», gehitu du Arostegik.

Zazpi Katuren garrantzia

2007. urtean okupatu zuten egungo gaztetxea hartzen duen eraikina, baina Arostegik adierazi du gaztetxea «oso beharrezkoa» dela oraindik. «Alde zaharra turistifikazio prozesu handi batean murgilduta dago, eta Zazpi Katuren pareko lekuak beharrezkoak dira. Gazte mugimenduak bere lekua izan behar du», esan du gaztetxeko kideak. Arostegiren ustez, horrelako proiektuek «bizitza» ematen diete Zazpikaleei, eta «gizarte eragile askoren etxe» bilakatu da jada Zazpi Katu. «Ez bakarrik aste honetan, astebururo eta aste barruan ere askotariko jarduerak izaten ditugu. Ez soilik gaztetxeak antolatuak, baita bertako beste eragile askok prestatuak ere», gehitu du Arostegik. «Jendea animatu nahi dugu gaztetxera etor dadin aste honetan, gure proiektua ezagutzera eta denen artean Zazpi Katuri jarraipena ematera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.